Mugikortasun Iraunkorraren Astean, Lurraldebusek bere autobus hibridoak errotulatuko ditu eta Gipuzkoako bidegorrien mapa eguneratua argitaratuko da
Mugikortasun Iraunkorraren Astean, Lurraldebusek bere autobus hibridoak errotulatuko ditu eta Gipuzkoako bidegorrien mapa eguneratua argitaratuko da
Mugikortasun Iraunkorraren Astean, Lurraldebusek bere autobus hibridoak errotulatuko ditu eta Gipuzkoako bidegorrien mapa eguneratua argitaratuko da
Aste honetan aurreikusitako ekitaldien barruan, Andoaindik abiatuko da herri honen eta Plazaola Natur Bidearen arteko bizikleta elektrikoen irteera bat. Horretaz gain, mugikortasun iraunkorra bultzatzeko haurrentzako jolasak antolatu dira.
Rafaela Romero sozialista buru duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak, Europako Mugikortasun Iraunkorreko Astearen barruan, ingurumenarekiko garraio publiko iraunkorra lortzeko bere apustu estrategikoa indartzen du, eta Lurraldebuseko flota berritzeko eta diesel-ibilgailuen ordez autobus hibridoak jartzeko asmoarekin jarraitzen du. Berritze-lan hori 2018an hasi zen, bi diesel-autobus erretiratu eta horien ordez bi ibilgailu hibrido ipini genituenean. Era horretan, flota pixkanaka berritzen hasi ginen. Aldaketa hori ibilbide luzeko lineetan ez beste, konpainiaren gainerako linea guztietan egingo da. Une honetan Lurraldebusen 10 autobus hibrido daude, flotaren % 5 inguru, beraz. Aurten 22 autobus hibrido berri eskatu dira, eta 2020an hasiko dira erabiltzen.
Romero diputatuak adierazi duen bezala, “helburua da, 2030. urtean, Lurraldebuseko flotaren % 65 gutxienez mota honetako ibilgailuz osatua egotea. Gipuzkoan garraioa da berotegi-efektuko gas-emisioen bigarren iturria —mota horretako emisioen ia % 40—. Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuaren helburu estrategikoetako bat da ingurumenarekiko garraio publiko iraunkorragoa sustatzea. Hori lortzen da eguneroko joan-etorriak egiteko garraio publikoaren erabilera sustatuz. Horretan ari gara buru-belarri lanean, gero eta gipuzkoar gehiagok euren autoa etxean utzi eta garraio publikoa erabil dezaten lortzeko”.
Aste honetan, Lurraldebusen flotako autobus hibridoek garraio iraunkorraren erabilera sustatzeko errotulazioa eramango dute, garraio publikoaren erabilerak duen garrantzia herritarrei helarazteko asmoz.
Bidegorrien mapa berria
Gainera, aste honetan Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak Gipuzkoako foru-bidegorrien mapa eguneratua kaleratuko du. Orain argitaratzen den mapa herritarren artean arrakasta handia izan zuen 2015ean editatutakoaren eguneratze bat da. Bertan, gaur egun Gipuzkoan dagoen bidegorrien —Aldundiaren zein udalen titulartasunekoak— sarea biltzen da. Bertan bidegorri berriak sartu ditugu, adibidez, aurten inauguratutako Amutekoa, Txikierdikoa edo Lezokoa.
Material plastikoz egindako formatu erabilgarri batean editatuko dira, urak eta erabilerak eragindako kalteak murrizteko. Turismo-bulegoen eta beste ekipamendu publiko batzuen bitartez banatuko dira. Halaber, gipuzkoabizikletaz.eus webgunean deskargatu ahal izango da.
Argitalpen horretan Gipuzkoako bizikleta-bideen sarearen egungo egoeraren berri ematen da. Bidegorriz osatutako 353 km zabalik daude; horietatik 126 kilometroren titularra Aldundia da eta 227 kilometrorena udalak. 2015ean baino 53 kilometro gehiago. Bidegorri gisa erabiltzeko beste 253 km eraikitzea aurreikusita dago; horietako 168 kilometro Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez eraikiko dira eta 85 kilometro udalen ekimenez. Hortaz, lan horiek amaitu ondoren, Gipuzkoak 606 km izango lituzke bidegorritan.
Bizikleta-festa Andoainen
Mugikortasun Iraunkorreko Astearen barruan aurreikusitako ekintzen eta ekitaldien barruan, Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak Andoaingo Udalarekin elkarlanean dihardu bizikletaren festa antolatzen. Festa bihar egingo da 17:00etatik 19:00ak arte. Ekitaldien artean, herriko erdigunearen eta Plazaolako Natur Bidearen arteko ibilbidea bizikleta elektrikoz egiteko irteera antolatu dute, bizikleta elektrikoak herritarrengana hurbiltzeko eta mugikortasun iraunkorreko beste aukera batzuk ezagutzera emateko asmoz.
Material iraunkorrez eta berrerabilgarriz osatutako egitura batean, haurrentzako jokoak eta mugikortasun iraunkorreko zirkuitu bat ere antolatuko dira. Egitura horrek hainbat modalitate praktikatzeko aukera emango du: patineteak, patinak edo bizikletak. Jarduera horren bidez, haurrei hiri-mugikortasuneko ibilgailuak ezagutzera ematea eta hauekin jolasteko aukera ematea bilatzen da.
2035