Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak bat egin du, Lurraldebusen bitartez, Emakundek Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean egingo duen kanpainarekin

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak bat egin du, Lurraldebusen bitartez, Emakundek Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean egingo duen kanpainarekin

Asteazken honetatik aurrera, sentsibilizazio-bideoak emititzen ari dira autobusetan eta geltokietako paneletan. Gainera, autobusek Emakundek egindako kartelak eramango dituzte

2024/11/20
Azahara Domínguez diputatua Lurraldebuseko langileekin eta kolektibo feministekin bildu da

Azahara Domínguez diputatua Lurraldebuseko langileekin eta kolektibo feministekin bildu da


Datorren astelehenean, azaroak 25, Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak bat egin du Lurraldebusen bitartez Emakundek abian jarritako kanpainarekin. Asteazken honetatik aurrera, autobusek sentsibilizazio-bideoak emitituko dituzte linea guztietan, eta geltokietako informazio-paneletan ere erakutsiko dira. Gainera, ibilgailuek Emakundek oraingo honetarako diseinatu dituen kartelak eramango dituzte.
"Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik aurtengo leloarekin bat gatoz: "Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da". Izan ere, uste dugu oso garrantzitsua dela herritar guztiak inplikatzea, gure autobusak indarkeria matxistarik gabeko gune bihur daitezen", adierazi du Azahara Domínguez diputatuak.
Ildo horretan, gogorarazi du bere departamentua Lurraldebusen eraso matxisten aurkako lehen protokoloa prestatzen ari dela. Lan hori autobusen erabiltzaileen eta langileen kolektiboekin egiten ari da, eta udalak, erakunde feministak eta indar polizialak ere ari dira parte hartzen. Datozen hilabeteetan, lan hori errealitate bihurtuko da. Protokolo hori, gainera, ikuspegi integral batetik egiten ari da, autobusen barruan zerbitzua emateaz gain, geltokietako eta haietarako sarbideetako segurtasuna ere kontuan hartuta.

Lurraldebuseko langileekin eta kolektibo feministekin bilera
Hain zuzen ere, protokolo hori lantzen aurrera egiteko, Azahara Dominguez diputatuak Lurraldebuseko gidariekin eta Haurralde GKEko ordezkariekin beste bilera bat egin du, eta emakumeek garraio publikoa erabiltzen dutenean dituzten eguneroko egoerak eta horiei aurrea hartzeko tresna batzuk aztertu ditu. 
“Gipuzkoan gero eta erabiltzaile gehiago ditugu garraio publikoan, eta, horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da gure autobusak emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko guneak direla bermatzea. Hori lortzeko, ezinbestekoa da gizarte guztia tartean sartzea, aurtengo leloak dioen bezala, horrelako egoeretan beste aldera begira ez dezan. Baina, horrez gain, gure langileei beharrezko tresnak eman behar dizkiegu beren eginkizunak segurtasun osoz bete ditzaten eta, aldi berean, ibilgailuetan gerta daitezkeen indarkeria matxistaren kasuei erantzuteko esparru bat izan dezaten, horrela, biktimek jasotzen duten lehen mailako arretari erantzun hobea eta azkarragoa emango baitiote”, adierazi du Azahara Domínguezek. 
"Garraio publikoa pertsonen beharretara egokitzeaz gain, gure erabiltzaileak garraio publikoa erabiltzean eroso eta seguru egotea behar dugu", berretsi du diputatuak.
 

  

2419