Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour MUGIKORTASUNAK ERRESPETUZKO ETA GIZALEGEZKO JOKABIDEA ESKATU DIE LURRALDEBUSEN ERABILTZAILEEI, JOAN DEN ASTEBURUAN AIAKO JAIETAN IZANDAKO ISTILUEN ONDOREN

MUGIKORTASUNAK ERRESPETUZKO ETA GIZALEGEZKO JOKABIDEA ESKATU DIE LURRALDEBUSEN ERABILTZAILEEI, JOAN DEN ASTEBURUAN AIAKO JAIETAN IZANDAKO ISTILUEN ONDOREN

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak garraio publikoaren erabiltzaileen errespetua eta gizalegea une oro mantentzeko beharra azpimarratu nahi du, zerbitzuak behar bezala funtziona dezan. Departamentuak komunikatu bat igorri du joan den larunbat goizaldean Aian, San Donato eta San Lorentzo jaiak ospatzen ari den herrian, izandako gertakarien harira.

2022/08/08
Lurraldebus y fiestas de Aia 2022

Larunbatetik iganderako goizaldean, UK48G Zarautz – Aia – Orio linearen Lurraldebuseko garraioa erabili nahi zuten Aiako udalerrira jende asko joan zenez, konpainiak Ertzaintza bertaratzeko eskatu zuen, badaezpadako neurri gisa. Polizia autonomikoa Lurraldebuseko autobusen geltokiaren inguruan jendetza handia zegoen leku batean segurtasuna bermatzeko asmoz aurkeztu zen.

Han bildutako hainbat pertsona objektuak jaurtitzen hasi ziren bertaratutako ertzainen aurka, zerbitzua eskaintzeko prestatzen ari ziren Lurraldebuseko ibilgailuetara zabaldu ziren jaurtiketak. Jende-oldea ikusita, erabaki zen egoerak ez zituela beharrezko segurtasun-baldintzak betetzen, eta, beraz, goizaldeko 4:25eko zerbitzua eten zen. Hurrengo zerbitzuak, 5:40koak, hiru autobusen presentziarekin, bere zeregina bete ahal izan zuen nahiz eta erabiltzaile batzuengandik zenbait gorabehera isolatu jasan, bizikidetza- eta errespetu-arau minimoak gordetzeko gai izan ez zirenak.

Horregatik, Mugikortasun departamentutik “Lurraldebuseko zerbitzuarekiko eta langileekiko gizalegeari eta errespetuari eustearen” funtsezko alderdia azpimarratzen du. Izan ere, komunikatuak gaineratzen duenez, departamentuarentzat “ez dago aisialdirako eskubiderik mugitzeko dugun funtsezko eskubidea bermatzen dutenen lan-eskubidea errespetatu gabe”.

  

2431