Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Mugikortasunak lizitaziora atera du Lurraldebus zerbitzua Oarsoaldean eta Bidasoan, herritarren beharrei erantzun hobea emateko

Mugikortasunak lizitaziora atera du Lurraldebus zerbitzua Oarsoaldean eta Bidasoan, herritarren beharrei erantzun hobea emateko

Emakida berriak 196,5 milioiko aurrekontua du hamar urterako. Hiru linea berri eskainiko ditu, ibilbide batzuk zuzenduko ditu bikoiztasunak saihesteko eta biztanleriaren segmentu handiago batera iristeko, eta maiztasunak hobetuko ditu erabiltzaileen eskaerei erantzuteko.

2023/11/29
Azahara Dominguez eta Iván Pedreira prentsa aurrekoan

Azahara Domínguez: "Mugikortasun Departamentuan garraio publikoko sistema jasangarri, seguru eta eraginkor baten aldeko apustua egiten dugu, herritarren beharrei erantzungo diena, gipuzkoarrek autobusean alternatiba erosoa eta segurua ikus dezaten eguneroko joan-etorrietarako".

Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Ivan Pedreira Mugikortasuneko zuzendariak asteazken honetan aurkeztu dute Oarsoaldea eta Bidasoa eskualdeetako Lurraldebus zerbitzuaren lizitazio berria.  Emakida berriak aurreko legealdiaren amaieran onartutakoa ordeztuko du, eta hobekuntza garrantzitsuak aurreikusten ditu ematen den zerbitzu publikoan; besteak beste, hiru linea berri, ibilbide batzuen zuzenketak eta maiztasunen hobekuntza.  Flotako ibilgailuen edukiera ere nabarmen handitu da, 3.266 plaza izatetik 5.300 inguru izatera igaro baita. "Oinarrizko zerbitzu publikoei, hala nola garraio publikoari, eragiten dieten gaien inguruko erabakiak beti pertsonen beharretan pentsatuz hartzen dira. Gaur egungo zerbitzuari aurkeztutako alegazio ugarien aurrean, eta gure erabiltzaileen beharrak sakon aztertu ondoren, Foru Aldundiak lizitazio hau abiarazi du, Donostia, Pasaia, Errenteria, Lezo, Oiartzun, Irun eta Hondarribiko herritarrei garraio publikoko zerbitzu hobea eskaintzeko, zazpi herri horiek Gipuzkoako biztanleriaren ia erdia biltzen baitute", nabarmendu du Azahara Dominguez Mugikortasuneko diputatuak.
2023an ia 9,5 milioi bidaia eginda erabiltzaile kopuruan lehena den emakida berriak 196,5 milioi euroko aurrekontua izango du hamar urterako, eta inbertsio horrek eragin zuzena izango du herritar horien bizi-kalitatea hobetzeko.  "Lurraldebus bezalako garraio publiko irisgarri eta kalitatezkoaren bidezko konexioak kohesioa indartzen du, eta, beraz, aukera-berdintasuna, pertsona bakoitzaren bizilekua, ikasketak edo lana edozein izanda ere. MUGIren eta Lurraldebusen arteko uztarketak, lurraldean kapilaritate handia duen garraio publikoko sistema batean, gipuzkoarren eta gure politiken DNAn dauden jasangarritasuneko eta gizarte inklusioko helburuak indartzen ditu", nabarmendu du diputatuak.
Ivan Pedreira Mugikortasun zuzendariak eman ditu ezagutzera emakida berriaren berritasun nagusiak.
• Ordu erdiko gehieneko maiztasuna bermatzen da Bidasoa eta Oarsoaldea eskualdeetako udalerri guztien eta Donostiaren arteko konexioetan.
• Eguneroko konexioak ospitale gunearekin eta Miramongo parke teknologikoarekin, zerbitzuak langileen sarrera- eta irteera-ordutegietara egokituz.
• Errenteria eta Donostia artean dagoen benetako eskaintzaren berrantolaketa, eskariaren % 57 biltzen baitu, lineak koordinatzeko, bidaldiak gainjartzea saihesteko eta igarotze tartea homogeneizatzeko. Gainera, berrantolaketa berriarekin, zerbitzu hobea ematen zaie Beraungo bizilagunei.
• Herritarren eguneko mugikortasuna bermatzeko, eguneko zerbitzua urte osoan zehar luzatzen da, goizeko 5:00-5:30etik gaueko 22:30-22:55era, eta, horrela, beste linea eta garraiobide batzuetara aldatzea errazten da –bai hirigunean, bai Donostiako autobus geltokian–, baita lanpostuetarako, ikastetxeetarako eta abarretarako sarrera-irteerak ere.
• Aurrekoaren ondorioz, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan ia 24 orduko zerbitzua ematea lortzen da, eguneko zerbitzuak gaueko zerbitzuarekin jarraitzen baitu.
• Hondarribiko aireportua eta Donostiako autobus-geltokia zuzenean lotzeko linea berri bat sortu da. Horrela, Hondarribiko lineen ibilbide-denborak hobetuko dira, eta aireportua kanpoko geralekutik artatuko da, linearen abiaburuko geraleku izateari utzita. Gainera, zerbitzu hori ekipajerako egokitutako espazioak dituzten autobus bereziekin eskainiko da, linea horren erabiltzaileen behar espezifikoei erantzunez.

"Mugikortasun Departamentuan garraio publikoko sistema jasangarri, seguru eta eraginkor baten aldeko apustua egiten dugu, herritarren beharrei erantzungo diena, gipuzkoarrek autobusean alternatiba erosoa eta segurua ikus dezaten eguneroko joan-etorrietarako". Horrela, Gipuzkoa ingurumenaren aldetik jasangarriagoa den lurraldea bihurtzen laguntzen dugu, baina baita gizarte-arloan bidezkoagoa ere; izan ere, dagoen eskariari egokitzen zaion eta etorkizuneko beharrei aurrea hartzen dien garraio-sistema izateaz gain, hobari-sistema bat ere badu, gure herrialdean erreferente dena", adierazi du Azahara Domínguezek amaitzeko.

 

  

3946