Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Naturklimak bere eraikin berriaren eraikuntza-prozesuaren bilakaera ezagutarazi die sektoreko profesionalei

Naturklimak bere eraikin berriaren eraikuntza-prozesuaren bilakaera ezagutarazi die sektoreko profesionalei

Asensio: “Naturklimaren egoitzaren eraikitze-prozesua, zero emisioko eraikina, sektoreko profesional eta ikasle guztiengana hurbildu nahi dugu”.

2022/02/04

Eraikin berria "zero emisio"-koa izango da, eta jasangarritasun irizpideen arabera eraikiko da, material birziklatuak eta Passivhaus diseinua erabiliz. Dagoeneko zurezko egitura instalatzen ari dira, zeinaren amaiera aurreikusten baita otsail honen bukaerarako.

José Ignacio Asensio: “Naturklimaren egoitzaren eraikitze-prozesua, zero emisioko eraikina, Passivhausen irizpideen arabera diseinatu eta eraikia, sektoreko profesional eta ikasle guztiengana hurbildu nahi dugu”.

Mikel Martínez: “Habic-en aburuz, Naturklima proiektua aurrerapauso garrantzitsua da arkitekturaren eta ekipamenduaren alorrean ekodiseinua finkatzeko. Ikasleei arkitektura iraunkorreko soluzio eta joera berriak erakustea da gure helburua".

Juan José Arrizabalaga: “Pozgarria da lankidetza lehen fruituak ematen hasi dela egiaztatzea. Kasu honetan, gainera, aukeratutako eraikinaren interesa azpimarratu behar da: proiektu garaikidea, gaur egun eskatzen diren ingurumen- eta jasangarritasun-beharrekin bat datorrena”.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Arkitektura Eskolako Zur Egiturak, Eraikuntza eta Diseinua masterreko 35 ikaslek bisitatu dituzte Naturklimaren eraikin berriaren eraikuntza-lanak, Eskuzaitzeta industrialdean, Zubietan. Hori lehen bisita izan da Habic klusterrak aurten antolatuko eta koordinatuko dituenetatik Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuarekin eta Naturklimarekin batera. Haien helburua da bertatik bertara ezagutu ahal izatea eraikina jasotzeko prozesuaren bilakaera eta haren ingurumen ezaugarriak. Guztira, 8 bisita tekniko egitea aurreikusten da, sektoreko arkitekto eta profesionalekin, eta 140 lagunek parte hartzea espero da.

Bisitan, lagun izan dituzte Ingurumeneko diputatu eta Naturklimako lehendakari José Ignacio Asensio, Arkitektura Eskolako jarduneko zuzendari Juan José Arrizabalaga, Zurezko Egiturak, Eraikuntza eta Diseinua masterreko zuzendari Jon Begiristain, Habic-eko zuzendari Mikel Martínez, eta Asmatu ingeniaritza-enpresako arkitekto Beñat Aranburu. Orobat, bisitan izan dira Campezo eraikuntza-enpresaren gerentea eta Egoin zurezko egituraren enpresa hornitzailearena.

Naturklimaren egoitza berriak Passivhaus diseinua izango du, zeinak egiaztatzen baitu energia-kontsumo ia nuluko eraikin bat dela. Egitura guztia zurezkoa izango du, salbu zimenduak eta sotoko egitura, hormigoi armatuzkoak izango baitira. Egitura mota hori hautatzeko arrazoia da halako CLT (Cross Laminated Timber) hormek eta forjatuek egitura- eta itxitura-funtzio bikoitza dutela; horrela, laguntzen dute inguratzaile termiko on bat lortzen, baita hermetikotasun egoki bat ere eraikinean, Passivhaus eraikinen ezaugarri erabakigarriak direnak.

Lanak, gaur egun, zurezko egitura hori egiteko fasean daude. Hormigoi armatuzko egitura 2021eko azaroan amaitu zen erabat; orduan hasi ziren zurezko egitura eraikitzeko lanak, eta otsail honen bukaerarako aurreikusten da amaitzea.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, helburua da “Naturklima funtsezko pieza bihurtzea Eskuzaitzetan ekonomia zirkularrean, energia-trantsizioan eta klima-aldaketan espezializatuta dauden enpresen industria-polo berdea garatzeko; trantsizio ekologikoaren inguruan talentu ekintzaile eta berritzaile guztia bultzatzeko gunea”. Ildo horretatik, Asensiok azpimarratu duenez, “Naturklimaren egoitzaren eraikitze-prozesua, zero emisioko eraikina, Passivhausen irizpideen arabera diseinatu eta eraikia, sektoreko profesional eta ikasle guztiengana hurbildu nahi da”.

Bestalde, Mikel Martínez Habic-eko lehendakariak azpimarratu duenez, “Habic-en aburuz, Naturklima proiektua aurrerapauso garrantzitsua da arkitekturaren eta ekipamenduaren alorrean ekodiseinua finkatzeko, eta bisita tekniko hauek antolatzearen helburua arkitektura iraunkorreko soluzio eta joera berriak arkitekturako ikasleei erakustea da. Erakunde publikoaren (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentua), hezkuntza-eremuaren (EHUko Arkitektura Eskola) eta industria-sektore pribatuaren (Habic) arteko ekimena da, eta horrek balioa ematen dio Gipuzkoako eragileen arteko lankidetzari”.

Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko jarduneko zuzendari Juan José Arrizabalagak Naturklimaren eraikin berrira egindako bisitaren balioa adierazi du. “Atsegingarria da egiaztatzea Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuaren, Habic enpresaren eta gure eskolaren arteko lankidetzak lehen emaitzak ematen dituela, bai ikasgelan bertan, bai era horretako jardueretan, obrako bisita gisa; kasu honetan”. Gainera, aukeratutako eraikinaren interesa azpimarratu du: “Proiektu garaikidea, gaur egun eskatzen diren ingurumen eta iraunkortasun beharrekin bat datorrena”.

Naturklimaren egoitza berria jasangarritasun irizpideen arabera diseinatu eta eraikiko da, hau da, lehengaien kontsumoa minimizatuko da, material berdeak eta birziklatuak erabiliko dira, eta ahalik eta gehiena murriztuko da energia-kontsumoa, batez ere energia berriztagarriz hornituko dena.

Diseinua egiteko, Passivhaus kontzeptuari jarraitu zaio, energia-kontsumoa ahalik eta gehiena murrizteko, orientazioaren eta eraikinaren inguratzailearen bidez eta eguzkiaren energia ahalik eta gehiena aprobetxatuz, benetan txikia izan dadin airea girotzeko energia-eskaria, eta oso handia izan dadin barne-airearen kalitatea.

Eraikinak 3 bolumen izango ditu: alboetan, bi solairuko gorputz bana, solidoak eta ikusteko modukoak, zurezko xafla bertikalez egindako fatxaden ondorioz, eta erdian, solairu bakarreko gorputz bat, kristalezkoa. Alboetako batean eremu pribatua egongo da, laneko bulegoekin eta start-up-etarako coworking gune batekin; beste alboan, berriz, gune publiko bat egongo da, auditorium batekin eta erabilera anitzeko hainbat aretorekin, nahiz nazioarteko workshop-a nahiz lantegi publikoak egiteko. Halaber, Naturklimak kanpoko berdegune bat izango du, zuhaitz gune batek eta lorategi botaniko batek osatua: coworking espazioaren luzapen gisa funtzionatuko du, eta eraikineko CO2-aren 'hustuleku' gisa ere bai. 

Egoitza berrian egongo dira Klima Aldaketaren Behatokia, Klima Aldaketaren Gela eta 2 HUB, ahalbidetuko dituztenak ekonomia zirkularreko eta trantsizio energetikoko industria- eta enpresa-irtenbide berrien garapena, esperimentazioa, pilotajea eta ondorengo eskalatzea.

  

2320