Mugikortasun jasangarriari lotutako industriaren etorkizuna ikusgai izango da gaurtik aurrera Ficoban
Mugikortasun jasangarriari lotutako industriaren etorkizuna ikusgai izango da gaurtik aurrera Ficoban
Mugikortasun jasangarriari lotutako industriaren etorkizuna ikusgai izango da gaurtik aurrera Ficoban
Sektore honetan Europa Hegoaldean egiten den azoka profesional nagusia ireki dute Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumeneko sailburuak; mugikortasun berriaren balio kate osoa elkartu da bertan
Gaur goizean ireki ditu ateak Ficoban MUBIL Mobility Expok, mugikortasun jasangarriaren alorrean Europa Hegoaldean egiten den industria azoka garrantzitsuenak, etorkizuneko mugikortasunerako joera markatzen duten azken berrikuntzekin, aurrerapen teknologikoekin eta enpresa-proiektuekin. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumeneko sailburuak, Arantxa Tapiak, inauguratu dute hitzordu profesional honen laugarren edizioa. Bertan, mugikortasun jasangarriaren balio kate osoa ordezkatzen duten 105 enpresa, elkarte eta erakunde batu dira: automobilgintzako enpresak, ekipamendu elektrikoa, bateria fabrikatzaileak, energia hornitzaileak –elektrikoa, oil, gasa eta hidrogenoa–, azpiegitura eta sare enpresak, zerbitzu integratzaileak, konektibitatea, adimen artifiziala eta Big Data, erakunde publikoak eta flota operadoreak.
"Azoka hau, erreferentziazko hitzordu eta lehen mailako erakusleiho gisa, sendotzen ari da. Gure lurraldeko eta herriko mugikortasun jasangarriaren ekosistema osoa sendotzen ari den bezala, gero eta dinamismo eta berrikuntzarako gaitasun handiagoarekin. MUBIL Mobility Expo azokara etortzen diren profesionalek eta bertara hurbiltzen diren pertsona guztiek merkatuko produktu eta zerbitzu aurreratuenak ezagutu ahal izango dituzte. Etorkizuneko mugikortasuna nolakoa izango den ikusi ahal izango dute in situ, jasangarritasunera, konektibitatera eta gidatze autonomorantzako eraldatzea azkar gauzatzen ari baita", adierazi du diputatu nagusiak.
Mendozak gogorarazi duenez, Gipuzkoak mugikortasun iraunkorrarekin lotutako industriaren garapenerako ibilbide-orri "partekatua eta kolaboratiboa" du abian, eta hori MUBILen bidez gauzatzen ari da, gisa horretan "lehen mailako bi erronkari" aurre eginez. Lehenik eta behin, "ekonomia berria eta lanpostu berriak" sustatzea "potentzial handiko" sektore batean, non lurraldeak erreferentziazko enpresak eta zentro teknologikoak dituen. Bigarrenik, klima-aldaketaren aurkako borroka, kontuan hartuta garraioaren emisioak EAEko berotegi-efektuko gas guztien %37 direla. "MUBIL Mobility Expon ikus ditzakegun enpresak, soluzioak eta ibilgailuak eraldaketa horren aitzindari dira eta Gipuzkoako industria aurrera egiten ari da. Azoka honek eragin biderkatzailea du, eta lankidetza, berrikuntza eta garapen industriala bultzatzen ditu mugikortasun berrian aurrera egiteko bidean", gaineratu du.
MUBIL zentroa, errealitatea aurten
Gipuzkoako diputatu nagusiak gogorarazi duenez, Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan sustatutako MUBIL zentroaren obrak azken fasean sartu dira, eta behin betiko egoitzak aurten bertan irekiko ditu ateak. Europan “top mailako azpiegitura” bat izango da, mugikortasun jasangarriaren alde egiten duten enpresa, zentro teknologiko, unibertsitate eta gizarte eragile guztientzat "motor eta elkargune" bilakatuko dena. MUBILen egoitzak ia 10.000 metro koadroko espazioa izango du, eta hiru laborategi nagusi izango ditu etorkizuneko ibilgailu arin eta astunen osagai kritikoak probatzeko –energia biltegiratzea, Power Train eta hidrogenozko erregai pila– eta soluzio eta prototipo berriak garatzeko.
"Hemen arnasten den ilusio honek erakusten ditugu MUBILen inguruan sortutako lankidetza eta energia positibo guztia; erakusten digu Gipuzkoan eta Euskadin zer nolako determinazio eta anbizioz ari garen lanean mugikortasun jasangarrian aurrera egiteko. Aurrerabide hori funtsezkoa izango baita, etorkizunera begira, lurralde gisa dugun ongizatea bermatzeko", laburbildu du Mendozak.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumeneko sailburuak mugikortasunaren industriak “garapen iraunkorrarekin, ingurumenarekin eta enpleguarekin duen inplikazioa” azpimarratu du. “Euskadin berriki onartu den trantsizio energetikoari eta klima-aldaketari buruzko legean, 2050 baino lehen emisioetan neutroa izango den Euskadi garbia izateko konpromisoa hartzen dugu. Mugikortasuna izanik berotegi efektuko gasen isurketen jarduera kutsagarrienetako bat, egun hauetan Ficoban ikusiko dugun industria berriaren garrantzia areagotu egingo da”, azaldu du.
Mugikortasunaren “hitzordu handi” hau antolatzen duen MUBIL zentroaz gain, erakundeek, enpresek eta zentro teknologikoek Euskadin partekatzen dituzten hainbat ekimen nabarmendu ditu, “abangoardiako” ekimenak, guztiak ere. BasqueCCAM-lab elkartea, Mugikortasun Konektatu, Kooperatibo eta Autonomorako teknologiak eta soluzioak sustatzen dituena; Basquevolt, Araban kokatua eta egoera solidoan diren litiozko bateriak ekoiztuko ditu Euskadin garatutako teknologia erabiliz; BAMP, automobilgintzako ikerketa-zentroa, Eusko Jaurlaritzak bultzatu duena, Mercedes, Gestamp eta Mondragon Taldearekin batera. “Ezin dugu alde batera utzi Mercedesek Euskadin iragarri duen mila milioiko inbertsioa furgoneta elektrikoak fabrikatzeko, eta mugikortasun kolektiboaz ari garela, Irizar eta CAF nabarmendu behar dira, etorkizuneko mugikortasunaren aldeko apustu berritzailearen adibide gisa”, gehitu du.
“Potentzial handiko industria dugu. Automobilgintzak eta bere industria osagarriak soilik 300 enpresa ditu; 20.000 milioi euro baino gehiago fakturatzen ditu eta 120.000 pertsona baino gehiagori ematen die lana maila globalean; horietatik 40.000 Euskadin ari dira lanean. Horri bi enplegatzaile nagusiak gehitzen badizkiogu, hala nola Mercedes eta CAF –trenak eta tranbiak eraikitzean–, mugikortasunaren industria osoak zer suposatzen duen eta industria hitzordu horrek zer garrantzi duen ikusiko dugu”, nabarmendu du sailburuak.
Mendoza eta Tapiarekin batera, irekieran eta ondorengo erakunde bisitan parte hartu dute Ane Insaustik, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuak, eta Mikel Amundarainek, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak.
Stand-en %100 beteta, MUBIL Mobility Expok gaur eta bihar hartuko ditu mugikortasun jasangarri eta adimendunaren balio-kate osoko enpresak, erakusketariekin harreman komertzialak ezarri nahi dituzten erosle handiak eta, baita ere, mugikortasunaren inguruko ezagutza eta esperientziak partekatzeko gune bat. Enpresa horien jatorri geografikoari dagokionez, aipatzekoa da erakusketarien %37 Euskal Autonomia Erkidegokoak direla, %50 Estatukoak, batez ere Madrilgoak (%15) eta Bartzelonakoak (%11), eta gainerako % 13, berriz, Frantziakoak, Alemaniakoak, Esloveniakoak eta Herbehereetakoak.
Igor Villarrealek, MUBILeko zuzendari nagusiak, adierazi duenez, MUBIL Mobility Expo “topagune” garrantzitsua da, “erosle handiek erakusketariekin merkataritza-harremanak izateko” nahiz “mugikortasunaren inguruko ezagutza eta esperientziak partekatzeko”. “Espazio fisiko honetan gauzatzen dira erlazio komertzialak, aztertzen da proiektu berrien bilakaera, eragiten da pertsonen arteko kontaktua. Mundu konektatu honetan, elkarrekin egotea balio erantsi bat da, pertsonen arteko harremanetan eta gertutasunean sortzen direlako aukera handienak. Erakusketarien eta hizlarien kalitateagatik, nahiz espero ditugun bisitari kopuruagatik oso edizio arrakastatsua izatea espero dugu”, aurreikusi du.
Izan ere, 2.000 pertsona baino gehiago elkartuko dira Ficoban egun hauetan, besteak beste, bisitarien, operadore ordezkarien, erosleen, hirietako eta enpresetako erabakitzaileen eta negozio aukera berrien bila dabiltzan zerbitzu hornitzaileen artean. Aurreko edizioetan bezala, MUBIL Mobility Expok bisitari espezializatuak bertaratzea sustatu du, mugikortasun jasangarriko produktu eta zerbitzuetan inbertitzeko gaitasuna eta aurreikuspena dutenak (enpresa pribatuak nahiz publikoak), Hosted Buyers programa bat antolatuta. 29 Hosted Buyer izango dira, hain zuzen ere, Espainiako zenbait udal, garraio operadore pribatu, eta Eslovenia, Uruguai, Frantzia eta Italiatik etorritako erosle potentzialak.
Conference Area
Conference Arean, berriz, hasierako konferentzia Francisca Rubiok eskaini du, puri-purian dagoen gai bat landuz: data open spaces direlakoak. Francisca Rubio I+G+b-ko aditua da, eta GAIA X proiektuaren Estatu mailako zuzendaria da. Hogei urtetik gorako eskarmentua du, batik bat energian, argiztapenean eta eraikin adimendunetan, eta orain mugikortasunari aplikatutako datuetan jarri du arreta.
Horrez gain, zortzi mahai-inguru programatu dira, mugikortasun jasangarriaren bilakaerarekin lotutako askotariko gaiak lantzeko, hala nola bateriak, birkargatzeko azpiegiturak, garraio multimodala, ibilgailu autonomoa, mugikortasun jasangarrirako zerbitzu eta azpiegitura adimendunak, mugikortasun partekatua eta hidrogenoa.
Bestalde, azokaren bi egunetan hainbat konferentzia egingo dira, Fast Interview izenekoak, epaimahai batek enpresa erakusketarien proposamen artean hautaketa egin ostean. Foro horretan landuko diren gaien artean daude, besteak beste, automobilgintzaren sektoreko joerak eta ibilgailuak elektrifikatzeko teknologiak; Medusa, ibilgailu elektrikoak kargatzeko soluzio jasangarri eta aitzindaria; trenaren zerbitzu publikoko obligazioak eta emakida intermodalen mapak 2028an deszentralizatzeko aukera historikoa; eta Kaindar, Euskadiko portuetarako lehen smart grid-a.
Test Drive, ibilgailuen erakustaldiak eta gidatzeko aukera
Test Drive eremua MUBIL Mobility Exporen eremu praktikoena da, bestalde. Produktuak eta zerbitzuak ezagutzeko erakusmahaiak bisitatzeaz eta konferentzietara joateaz gain, bisitariek aukera izango dute askotariko ibilgailu elektrikoak gidatzeko sentsazioa zuzenean bizitzeko (autoak, scooterrak edo autobusak), edota erakustaldi batzuk ikusteko.
Bilera sektorial paraleloak
Laugarren edizio honetan, MUBIL Mobility Expok eztabaidagune sektorialen aldeko proposamena indartu du, benetako arazoei buruz hitz eginda elkarrizketarako espazioak sortzeko. Horrela, gaurkoan zenbait bilera sektorial egingo dituzte hainbat erakundek: AEDIVE (mugikortasun elektrikoa garatu eta sustatzeko enpresa-elkartea); Direbús (errepide bidezko garraio-zerbitzu publiko diskrezional eta erregularren sektoreko ETEen enpresa-elkartea); azken miliako garraioaren bilera sektoriala, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak eta MUBILek koordinatuta, Donostia, Bilbo eta Gasteizko udalen parte hartzearekin; eta Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterraren batzar orokorra. Bihar, berriz, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen txanda izango da, BH2Cren garraioko erabileraren bertikalaren III. topaketa egingo baitute.
MUBIL Mobility Expo
MUBIL Mobility Expo, Europako hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren industriaren azoka profesionala, MUBILek bultzatzen du, zeina Euskadiko mugikortasun adimendun eta jasangarriaren HUB bat den, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sortua eta Eusko Jaurlaritzaren eta Energiaren Euskal Erakundearen babesa duena. Xedea du sektore horretan dauden gaitasunak indartzea, haien garapena bultzatzea eta alor horretako enpresa-sareak nazioartean duen lehiakortasuna eta posizionamendua indartzea.
MUBIL Mobility Expo topaketa profesional bat da, garbia, eskuragarria, segurua eta konektatua den mugikortasunaren balio kate osoari zuzendua. Espazio horretan, eragile publiko eta pribatu nagusiak biltzen dira eta, bertan, irtenbide industrialak eta digitalak aurkitzen dira, mugikortasun jasangarriak gaur egun dituen beharrei eta gerora izango dituen erronkei erantzuteko.
2695