METREX sare europarrak Gipuzkoako mugikortasun iraunkorreko eta integratuko eredua aztertzen du Donostian
METREX sare europarrak Gipuzkoako mugikortasun iraunkorreko eta integratuko eredua aztertzen du Donostian
METREX sare europarrak Gipuzkoako mugikortasun iraunkorreko eta integratuko eredua aztertzen du Donostian
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak ingurune metropolitarretan mugikortasun iraunkorrari buruzko METREX Sarearen Batzar Europarra antolatzen du. Batzarra Donostian egingo da ekainaren 6tik 8ra.
Gipuzkoako mugikortasun iraunkorreko eta garraio publiko bateratuko eta integratuko eredua izango da Donostian ekainaren 6tik 8ra egingo den METREX Sarearen Batzarrean aztertuko den gaietako bat. Batzarra Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak antolatuko du, Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuarekin eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzarekin batera.
METREX sarean sartuta dauden –Gipuzkoako Foru Aldundia bertako kide da— Europa osoko eremu metropolitarretako ehun arduradunek, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Tabakaleran egingo diren jardunaldi hauetan honako gai hau aztertuko dute: Mugikortasun iraunkorraren eta hirigintza- eta ingurumen-plangintzaren erronkak Europako ingurune metropolitarretan. Horretarako, garraio publikoa sustatzeari, lurralde-iraunkortasunari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari buruzko esperientziak, gogoetak eta politikak trukatuko dituzte.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak, Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren sailburuorde Arantza Leturiondok azalduko dituzte Gipuzkoako Foru Aldundia zein Eusko Jaurlaritza arlo horietan sustatzen ari diren jarduketa-ildoak eta estrategiak ordezkari europarren aurrean.
Marisol Garmendiak azpimarratu duen bezala “ingurune metropolitarretako mugikortasun iraunkorrari buruzko Metrex sarearen batzar honetan, garraio publikoko MUGI sisteman —tarifa bateratuak, integratuak eta deskontu mailakatuak barne hartutako garraio-modu guztietan— oinarritutako mugikortasun iraunkorreko eta integratuko eredu gipuzkoarra azaltzeko aukera izango dugu. Interesgarria gerta daiteke gure bazkide europarrentzat. Eta, adibidez, Europako Iparraldeko herrialdeetako hiri eta eskualde asko bizikletaren erabilera sustatzeko mugikortasun iraunkorraren eta osasungarriaren arloan egiten ari diren lanaz ikasten jarraitzeko asko dugu oraindik hemen. Oso jardunaldi aberasgarriak izango dira, gure lurraldeen garapen iraunkorraren alde apustu komunak egiteko eta erronkak trukatzeko”.
Bere aldetik, José Ignacio Asensio Ingurumeneko Diputatuak azaldu du Gipuzkoak ‘GK 2050’ Klima Aldaketari aurre egiteko estrategia dagoeneko onartu duela. “Tokiko akzioa ezinbestekoa da Klima Aldaketari aurre egiteko. Azken urte honetan Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Zuzendaritzekin lanean ibili gara Klima Aldaketaren aldagarria gure lurraldearen etorkizuneko antolaketa ikuspuntutik kontuan hartzeko eta mugikortasun jasangarrirantz aurrera egiteko mugikortasun plangintzak garatuz”.
Gipuzkoan, garraioaren sektorea emisioen %32aren arduraduna da, pertsonako 2,02 tona isurtzen dira. Iaz lurraldeko desplazamendu guztien heren bat lanagatik egin zen, desplazamenduen %20,9a aisialdiagatik, %18,7a ikasketengatik, %12,3a kudeaketa propioengatik, %7,8a erosketengatik eta %3,7a beste arrazoiengatik. “Datu hauek geroz eta beharrezkoagoa egiten dute mugikortasun jasangarriaren sustapena. Neurri zuzentzaileak mugikortasunean ezarrita, mugikortasun jasangarrirako trantsizioan laguntzen dute eta baita karbono gutxiko emisioetan ere”, adierazi du Asensiok.
METREX nazioarteko sare bat da, eta Europan eskualdeko edo eremu metropolitarreko espazioa planifikatzeaz eta garatzeaz arduratzen diren erakunde politikoak, lurralde-mailakoak, publikoak edo pribatuak biltzen ditu. Sarearen helburua da Europan maila metropolitarrean eta eskualde-mailan espazioa planifikatzen eta garatzen informazioa, ezagutzak eta esperientziak eskaintzea, eta, besteak beste, Amsterdam, Helsinki, Stockholm eta Stuttgart bezala hura osatzen duten eremuak garatzen elkarlanean jarduteko nazioz gaindiko elkarren arteko konexioa eskaintzea.
Ezagutza eta esperientzia horiek partekatzeko Europa osoan urtean bi batzar egiten ditu METREXek, eta aurtengo udaberrian Donostiara iritsi dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik.
Jardunaldi hauetan azalduko dira Gipuzkoan eta Espainiako eta Europako hainbat lekutan esparru honetan arrakastaz burutzen ari diren plangintzako eta garapeneko hainbat esperientzia.
Ernesto Gasco Donostiako alkateordeak mugikortasunak ekonomia iraunkor bati egiten dion ekarpenaz hitz egingo du. Bestalde, Arantza Leturiondo Lurralde Plangintzaren sailburuordeak azalduko ditu orain aztertzen ari diren Lurralde Plangintzako Zuzentarauetan mugikortasunaren inguruan planteatzen ari diren ildo nagusiak.
Lantaldetan banatuta, Europako iparraldeko sarearen kasua ere aztertuko da. Universitat Politécnica de Catalunya-ko Manel Villalantek garraio publiko integratu baten onurei buruz hitz egingo du; eta Alberto Leboreiro Madrilgo Komunitateko eskualde-mailako plangintzako zuzendariak gizarte-kohesio hobea lortzeko bere mugikortasun-plana azalduko du.
Nicola Schelling Metrex-eko presidenteak mugikortasun iraunkorrean egindako aurrerapenek dakartzaten onurei buruz hitz egingo du. Bestalde, Birmingham-eko Sandeep Shingadia-k eta Stuttgart-eko Thomas Kiwitt-ek mugikortasunaren, ekonomiaren eta enpleguaren arteko erlazioa azalduko dute. Reading-eko Unibertsitateko Claudia Murray-k, berriz, Latinoamerikan mugikortasun iraunkorreko kideen kasua aztertuko du.
Era berean, Osloko Peter Austin-ek, Goteborgeko Per Kristersson-ek eta Pole Metropolitano Lyon-St. Etienne-Vienako Agnes Gouz-ek zuzenduko dituzten tailerrak egingo dira.
Tabakaleran egingo diren solasaldiez eta tailerrez gain, Gipuzkoako hainbat leku bisitatuko dira, bertatik bertara gure lurraldeko garraio publikoko eta iraunkorreko eredua ezagutzeko. Bertan barne hartuko dira Donostiako erdialdea, Irun eta bere mugaz gaindiko mugikortasun-eredua, eta Deba. Hemen, bisitariek Kosta System-en funtzionamendua ezagutuko dute. Sistema horrek kostaldeko esparruan ematen den klima-aldaketaren ondorioak neurtzen ditu.
1993