Nafarroak eta Gipuzkoak kultur harremanak estutzea erabaki dute
Nafarroak eta Gipuzkoak kultur harremanak estutzea erabaki dute
Ana Herrera eta Denis Itxaso Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura arduradunak Iruñean elkartu dira gaur, harremanak normalizatu eta kultur proiektuak partekatzeko.
Arduradunek lehenengo eta behin azpimarratu dute garrantzi handikoa dela Nafarroako eta Gipuzkoako gizarte zibilaren artean betidanik egon diren harreman onak erakunde mailara eramatea, hala izan baita bi lurraldeen arteko hurbiltasun geografikoa, historia, eta ekonomia, hizkuntza eta kultur arloko harremanak direla eta. “Iritsi da garaia gure erakundeen arteko harremanak gure harreman historikoen mailara eramateko, eta normaltasunez egiteko dagoeneko normala dena"
Denis Itxaso Kultura diputatuak Donostiako kultur hiriburutzaren proiektua aurkeztu die Nafarroako arduradunei.Itxasok gogorarazi du hiriburutzaren proiektuak (“elkarrekin bizitzeko kultura”) unibertsaltasun bokazioa duela, merezi duen balioa eman nahi diolako gureak bezalako gizarte anitz eta konplexuetan desberdinen arteko bake eta elkarbizitza kulturak duen garrantziari. “Donostian balioen kulturari eta elkarbizitzari buruz egiten ari garen hausnarketa bitarteko dela, espero dugu Europa osatzen duten gizarteen aniztasunaren inguruan Europa batu eta kohesionatu baten sorrerako espiritua berreskuratzea”.
Era berean, bi lurraldeak mugakide direnez gero, bi ordezkaritzek mugaz gaindiko Europako programen bidez kultura arloan lankidetzan aritzeko aukerak aztertu dituzte, bereziki, Euskadik eta Akitaniak osatzen duten Euro-erregioa bitarteko dela, Nafarroa ere aurki bertan sartzekoa baita.
Nafarroako kontseilariak interesa agertu du kultura produktuen eta zerbitzuen kontsumoa sustatzeko asmoz Denis Itxaso buru duen departamentuak joan den abenduan abian jarri zuen kultura bonuaren funtzionamendua eta arrakasta dela eta.
Azkenik, kulturari dagokionez, bi ordezkaritzek erabaki dute hitzarmen bat lantzen hastea, Nafarroako eta Gipuzkoako sortzaileen eta artisten esperientziak trukatzeko, eta horrela, bi lurraldeetako sormen sektorearentzat aukera gehiago eskainiko dituen espazio bakar bat sortzeko.
Kirolaren esparruan, bi lurraldeetako federazioen eta kluben funtzionamendua eta diru laguntzen politika aztertu da, goi mailako kirola optimizatzeko eta batez ere, herritarrek kirola egin dezaten bitartekoak jartzeko eta sustatzeko.
1333