Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Mugikortasun autonomoko proiektu aitzindaria abiarazi du Gipuzkoak, herri txikietako garraio alternatibak eraldatzea helburu

Mugikortasun autonomoko proiektu aitzindaria abiarazi du Gipuzkoak, herri txikietako garraio alternatibak eraldatzea helburu

Europa mailan berezia izango den ekimena aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, ibilgailu autonomo eta jasangarri baten bidez landa inguruneko biztanleen mugikortasuna hobetzea ahalbidetuko duena. · Proiektu pilotuaren lehen fase honetan, aztertuko dira Abaltzisketa eta Amezketa arteko errepide tartea, nahiz Zerain eta Segura artekoa.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak LandaGO mugikortasun autonomoko eredu aurreratua garatzeko proiektua aurkeztu du gaur goizean Abaltzisketan. Ibilgailu jasangarria eta autonomoa izango da, proba pilotu fasean dagoena, eta datozen hilabeteetan ibiliko dena frogatuko den udalerrien artean. Helburu argia du egitasmo honek: Gipuzkoako landa inguruneko guneetako mugikortasuna eraldatzea, garraio publikoko sistemaren osagarri gisa, herri horietan bizi diren herritarren beharrak asetzeko.

Esperientzia pilotuaren lehen fasea azaroan jarriko da martxan, eta lehen probak egiteko Abaltzisketa eta Amezketa arteko bidea hautatu da. Gipuzkoako landa inguruneko ohiko erronkak irudikatzen dituen eremua da, kontuan izanda bertako maldak, bihurgune itxiak eta baldintza aldakorrak. Baldintza horiek ahalbidetuko dute ingurune konplexu batean teknologiaren bideragarritasuna ebaluatzea eta etorkizuneko ezarpenetarako datu kritikoak ateratzea. Bi udalerri horietako biztanleek prototipoa frogatu ahal izango dute 2025eko martxotik abuztura bitartean ezarriko diren proba egunetan, esperimentazio fase honen zati gisa, beren iritziak partekatu ditzaten eta, horrela, ibilgailua etorkizuneko erabiltzaileen beharretara egokitu dadin.

Eider Mendoza diputatu nagusiak ekimenaren aurkezpenean parte hartu du eta bertan izan dira, baita ere, Xabier Arruti eta Ane Insausti, Lurralde Oreka Berdeko eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuak; Jon Zubizarreta, Abaltzisketako alkatea; Iñaki Aizpurua, proiektuaren koordinatzailea; Oihana Otaegi, Vicomtecheko Garraio eta Segurtasun dibisioko zuzendaria; Sara Ahetze Puignau, BCCAMeko zuzendari teknikoa; eta Aitziber Larumbe, Eurogapeko bazkide zuzendaria.

Mendozak bere hitzaldian nabarmendu duenez, Europa mailan “mugikortasun autonomoan aitzindaria” den proiektua izango da eta “udalerri txikietako garraio aukerak eraldatzea” du helburu, udalerri horietan bizi diren herritarren ongizate sozial eta ekonomikoa hobetzeko balioko duen “zerbitzu berritzaile” bat garatuz. Horrela, Mendozak azpimarratu duenez, “Gipuzkoaren etorkizunean pentsatzen dugunean, lurralde orekatua izatea nahi dugu, udalerri txiki bizi eta dinamikoa ardatz hartuta, non zerbitzu berritzaileak eta bizitzeko eta lan egiteko aukera berriak” sortuko diren. “Horretarako, besteak beste, funtsezkoa da landa inguruneko biztanleek hiriguneetan bizi diren pertsonen aukera berberak izatea mugikortasunari eta zerbitzuei dagokienez”, gehitu du. Ildo horretan, gaineratu duenez, gaur aurkeztutako bezalako ekimenen bidez, “herritarren beharrizanetan oinarritutako mugikortasun jasangarriko sistema bat garatzea” bultzatzeko konpromisoa hartu du, gisa horretan “lurraldearen kohesioa” indartuz.

Lurralde Oreka Berdeko departamentua eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako departamentuak dira LandaGO ekimenaren sustatzaileak. Izaera publiko-pribatua du proiektu honek eta, gainera, Eusko Jaurlaritzaren laguntza du, Segurtasun Sailaren bitartez, MUBIL Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriko Poloaren Vicomtech-en, BasqueCCAMen eta Eurogap-en partaidetzaz gain. Aliantza hori esker, landa mugikortasuna hobetzeaz gain, Gipuzkoa teknologia autonomoan eta mugikortasun jasangarrian erreferente gisa sendotu nahi da, garraio adimentsuagoa, seguruagoa eta eskuragarriagoa sustatzen duten proiektuen abangoardian jarriz.

Ildo horretan, Mendozak gogorarazi du Gipuzkoa aspalditik ari dela lanean mugikortasun jasangarriaren alorrean Europako erreferenteetako bat izateko helburuarekin. Horretarako, ekimen estrategikoak aktibatu dira, hala nola MUBIL eta Gipuzkoa Living Lab estrategia, azken hori errepide adimendunak, konektatuak eta jasangarriak bertatik bertara esperimentatzeko tresna. Hala, ondorioztatu du landa-inguruneko mugikortasun autonomo eta jasangarriaren ekimena “lehen mailako mugarri berria” izango dela ibilbide horretan.

Bere aldetik, Abaltzisketako alkateak, Jon Zubizarretak, proiektu honen garrantzia azpimarratu du, bere herria bezala landa-ingurunean kokatutako udalerri txikiek ere abangoardiako irtenbide teknologikoak izan eta gozatu ahal izan ditzaten, herritarren ongizateari lagunduko dion zerbitzua emateko, hiri-inguruneetan egiten den bezala. “Askotan, teknologia eta berrikuntza landa-ingurunera hurbiltzeaz hitz egiten dute erakundeek, gure udalerri txikiak babesteaz, baina hori frogatu egin behar da, eta, ildo horretan, ekimen hau borondate honen erakusgarri da, izan ere mugikortasun sistema honek herritarrak gainerako udalerriekin konektatzeaz gain, gure herri txikiak bizirik mantentzen lagunduko duelakoan gaude”.

Hurrengo pausoak

Lehen fase honetan egingo den lehen proba pilotuaren ondoren, Zerain eta Segura artean beste proba bat egingo da 2025eko abuztutik abendura bitartean. Bigarren proba honetan, Abaltzisketa eta Amezketa arteko tartean ikasitakoak aplikatuko dira, eta datu gehiago bilduko dira gidatzeko erronka handiagoak dituen ingurune batean. Urrats hori errepikatu egingo da ibilbide berri bakoitzean, zerbitzua tokian tokiko beharretara egokitzeko eta fase bakoitzean eredua optimizatzeko.

Proiektuaren egutegiari jarraituz, aurreikusten da 2025ko abuztuaren erdialdetik 2026ko amaierara arte beharrezko azpiegiturak eta baldintzak garatu eta prestatu ahal izango direla eta 2026ko erdialdetik aurrera Abaltzisketa eta Amezketa eta Zerain eta Segura tarteen artean ibilgailu elektriko autonomo bat ezarri eta jarduteko lehen probak egin ahal izango direla.

Ondoren, proiektu hori zabaltzeko eta enpresekin lankidetzan jarraitzeko lanean jarraituko da, 2030ean Gipuzkoan landa mugikortasun autonomoko eta iraunkorreko eredu bat eduki ahal izateko.

  

458