N-1ean bidesaria baimentzen duen Foru Araua onartuta
N-1ean bidesaria baimentzen duen Foru Araua onartuta
Aintzane Oiarbide: “Orain arte gipuzkoarrok bakarrik ordaindu dugu kostu osoa, baina bidesari berriarekin, Gipuzkoa zeharkatzen duen eta bertakoa ez den kamioien % 60 horrek ere ordainduko du”
N-1 errepidearen mantentze zerbitzua ordaintzeko diseinatutako bidesarien sistema arautuko duen foru araua onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Kontrako botorik gabe (28 alde eta 17 abstentzio), foru ganberak bere onespena eman dio bide sari berriari eta 2018tik aurrera, Gipuzkoa zeharkatzen duten ibilgailu astun guztiek ordainduko dute N-1 erabiltzea.
Jakina den bezala, bide sari horrek Etzegaratetik Irunera doazen kamioilariei eragingo die eta, helburua da, egunero N-1 errepidea erabiltzen duten 12.000 kamioilariek ordaintzea. “Orain arte gipuzkoarrok bakarrik ordaindu dugu kostu osoa, baina bidesari berriarekin, Gipuzkoa zeharkatzen duen eta bertakoa ez den trafiko astunaren %60 horrek ere ordainduko du”, azpimarratu du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatuak.
Agerraldian, Oiarbide diputatuak foru arauaren proiektuaren xehetasunak azaldu ditu eta kanon hori ezarri beharraren arrazoiak eman ditu: “N-1 errepidea Europako ardatz transeuroparrean dagoen azpiegitura bat da eta erabiltzaileen ehuneko handi bat, batez ere garraiolariak, atzerritarrak dira. Lurraldea zeharkatzen duten 12.000tik gora kamioi igarotzen dira bertatik, eta horietatik % 60 dira Gipuzkoatik kanpokoak. Gipuzkoarrok soilik ezin ditugu ordaindu azpiegitura honen mantentze lanak eta hobekuntza. Kanonarekin kanpoko kamioilariek ibilbide osoa ordainduko dute eta Gipuzkoa barruko bertakoen joan-etorrietan ahalik eta eragin txikiena izango duen sistema ezarriko da, AT sistema”. “N-1eko ordainsariarekin mantenduko da errepidea eta, horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru gehiago izango du gizarte politikara edo ekonomia suspertzera bideratzeko”, gehitu du Bide Azpiegituretako diputatuak.
Kanonaren ordainpeko errepide zatiak hiru izango dira:
A-15 Nafarroa-Gipuzkoa autobidea: hasi Andoaingo Bazkardoko lotunean (158,930 puntu kilometrikoan) eta AP-8ko eta GI-41eko lotunean dagoen amaieraraino, Astigarragan (169,320 PK).
N-1 Madril-Irun errepidea: hasi Andoaingo hegoaldeko lotunean (445,500 KP), eta Andoaingo iparraldeko lotuneraino (447,700 KP).
N-1 Madril-Irun errepidea: hasi Nafarroako mugan, Etzegaraten (405,450 KP), eta Idiazabalgo hegoaldeko lotuneraino (412,900 KP).
Ibilgailuak detektatzeko, identifikatzeko eta haiei kanona egozteko, free flow motako sistema erabiliko da eta ibilgailuak ez dira geldituko. Nahitaezko bidesari sistema bat denez, erabiltzaileek hura baldintza operatiboetan erabiltzea ahalbidetzen duten baliabide teknikoak eduki behar dituzte; edo, bestela, matrikula ordainbide batekin lotzea ahalbidetzen duen informazioa eman beharko dute.
3’5 tona baino gehiagoko gehienezko pisu baimendua duten ibilgailu guztiek ordaindu beharko dute kanona eta ibilbide osoa egiten dutenek, gehienez, 10 € ordainduko dute. Bidegi SA foru sozietate publikoa izango da kanona ordainarazteaz, kudeatzeaz eta biltzeaz arduratuko dena.
Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu duenez, “N-1ean bidesaria jartzeak trafikoen oreka eragingo du. Izan ere, aurreikuspenen arabera, kamioien joan etorriak, neurri batean, AP-8 eta AP-1era bideratuko dira, eta horrek nabarmen hobetuko du gure sarea, N-1eko trafikoa arinduz”.
2017an frogak egin ostean, 2018 urtearen hasieran jarriko da martxan N-1eko bidesaria.
1446