Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour MUGI autosalmentako makinetan eta Renfeko txarteldegietan karga daiteke

MUGI autosalmentako makinetan eta Renfeko txarteldegietan karga daiteke

Abendu honetatik, erabiltzaileek MUGI txartela Renfeko geltoki guztietan kargatzeko aukera dute, bai txarteldegietan, bai bidaia-tituluak saltzeko makinetan. Rafaela Romero GGLAko lehendakaria: «Erabiltzaileen % 70ek baino gehiagok aldizka erabiltzen dute MUGI txartela Renfen, eta datuek erakusten dute ezen, Renferen abonuen doakotasun-aldi honetan, MUGI txartelaren erabileraren eskaria % 30en mantendu dela. Horrek erakusten digu zer beharrezkoa den zerbitzu hori garraiobide publikoak konbinatu behar dituzten pertsona horientzat guztientzat, hartara txartelarekin deskontuak eta doako transbordoak batzen jarraitzeko».

2022/12/12
Renfe MUGI recargar 2022

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) eta Renfe Aldirietakoek beste urrats bat eman dute MUGI sistemaren erabiltzaile-esperientzia hobetzeko, eta abendu honetatik aurrera MUGI txartela kargatu ahal izango da Renfeko Gipuzkoako aldirietako geltoki guztietan, autosalmentako makinetan eta txarteldegietan.

Donostiako Renferen geltokian egindako ekitaldi batean, Rafaela Romero Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako lehendakariak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, eta Txema Riñón eta Julián Padierna Renfe Aldirietako arduradunek MUGI sistemaren zerbitzu berria abian jartzea ofizialdu dute.

Mugarri hori, Rafaela Romero Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren lehendakariaren hitzetan, «beste urrats bat da MUGI zerbitzuak fronte guztietan hobetzeko bidean. Zerbitzu horiek gero eta digitalagoak dira, sozialki bidezkoagoak izateaz gain, eta pertsona guztientzat, non bizi diren gorabehera, mugikortasun jasangarri eta eskuragarri bat sustatzen dute. Erabiltzaileekiko elkarguneak hobetu nahi ditugu, haien egunerokoa errazteko; izan ere, garraio publikoak ez du mugarik, eta ahalik eta gehien erraztu behar dira herritarrek garraio publikoak modu integratuan erabiltzeko baldintzak».

Era berean, Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren lehendakariak eskerrak eman dizkio Renferi etengabe laguntzagatik trenbide-konpainia MUGI sisteman hobeto integratzen.

Txema Riñón Renfe Aldirietako Euskal Autonomia Erkidegoko Donostiako Guneko lineaburuak esan du: «MUGI txarteldegietan eta autosalmentako makinetan kargatzeak berekin dakar Renferen eta MUGIren artean dugun hitzarmenaren zirkulua ixtea, eta gure bezeroei aukera ematen die MUGI txartela geltokietako 14 txarteldegitan eta autosalmentako 53 makinatan kargatzeko, Irun eta Brinkola arteko linean zehar. Aurrerapen hori aspalditik jarri nahi genuen abian, eta, azkenean, errealitate bat da».

2012tik aurrera, MUGI sistema martxan jarri zenetik, MUGI txartela erabil daiteke Renfeko aldirietako zerbitzuen txartelak erosteko. 2019ko apiriletik aurrera, Renferen aldirietako zerbitzuak MUGI sisteman erabat integratuta, operadore horren txartelaren erabilera pixkanaka hazten hasi zen, harik eta erabiltzaileek egindako ordainketen % 70 izan arte.

Nahiz eta Renfe Aldirietako abonuak doakoak izan prezioak murrizteko ezohiko neurriak hartu diren hilabeteetan (irailetik abendura, lehen fasean), MUGIren erabilera % 30era iritsi da operadore horretan, eta frogatu da mugikortasun-premia handiena duten erabiltzaileei interesatzen zaiela sareko tarifazio bat, erabileraren araberako transbordoak eta deskontuak errazten dituena.

Urrats berri horrek integrazio-prozesua osatzen du, ez bakarrik txartelen balidazioari dagokionez, baita txartelak kargatzeari dagokionez ere; izan ere, orain arte funtzio hori falta zen Gipuzkoako titulu bakarraren sisteman integratzeko.

Etorkizun hurbilari begira, Gipuzkoako Garraio Agintaritza eta Renfe lanean ari dira trenbide-konpainia sistemaren digitalizazio osoaren parte ere izan dadin, MUGI BIRTUALA txartela pixkanaka Renfeko aldirietako sarean erabili ahal izateko.

Karga erraz bat

Abendu honetatik aurrera, Renferen erabiltzaileak beren MUGI txartelarekin hurbildu ahal izango dira autosalmenta-makinetara txartelaren saldoa handitzeko, MUGI kargatzeko aukera hautatu ahal izango dute, eta hura irakurgunera hurbilduz, eskudirutan edo kreditu-txartelarekin ordaintzeko formularen artean aukeratu ahal izango dute. Nahiago dutenek zuzenean egin ahal izango dute kudeaketa txarteldegian, autosalmentako makinetatik igaro gabe.

  

6709