Ogasunak pasa den urtean baino 208,2 milioi euro gehiago bildu ditu abuztura arte
Ogasunak pasa den urtean baino 208,2 milioi euro gehiago bildu ditu abuztura arte
Foru erakundeak aurreko hilabeteetan baino hazkunde txikiagoa izan du, itzulketen atalean likidezia emateko egiten den ahalegina dela eta.
Gipuzkoako foru Ogasunak 3.451 milioi euro jaso ditu urteko lehen zortzi hilabetetan. Pasa den urteko aldi berean baino 208,2 miloi euro gehiago dira, hau da, %6,4ko hazkundea. “Beraz, lurraldeko zerga bilketak datu onak ematen jarraitzen du, eta gure helburuaren gainetik jarraitzen dugu”, azaldu du Eider Mendoza, erakundeko bozeramaileak. Honela, sarrera gordinak %10,9 hazi dira, eta itzulketak %26,3. Azken puntu honetan jarri du hain zuzen ere azpimarra Mendozak, eta azaldu du Ogasuna ahalegin berezia ari dela egiten itzulketak azkartu eta autonomo eta enpresei likidezia emateko.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, azken Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan azaldu duenez, orain arteko zerga nagusien bilakaera positiboa izan da, eta hazkunde nabarmenak erakusten dituzte. PFEZaren kasuan, %2,6 hazi da zerga honen bilketa, eta lan etekinen atxikipenek %3,2 egin dute gora. BEZari dagokionean, berriz, %2,4 hazi da bilketa, 21 milioi euro gehiago, nahiz eta aipatu bezala itzulketetan ahalegin berezia egin den. Sozietateen gaineko Zergak ere hazkunde nabarmena erakusten du, %19,4 hazi baita pasa den urtearekiko. “Honen zergatia, kanpainan izan ditugun emaitza onak dira. Kontutan hartu behar da kanpainan 2021 zergapetzen dela, eta pasa den urtea errekorrekoa izan zela”, adierazi du foru arduradunak.
Hala ere, foru bozeramaileak gogoratu du aurreko hilabeteekin alderatuta, hazkunde mailak behera egin du Gipuzkoan. “Honen arrazoia da batez ere itzulketen arloan Gipuzkoa egiten ari den ahalegina, hauek ahalik eta azkarren eginez”, esan du, adierazpen hau hainbat daturekin indartuz: guztira, lurraldeak pasa den urteko epe berean baino 246 milioi euro gehiago itzuli ditu; BEZan, %25 gehiago itzuli dira, hau da, 129 milioi gehiago; eta Sozietateen gaineko Zergan, 30 milioi gehiago itzuli ditu Ogasunak. “Honen bitartez, gure enpresa eta autonomoei likidezia eman nahi diegu, egoera ekonomikoa ezegonkorra den honetan”, azaldu du.
Aurrera begira, agertoki ekonomikoari buruzko ziurgabetasunetan jarri du arreta foru bozeramaileak. Honela, gaineratu du, “oraingoz” lurraldeko ekonomiak sendo jarraitzen duela, “eta hortik esku artean ditugun datu oso on hauek”. “Baina, esan bezala, ekonomia izango da lehentasuna datozen hilabeteetan, bai Gipuzkoan zein munduan oro har. Eta hor, Ogasuna zein Aldundia herritarrei zein jarduera ekonomikoak egiten dituztenei laguntzen jarraitzeko prest egongo da, orain arte egin dugun bezala”, azaldu du Mendozak.
Ogasuneko ideia lehiaketa
Bestalde, Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du “Fiskalitatean ideia berritzaileak” izeneko saria, Gipuzkoako herritarrei irekia, arautzen dituen oinarriak. 5.000 euro banatuko dira saritan. “Lehiaketa honen helburua da ideia berritzaile horien bidez zerga-obligazioak borondatez betetzeko laguntza zerbitzu berriak ematea eta iruzur fiskalaren aurkako borroka erraztuko duten ideia eta/edo tresna berriak garatzea. Lan ildo honen bidez, foru erakundeak erakarri nahi ditu Foru Ogasuna ezagutzen duten eta gai hori proiektu profesionaletarako aukera baliagarritzat hartuko duten pertsona berritzaileak, ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzeko asmoz”, azaldu du Mendozak. Deialdiaren xehetasunak datozen egunetan ezagutaraziko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.
Foru bozeramaileak gogoratu duenez, Aldundiak 2017 eta 2018 urteetan egin zuen ekimen hau, eta emaitza onak utzi zituen. Gainera, ikastetxetan egin ohi da urtero ideia lehiaketa. “Gipuzkoako Foru Ogasunak, aurreko agintaldian bezala, agintaldi honetan ere bere buruari jarritako erronka estrategiko nagusietako bat da zerga obligazioak borondatez bete daitezela sustatzea eta iruzur fiskalaren aurkako borrokan aurrera egitea. Horretarako, estrategia integral bat garatzen jarraitzen du hainbat arlotan eta horretarako erabiltzen diren bitartekoak indartuz: giza baliabideak, euskarri teknikoak eta beste administrazio batzuekiko informazio fluxuak”, esan du foru arduradunak.
Gaineratu duenez, Ogasunarentzat arreta berezia izaten jarraitzen du zergak borondatez ordaintzearen inguruko gizarte kontzientzia zabaltzeak, “horrek zerbitzu publikoei eusten baitie, eta iruzurrari zilegitasuna kentzen laguntzen baitu”. Horretarako, hezkuntzaren aldeko apustua egiten jarraitzen du foru erakundeak: ekonomiari eta fiskalitateari buruzko hezkuntza modulua Gipuzkoako ikastetxeetan ematen jarraitzen da. Hau, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osora hedatu da, gainerako euskal administrazioekin sinatutako erakunde arteko akordioaren bidez. Era berean, gaia unibertsitate esparrura ere eraman da. “ Halaber, gizartearen konplizitatea bilatzen jarraitzen da, Gipuzkoako gizarte eragileak iruzurraren aurkako borrokan inplikatuz”, azaldu du. “Horiek horrela, Gipuzkoako Foru Ogasunak bere ahaleginean jarraitzen du zerga betebeharrak borondatez betetzeko eta kontzientzia fiskala zabaltzeko gizartea konprometitzen jarraitzeko, eta ideia lehiaketa hau ere horren adibide da”, borobildu du Mendozak.
4196