Nerabeek euskaraz sareratutako ikus-entzunezko onenei saria
Nerabeek euskaraz sareratutako ikus-entzunezko onenei saria
Markel Olano diputatu nagusiak gazteei dei egin die beren sormena “euskararen aldeko energia” bilakatzeko.
Nerabeak ikus-entzunezkoen testuinguruan euskaraz aritzeko sustapen dinamika esperimentala abian izan da joan den urtebetean Gipuzkoan, Gazteak euskaraz etorkizuna eraikiz izenburupean, eta gaur goizean Tabakalerako 2deo laborategian egin dute ekimen honetako sari banaketa. Hamabi hilabetez lurraldeko sei ikastetxetako 300 bat ikaslek formazioa jaso dute ikus-entzunezkoen sorkuntzan, gero beren lanak sortu, ekoiztu eta sareratu ahal izateko.
Lehiaketara aurkeztutako 21 proiektuetatik sei saritu dituzte gaurko ekitaldian. Horien guztien artean garaile izan da Ordiziako Jakintza ikastolako Kirol arropa etorkizunean lana, 2. saria Oñatiko Zuazola-Larraña BHIko gaztetxoek jaso dute Hezkuntza etorkizunean bideoagatik eta 3.a, berriz, Tolosako Herrikide ikastetxeko ikasleek, Etorkizuneko komunikazioa lanagatik. Halaber, euskara saria, grabazio eta edizio onenaren aipamena, eta publikoaren saria lortu dituzte, hurrenez hurren, Zuazola-Larrañako Gipuzkoa garapen jasangarrirako bidean, Jakintza Ikastolako Etorkizuneko garraioa eta Zuazola-Larrañako Hezkuntza etorkizunean proiektuek.
Aitortza honetaz gain, ikas-bidairako diru-laguntza jaso dute guztiek, Gipuzkoako jarduneko diputatu nagusi Markel Olanoren, Hizkuntza Berdintasuneko jarduneko zuzendari Garbiñe Mendizabalen eta 2deo laborategiko arduradun Iban Arantzabalen eskutik.
Diputatu nagusiak egitasmo pilotu honen “irakurketa oso positiboa” egin du eta, parte-hartzaile eta irabazleak zoriontzeaz gain, jakinarazi du Gipuzkako Foru Aldundia dagoeneko datorren edizioan ari dela lanean, sariketa lurraldeko ikastetxe guztietara zabaldu asmoz. Gazteek beraien aisialdian “gehien kontsumitzen dituzten edukiak” ikus-entzunezkoak izanda, “euskararen erabilera bermatzeko hil ala biziko gaitzat” hartu du nerabeak alor honetan formatzea eta euskaraz aritzera animatzea.
Olanok gogorarazi duenez, 2deo laborategia martxan jartzeko garaian egindako ikerketak “hainbat datu kezkagarri” azaleratu zituen. Esaterako, gaztetxoek ikusten dituzten eduki guztietatik, 10etik 7 gaztelaniaz dira, 2 euskaraz eta 1 ingelesez, eta erdiek diote ez dutela inoiz ETB-1 ikusten. Gainera, arrakala eta ezberdintasun handiak daude eskualde eta herrien artean.
“Pantaila eta ikus entzunezko edukiak oinarrizko bilakatu diren paradigma honetan, oraingo haur eta gazteen ikus entzunezko erreferente eta erreferentziak ez badira euskarazkoak, zaila izango da euskararentzako etorkizunik egotea”, ohartarazi du diputatu nagusiak, eta horregatik dei egin die bertan bildutako ikasleei sariketa honetan erakutsitako “sormena euskararen aldeko energia” bilakatzeko, sareetan eta eguneroko jardunean euskara erabiliz eta ikus-entzunezkoak euskaraz sortuz.
Dinamika esperimentala
Sari-emate ekitaldian parte hartu duten 14 eta 16 urte arteko ikasleek Ixa taldeko Unai Portilla, Maddi Castro eta Zuneri Tanizuri taldeko sortzaileen solasaldia jarraitu ahal izan dute. Guztiak ikus-entzunezkoen alorrean proiektu berritzaileak sustatzen ari dira. Amaieran, berriz, euskarazko Puntu Koma webserieko lehen kapituluaren emisioa ikusi ahal izan dute.
Etorkizuna Eraikizeko testuinguruan, nerabeak ikus-entzunezkoaren testuinguruan euskaraz aritzeko sustapen dinamika esperimentala izan da Gazteak euskaraz etorkizuna eraikiz, hiru fasetan banatua. Lehendabizi, formazio fasean ikastetxeetako 300 bat ikasleri sozioalizazio eta formakuntza saioak eskaini zitzaizkien, ekoizpen etxe baten eskutik. Bigarrenik, nerabeek euren kabuz sortu eta ekoiztu zituzten beren ikus-entzunezko proposamenak. Horietatik 21 proiektu aurkeztu zituzten sariketara eta guztiak Youtubeko Hi Gazte kanalera igo zituzten. Azkenik, parte-hartzaileek aurkeztutako bideorik onenak aukeratu ditu lehiaketako epaimahaiak.
3111