Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour N-634-ak erabat itxita jarraituko du datozen asteetan, egonkortze lanek errei bat segurtatu ahal izan arte

N-634-ak erabat itxita jarraituko du datozen asteetan, egonkortze lanek errei bat segurtatu ahal izan arte

Herritarrek errepidearen irekiera eta itxieren berri zuzenean izan dezaten, Aldundiak ‘Telegram’-en informazio kanal bat irekiko du astelehenetik aurrera. Mozketek iraun bitartean 15 tonatik gorako kamioiei galarazi egingo zaie Meagaseko errepidetik igarotzea.

2024/03/01
Gipuzkoako Foru Aldundia

Zarautz eta Getaria arteko N-634 kostaldeko errepidea itxita egongo da datozen asteetan, eta hala jarraituko du eguraldia hobetu eta egonkortze lanek errei bat gutxienez segurtasunez berriz irekitzea ahalbidetu arte. Egoera honen aurrean, Foru Aldundiak Telegram mezularitza aplikazioan kanal bat abiaraziko du astelehenean, herritarrei errepidearen egoeraren berri momentuan bertan eman ahal izateko. Honekin batera, Bide Azpiegituretako departamendutik herritarrei ohartarazten zaie, bai errepidea eta baita pasealekua ere erabat itxita aurkitzen direla, eta oinezkoentzat ere ez da segurua bertatik igarotzea.

Azken asteetan izandako bi denboraleek N-634 errepidearen kostaldeko-euste horman, 21,110 eta  21,125 p.k.-en artean, eragindako kaltea areagotu egin dute eta zulaketak gaur egun errepidearen bi erreiei eragiten die. Egonkortze lanak prestatzeko lehen laginketak eta pikatzeak egiten hasi badira ere, larunbaterako berriz altuera handiko olatuen iragarpena dago eta eten egin beharko dira lanak, astelehenean egoera berriz ebaluatu eta lanei noiz berrekin erabakitzeko. Gauzak horrela, eta Meagaseko errepidetik trafikoa errazteko, 15 tona baino gehiagoko kamioak debekatuko dira errepidea itxita dagoen bitartean.

Lehen erreia segurtatzeko lanek hiru asteko iraupena izatea aurreikusten da, baldin eta baldintza meteorologikoek jarduketak bere martxan gauzatzea uzten badute. Gauzak horrela, une honetan epeak ezin dira zehaztu. baina egoera argitu bezain laster jakinaraziko da hurrengo urratsak zeintzuk izango diren. Horretarako, eta errepide honek getariar eta zarauztarrentzat duen garrantziaz jabetuta, informazioa ahalik eta azkarren eman ahal izateko Telegram aplikazioan ‘N-634 kosta’ izeneko kanala irekiko du astelehenean Aldundiak. Kanal honetan zuzenean emango da errepidearen itxiera eta irekieren berri datozen asteetan.

Horma berreraikitzeko lanak

Lanei dagokienez, jarduketa konplexua izango da errepidearen egoera eta kokapena dela eta. Hasteko, eta prestaketa gisa lehenik, zulatutako zatiaren estalkia eraitsiko da, horma berreraikitzean materiala erori ez dadin eta, horrela, segurtasuna bermatzeko. Era berean, oinezkoentzako sarbide bat jarriko da obrako langileentzat, bai eta makinak jaisteko sarbide-arrapala bat ere, mareek uzten dutenean makinak lantokian jarriko dituen garabi baten beharra saihestuz. Horrekin, kostaldeko horma berreraikitzeari ekingo da eta, ondoren, errepideko plataforma eta oinezkoen pasealekua bermatuko dira. Horma berriz estali eta berreraikitako horma babesteko azpi-berritze bat egingo da, 20 m-ko luzerakoa eta 2 m-ko altuerako altxaerarekin; zabalera 1,50 m-koa izango da. Horma berreraikitzeko lanak amaitu ondoren, urbanizazio-elementuak eta eragindako zorua birjarriko dira.

  

2169