Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Nagusien elkarteetako hainbat ordezkarik parte hartu dute BiziAro jardunaldian

Nagusien elkarteetako hainbat ordezkarik parte hartu dute BiziAro jardunaldian

Eztabaida publikoan adineko pertsonen parte-hartzea indartuko du Aldundiak AdinBerri estrategiaren bitartez

Tabakaleran BiziAro adinekoen partaidetzari buruzko jardunaldia egin da gaur Foru Aldundiak Nagusilan boluntarioen elkartearekin lankidetzan antolatuta. Herritarrak, adituak eta erakundeetako ordezkariak topaketa honetan izan dira adinekoei eragiten dieten politika publikoen gobernantza eredu bati buruz hitz egiteko eta aztertzeko, hiru helburu dituztela: adinekoen parte hartzearen erronka herritarrei hurbiltzea; beren beharren eta eskaeren beharrei buruz sentsibilizatzea; eta gomendio dekalogo bat prestatzea, administrazioari zuzendua, lurraldearen etorkizuna eraikitzeko adinekoek egindako eskaerei atea irekitzeko eta horiek bideragarri egiteko.

Jardunaldian 100 lagun inguru elkartu dira, adinekoen eta erretiratuen elkarteetako ordezkarien eta herri zein lurralde mailan horiekin lan egiten duten adituen artean; besteak beste honako hauetakoak: Hurkoa, Afagi, Helduen Hitza, Txoko Berri, Matiazaleak, Aspeonce, Adinkide, Beti Bizkor, Agijupens, Gure Elkartea, Aiton Borda, Goienetxe, Gurutze Gorria, Aspalgi, Plus 55, Fevas Donostialdea, Esperientzia gelak, Helduak adi, Gepe, edo Eusko Federpen.

Hainbat konpromiso landu eta eskatu dituzte gaurko jardunaldian, eta ekitaldiaren amaieran dekalogo partekatua adostu dute: presionatzen jarraitu, jubilatu guztiek pobreziaren mugaren gainetik dauden pentsioak izan ditzaten, arreta alargun eta emakumeetan jarriz; etxeko arretan eta egoitzetan lan egiten duten pertsona kopurua areagotu; erakundeek era argi, zehatz eta zuzenean komunikatu ditzatela adinduekin erlazionatutako gaiak; desiratu gabeko bakardadea ekiditeko estrategia ezartzea; adinduen inplikazioa hobetzeko, hobeto iragarri beraiei zuzendutako egitasmoak; adinduen etengabeko formakuntza bultzatu; belaunaldi arteko harremanak estutu; elkarte eta administrazio publikoen arteko erlazioa hobetu; arazoei aurre egiteko, foro parte hartzaileak sustatu; Adinduen Kontseilua bultzatu, hemen lantzen diren gaiek politika errealean eragina izan dezaten; elkarteen arteko sare solidarioa indartu; eta adinduekin erlazionatutako eragile ezberdinen arteko win-win erlazioa sustatu

Bere hitzaldian, Markel Olano diputatu nagusiak konpromisoa agertu du jardunaldian landutako ondorioak gauzatzeko, eta Foru Aldundiaren politika publikoen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan aintzat hartzeko, ziurtatuz erakundea adineko pertsonen bidelaguna izango dela eztabaida publikoan haien partaidetza bermatze aldera, AdinBerri estrategiaren bitartez. “Gure gizarteak hainbat erronka eta eztabaida ditu gaur egun mahai gainean, hala nola pentsioak, gizarte politiken jasangarritasuna edo ongizate ekonomikoa. Gure aitonek eta amonek bere lekua eskatzen dute Gipuzkoaren etorkizunaren eraikuntzan, eta gure betebeharra da haiek entzutea eta eskaera horri erantzutea”.

Gogorarazi duenez, 2031. Urtean Gipuzkoako biztanleen ia erdiek 55 urte baino gehiago edukiko dituzte. Errealitate hori, AdinBerri estrategiaren bidez kudeatzen ari da Aldundia. “Plangintza integrala jarri dugu martxan zahartze aktiboa eta balioduna sustatzeko. Ez da bakarrik erreferentziazkoz zentro bat izango arreta eta zaintzak hobetzeko, baizik eta bere baitan hartuko dituena hainbat ekintza, gaur egun persona zaharrek egiten duten ekarpena eta balio soziala indartzeko. Zahartzeaz baino gehiago, bizitza-luzeraz hitz egin behar dugu gaur. 80 urte betetzea, 50ko hamarkadan 65 urte betetzearen parekoa da”, argitu du.   

Hala, AdinBerriren barruan, ekimenak jarriko dira martxan adineko pertsonen eta gizartearen arteko ezagutzen eta esperientzien trukaketa bultzatzeko. Aldundia dagoeneko ari da erakunde barruan ildo horretan lan egiten, Mentoring egitasmoarekin, erretiroa hartzen ari diren langileen ezagutza ez dadin galdu. Boluntariotzaren arloak ere garrantzi handia hartuko du, eta adinekoen partaidetza bultzatuko da Aldundiaren erabakitzeko eta hausnartzeko esparruetan, hala nola Think Tank-ean –lan taldea gauzatzen ari den proiektuetako batek belaunaldiartekotasuna edukiko du ardatz gisa-. Ildo horretan, adineko guztiei gonbita luzatu die, hilaren 22an eta 23an egingo de Adinberri Kongresuan parte har dezaten. Zahartzeari aurre egiteko estrategia partekatzea, eta herritarren ekarpenekin “aberastea eta hobetzea” da hitzorduaren helburua.

Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatuak eta Jose Luis Elosua Nagusilaneko lehendakariak eman diote hasiera jardunaldiari. Ondoren solasaldi bat izan da, eta hainbat adinetako jendea elkartu da zahartzeari buruz hitz egiteko; bertan izan dira Goiekiko kudeatzaile ohi Juan Mª Barandiaran, Foru Aldundiko Indarkeria Matxistaren Emakume Biktima Babesteko eta Gizarteratzeko Zerbitzuko buru Patxi Leturia; Matia Fundazioko Lankidetzako arduradun Maider Azurmendi; eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Bake eta Elkarbizitzako teknikari Irene Gantxegi.

Era berean, Europa mailako zein estatu eta toki mailako jardunbide egokiak aztertu dira. Jose Luis Tejedor Adinekoen Elkarteetako Estatuko Konfederazioko Nazioarteko Harremanetako arduradun eta AGE Europako adinekoen elkarteetako plataforma handieneko lehendakariordeak nabarmendu du «gure mugetatik atera behar dugula» eta gure aldarrikapenak Europako erakundeen aurrean egin, bertan onartzen baitira «estrategia handiak».

Estatu mailari dagokionez, Gloria Veiga, CONFEMAC adineko aktiboen konfederazioko lehendakariordeak elkartasunari eta belaunaldien arteko programei buruzko hausnarketa egin du; eta udalei dagokienez, Eva Salaberriak Donostia Lagunkoia planaren berri eman du, zeinak partaidetza komunitarioa eta adinekoen bizi kalitatea sustatzen baitu.

Ondoren, parte hartzaileek, taldeka jarrita, lan saio bat izan dute eta lau gai nagusiri buruz lotutako erronkak aztertu, eta irtenbideak proposatu dituzte; honako hauek izan dira lau gai horiek: eskubideak eta betebeharrak, partaidetza, elkarteak eta zahartze aktiboa, eta gobernantza. Lehenengo multzoan aztertu dira pentsioak, arreta pertsonalizatua, informazio eskubidea eta horren bermea; bigarrenean, bakardadea eta komunitatearen garrantzia, parte hartzearen sustapena, eta gai horren inguruko prestakuntza; hirugarrenean, adinekoen elkarteen zailtasunak, administrazioarekiko harremana, eta bien arteko lankidetza eraginkorra; eta azkenik, Adinekoen Kontseilua, kolektiboari entzuteko baliabideak, eta enpresen, administrazioaren eta hirugarren sektorearen arteko lankidetza izan dira aztergai.

  

2181