Nazioen Ligaren kontseiluak Donostian egindako bileraren mendeurrena ospatuko du Aldundiak
Nazioen Ligaren kontseiluak Donostian egindako bileraren mendeurrena ospatuko du Aldundiak
Bilera garrantzitsu hura gogorarazteko, Aldundiak ekitaldi bat egingo du uztailaren 30ean foru jauregiko tronu aretoan; erakusketa bat ere izango da, eta udazkenerako, berriz, hainbat konferentzia eta zinema ziklo bat antolatuko dira.
- Ekitaldira gonbidatutakoen artean daude Arantxa González Laya Atzerri Gaietako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroa eta orduko bilera hartan parte hartu zuten herrialdeak.
- Harkaitz Millan, Kulturako eta Nazioarteko Lankidetzako foru diputatua: “Gipuzkoak eta Donostiak bake- eta bizikidetza-hiri gisa eraikitzen jarraitu behar dute ”.
Nazioen Ligak Donostian 1920ko uztailaren 30etik abuztuaren 5era egindako kontseiluaren mendeurrena dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ekitaldi bat antolatu du uztailaren 30ean foru jauregiko tronu aretoan, esandako efemeride hori oroitzeko. Nazioen Liga egungo Nazio Batuen Erakundearen aitzindaria izan zen.
Nazioen Liga edo Nazioen Sozietatea nazioarteko erakunde bat izan zen, Versailleseko Itunak sortua 1919ko ekainaren 28an, eta proposatzen zuen nazioarteko harremanei berrekiteko oinarriak ezartzea bakea lortze aldera, Lehen Mundu Gerra amaitu ondoren.
Zortzi herrialdek bakarrik osatzen zuten garai hartako Nazioen Ligaren Kontseilu Exekutiboa. Donostian ordezkatutako herrialdeak kontseiluko lau kide iraunkorrak izan ziren –Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Japonia–, baita ez-iraunkorrak ere –Belgika, Brasil, Grezia eta Espainia, eta azken hori izan zen lehen saioko buru herrialde anfitrioi gisa–.
Bi arrazoirengatik izan zen garrantzitsua kontseilu hura: batetik, lehendabizikoz elkartu zelako Gerra Handian parte hartu ez zuen herrialde neutral batean, eta, bestetik, Nazioen Ligaren lehenengo Batzar Nagusia antolatzen aritu zirelako, zeina Genevan egin baitzen, urte hartako azaroan.
Foru Aldundiaren jauregia hautatu zuten kontseilua egiteko, eta ohore egin zien bisitariei, egongela eta aretoak prestatuz ordezkarientzat eta haiekin batera etorritako laguntzaileentzat.
Lehen Mundu Gerraren ostean, Donostia nazioarteko ospearen tontorrean ibili zen, harik eta 1925ean Primo de Riveraren diktadurak jokoa eten ostean sortutako krisira arte. 1925ean, Nazioen Ligaren Higiene Batzordearen beste bilera bat ere egin zuten, zeinaren bidez garai hartako nazioarteko albisteen erdigunean ipini baitzituzten Donostia eta Gipuzkoako Lurralde Historikoa.
Bileraren aurrekariak
Nazioen Liga 1919an sortu zen, Lehen Mundu Gerra amaitu zuen Versailleseko Itunaren ondotik. Gerra Handiari emaniko erantzuna izan zen, estatuen arteko lankidetzan urratsak egiteko, guztia ere tankera hartako gertaerak gehiago ez errepikatzeko eta halako hondamendi bat saihestuko zuen bestelako mundu ordena bat ezartzeko.
Kontseilua zen Nazioen Ligan erabakiak hartzeko organoa, eta hura arduratzen zen herrialdeen artean sor zitezkeen ika-mikak baretzeaz. Eztabaidek porrot eginez gero, Kontseiluak zuen eskumena estatu horiei zigorrak ezartzeko.
Espainia Nazioen Ligako jatorrizko herrialde kideen artean zegoen, eta haren kontseilua osatzen zuten estatuetako bat izan zen, kide ez-iraunkor gisa apenas etenik gabe, Nazioen Liga sortu zenetik harik eta Espainiako Gerra Zibila hasi arte. Aipatutako esparru juridiko haren elementurik nabarmenen artean, aipatzekoa da HISTORIAKO NAZIOARTEKO AUZITEGI IRAUNKORRA, Nazioarteko Justizia Gorte Iraunkorra; hau da, gaur egungo Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aurrekaria. Badu arrazoirik auzitegi hari erreferentzia egiteak Donostian 1920an egindako bilerarekin loturik: gure hirian hainbat auzi garrantzitsu jorratu zituzten esandako auzitegi hori sortzearekin inguruan, Nazioen Ligako artxiboetan ageri den moduan.
Mendeurrenarekin lotutako ekitaldiak
Ekitaldi nagusia uztailaren 30ean izango da, 11:30ean, Gipuzkoako Foru Aldundiko tronu aretoan. Gonbidatuen artean, 1920ko bilera hartan parte hartu zuten herrialdeak izango dira: Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Japonia, Belgika, Brasil, Grezia eta Espainia, baita Atzerri Gaietako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministro Arantxa González Laya ere. Juan Agirre Sorondo historialariak emango du 1920ko uztailaren 30etik abuztuaren 5era bitartean egindako batzar harekin loturiko testuingurua. Ekitaldiari laguntzeko, dibulgazio erakusketa bat ipiniko da, egun haietan Donostian gertatu zenari buruzko informazioa emateko eta bilera hark herritar guztiontzat izandako garrantzia nabarmentzeko. Erakusketa Carlos Rilova historialariak atondua da, eta San Ignazio kaperaren parean egongo da. Ondoren, Koldo Mitxelena Kulturunera eramango dute, eta hantxe egongo da ikusgai uda parte osoan.
Harkaitz Millan Kulturako eta Nazioarteko Lankidetzako foru diputatuak gogorarazi duenez, «ekitaldi horrek duen garrantzia abiapuntu harturik, gure asmoa da Gipuzkoako Lurralde Historikoa eta Donostia berriro ere nazioarteko panorama juridikoan kokatzea, udazkenean Koldo Mitxelena Kulturunean egin nahi ditugun ekitaldien bitartez. Esate baterako, konferentzia sail bat eta zinema ziklo bat izango ditugu, gure herritarrei helarazteko zeinen garrantzitsua den nazioartean bake giroko testuinguru bidezkoa izatea».
Programazio hori guztia osatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateak mintegi bat egingo du, zeinean nazioarteko epaileak eta legelariak elkartuko baitira, Nazioarteko Justizia Auzitegiari eta nazioarteko beste hainbat jurisdikzio organori buruz aritzeko.
Horrekin, nazioarteko auzitegiaren inguruan gaurkotasuna izaten jarraitzen duten auziak jorratu nahi dira, baita gainerako herrialdeekin, justiziarekin eta beste nazioarteko auzitegi batzuekin duten harremana ere; halaber, gai horretan adituak diren legelariak etorriko dira (abokatuak, irakasleak, estatuetako ordezkariak...), bai nazionalak, bai nazioartekoak, guztia ere gaur egun auzitegiaren egitekoari dagokionez pil-pilean dauden auziak jorratzeko eta nazioarteko jurisdikzio organoekin duten harremana aztertzeko. Auzi horiek garai hartarako ageri ziren Legelarien Batzordeak aurkeztutako txostenean (nazioarteko auzitegien osaera, eskumena eta prozedura).
Foroan jorratuko diren gaien artean ageri dira:
epaileak hautatzeko sistema (1920an aditzera emandako auzia); sistema juridikoen oreka; Nazioarteko Justizia Auzitegiaren nahitaezko jurisdikzioa; ratione personae eskumena; kontsulta jurisdikzioaren norainokoa eta Nazioarteko Justizia Auzitegiaren Estatutua berritzeko balizko premia.
1773