Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Negozio-aukera berrien bila, gipuzkoar enpresa misioa Uruguayn da egunotan Aldundiarekin

Negozio-aukera berrien bila, gipuzkoar enpresa misioa Uruguayn da egunotan Aldundiarekin

Montevideoko alkatearekin eta hango enpresekin bildu dira Foru Aldundia, Bazkundea eta zenbait konpainia

Misio enpresarial batean, Uruguaira bidaiatu du ordezkaritza batek, zeina osatzen baitute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Bazkundeak eta Lurraldeko punta-puntako bederatzi enpresak, buru dutela Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko diputatua. Misioaren helburua da lehen eskutik ezagutzea herrialde horretako erakundeak garatzen ari diren proiektuak. Uruguaiko erakunde publiko nagusiekin duen bilera-agenda estu batek markatuko ditu ordezkaritzaren lau eguneko egonaldiaren tempoak. Misio horren bitartez, Gipuzkoako enpresaren irudia indartzeaz gain, negozio-aukera berriak ere ireki nahi dira.

Uruguain, proiektu ugari garatzen ari dira askotariko arloetan, hala nola hiri mugikortasuna, hiri adimenduna (smart city), hondakin solidoak, eta saneamendua, zeintzuetan erreferentzia baitira Gipuzkoako enpresak. ”Helburu hori du bidaia honek, hau da, gure enpresei laguntzea bai nazioartekotzen bai jakiten Uruguaiko erakundeen zein proiektutan parte har dezaketen” aurreratu du Aizpuruk. “Orain bertan, Uruguai oso herrialde erakargarria da gure enpresentzat, aurreikusia baitu inbertsio plan bat, ia 12 milioi eurokoa, 2020. urtera arte”, gaineratu du foru arduradunak.

Astelehen honetan –bisitaren lehen eguna–, Montevideoko intendenteak (alkatea) harrera egin dio euskal ordezkaritzari, hango udaletxean, non aurkeztu dizkion Uruguaiko hiriburuan datozen hilabeteetan garatu asmo dituzten proiektu handiak. Une hauetan, Montevideo hiriak behar duena da hiri mugikortasunaren antolakuntza hobetzea, eta asmoa du hiri mugikortasun elektrikoan inbertsioak egitekoa. Montevideok konpondu behar dituen arazoetako batzuk dira hondakin solidoen kudeaketa eta saneamendua. ”Gipuzkoak baditu enpresa batzuk gauza direnak gai horien inguruan dituzten beharrizan horiei erantzuteko”, argitu du Aizpuruk.

Izan ere, Gipuzkoaren ordezkaritza osatzen duten enpresak punta-puntakoak dira, hala nola: Irizar e-movility eta Vectia, mugikortasun gaietan; Orona, energiaren eta hiri adimendunaren gaietan; eta Masermic eta ECO3R, birziklatzearen arloan. “Enpresa horiek erantzun egiten diete Uruguaiko administrazioak eta sozietate publikoek izan ditzaketen era guztietako beharrei”, adierazi du diputatuak Montevideoko administrazioarekin egin duen bileran. 

Gipuzkoako ordezkaritzaren bisitak ikusmin handia sortu du administrazio publikoan ez ezik, baita Uruguaiko enpresa kontratisten artean ere. Horren erakusgarri da herrialdeko hogei enpresa nagusiekin izan duten bilera, zeintzuek bilatzen baitute gure lurraldeko enpresen ezagutza (know-how), beren herriko lizitazio publikoetarako irispidea lortu ahal izateko. “Hango enpresek badute ezagutza bat mugikortasun orokorreko gaietan, esaterako, baina ez hainbeste mugikortasun elektrikoan; horregatik, sinergiak bilatu nahi dituzte arlo horretan erreferentzia diren kideekin, lizitazio publikoetarako irispidea izateko. Eta hor sartzen gara gu, ezagutza eta esperientzia dakartzagunok”, azaldu du Ekonomia Sustapeneko diputatuak. Tandem bat, non hango eraikuntza-enpresak parte zibila egiten duen, eta gipuzkoarrak, berriz, bere eskarmentua eta ezagutza ekartzen dituen.

Gipuzkoaren ordezkaritzak, bada, aurrena, Montevideo hiriaren beharrizanak eta proiektuak ezagutuko ditu eta Gipuzkoako enpresek eskain ditzaketen ideiak eta teknologiak aurkeztuko ditu, eta gero, datozen egunetan, zenbait bilera egingo ditu hango gobernuko ordezkariekin –Garraio Ministeriokoak eta Industria, Energia eta Meatzaritza Ministeriokoak–, lehen eskutik ezagutzeko Uruguaiko Gobernua gaur egun lanean ari den proiektu nagusiak. Gipuzkoak ekimen horietan parte hartzeko aukera izango du, Aizpuruak azpimarratu duenez.

  

1581