Mutiloa eta Gabiria arteko bidea berritu dute
Mutiloa eta Gabiria arteko bidea berritu dute
Goierriko meatze gunerako sortutako azpiegitura tokiko mugikortasun eta ekonomiarako garrantzitsua da gaur egun.
Mutiloa eta Gabiriako udalek bi herrien arteko bidea berritu dute, Foru Aldundiaren babesarekin. Gipuzkoako diputatu nagusia herri horietako alkateekin, Iñaki Ugalde eta Oier Oiarbiderekin, hurrenez hurren, elkartu da gaur eta lanak egindako eremura bisita egin dute elkarrekin. Guztira 3,5 kilometroko luzera duen errepide honetan hobekuntza nabarmenak egin dituzte, Mutiloa-Gabiria “bide alternatiboa” edo “minetako bidea” gisa ezagutzen den tartean, erabiltzaileen segurtasuna eta tokiko auzo, baserri eta meatze eremuetako irisgarritasuna areagotuz.
Eraberritutako errepidea paisajearen eta kultura ondarearen ikuspegitik interes handiko gunean kokatzen da. Hasiera batean bertako minetarako –Troi, Gezurmuño, Mañastegizahar eta Barnaola– joan-etorrietarako eraiki bazen ere, meatzeetako ustiapena bertan behera utzi zenean, Mutiloa eta Gabiriako udalek hartu zuten bere gain bide hau mantentzeko ardura. Bertako baserri eta auzuneak –bereziki Aztiria eta Ergoena–, nahiz Zeraingo Aizpea auzoak, inguruko herriekin (Ormaiztegi, Beasain, Zumarraga, etab.) konektatzen ditu errepide honek. Hainbat nekazal ustiapen eta landetxetarako ere garrantzia handiko errepidea da.
Diputatu nagusiak, errepidea berritzeko egindako lanak ezagutu ondoren, lurralde orekak Gipuzkoako lurraldean duen garrantzia azpimarratu du. “Landa ingurunean hiriguneen mailako ongizatea eta zerbitzuak edukitzea funtsezkoa da lurralde orekari eusteko”, adierazi du, eta egindako lanek bertako lehen sektoreko ustiapenei eta nekazal-turismoari ere mesede egingo diela azaldu du.
Lan hauek burutzeko erakundeen artean izandako “elkarlana” nabarmendu du Olanok eta, erabiltzaileek segurtasunaren ikuspegitik izango duten “hobekuntza” aipatu du. Gunearen berezitasunean jarri du azpimarra, baita ere. “Goierriko meatzeguneko herriak esfortzu nabarmena egiten ari dira azken urteotan bertako ondarea, historia eta paisaia ingurumenaren ikuspegitik berreskuratzen eta ezagutzera ematen. Horregatik Foru Aldundiak ere bere ekarpena egin nahi izan du, errepide honen berrikuntza babestuz”, azaldu du. Izan ere, 2005etik Peatza-Troi meatze gune historikoa berreskuratzen eta bertako biodibertsitatea bultzatzeko lanean dihardute inguruko udalerriek.
Egindako hobekuntzen artean, 2 eskoilera berri egin dira, errepideko gainazala berritu da bi tartetan, firmean hobekuntzak egin dira, dreinatzea hobetu eta seinaleztapenak eta balizak jarri dira. Lanek ia 220.000 euroko inbertsioa eragin dute eta Mutiloa eta Gabiriako udalek gauzatu dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza 100.000 eurokoa izan da, Bide Azpiegituretako departamentuaren laguntza teknikoaz gain.
1920