Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour OKencasa mendekotasuna duten adinekoak zaintzen dituzten 1.000 pertsonarengana iritsiko da

OKencasa mendekotasuna duten adinekoak zaintzen dituzten 1.000 pertsonarengana iritsiko da

Se trata de un proyecto que arrancó en 2018 y que aúna formación, herramientas de organización, apoyo psicosocial y ventajas en servicios útiles para cuidar a quienes cuidan

OKencasa beste fase batean sartu da senide zaintzaileen eguneroko bizitza errazteko helburuan. Etxean mendekotasuna duten adineko senideak zaintzen dituzten 1.000 pertsonari hedatu zaie programa, laguntza-sistema baten bidez; horretara sartzeko atea, bada, Zaindoo gailu mugikorretarako aplikazioa da. Horren bidez, harreman eta laguntza-bide bat sortzen da zaintzailearekin, eta efektu positiboak sortzen ditu bere ongizatean, are pertsonak halako teknologiak inoiz erabili ez baditu ere.

 

OKencasak baliozkotze zientifiko sendo baten berrespena du. UPV/EHUko adituek
–Igone Etxeberria doktoreak zuzenduta– programaren efektu positiboak berretsi dituzte, 2019ko apiriletik 2020ko otsailera bitartean 210 familiarekin egindako azterlan kliniko baten bidez. London School of Economics-eko izen handiko ikerlari Joan Costa i Fontek zuzendutako talde batek, bere aldetik, ziurtatu du OKencasaren metodologiak sistema publikoaren zenbait arlotan aurreztea dakarrela.

 

Programaren fase berri honen aurkezpena gaur egin dute Donostian, eta Gizarte Politiketako foru-diputatu Maite Peñak, Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak, geriatriako mediku espezialista eta Sesosgiko zuzendari tekniko Juan José Calvok eta ekimen aitzindari honen sustatzaile eta arduradun Iñigo Kortabitartek parte hartu dute.

 

‘Zaintzen dutenak zaintzen’ premisari helduta, OKencasak prestakuntza, antolakuntza-tresnak, laguntza psikosoziala eta zerbitzu erabilgarrietako abantailak uztartzen ditu, senide zaintzaileak laguntzeko.

 

Hurrengo bi hamarkadetan zehar, baby boom-aren belaunaldiak 65 urte beteko ditu eta horrek esan nahi du Euskadin, urtero, 33.000 pertsona gehiago izango direla 65 urtetik gorakoen biztanleria-taldean. Faktore horrek eta bizi-itxaropen handiagoak eta gaixotasun neurodegeneratiboen gorakadak mendekotasuna duten adineko pertsona gehiago izatea ekarriko dute, eta horietako gehienak senideek zaintzen dituzte etxean.

 

Programa hedatzea

2018tik 2020ra bitartean egin zen programa pilotuan Donostiako 210 familia lagundu zituen OKencasak. Orain, bada, mendekotasuna duten senideak zaintzen dituzten 1.000 pertsona doan laguntzea da xedea. Hori lortzeko, Irunera, Pasaiara, Errenteriara eta Ataunera ere hedatuko da proiektua. Programa, funtsean, mendekotasuna duten senideak (dementziak, mugikortasun murriztua –osteoartrosia, hezurrak eta artikulazioak, bizkarrezurra eta bizkarra, osteoporosia–, gaixotasun kardiobaskularrak edo zerebrobaskularrak, Parkinson-en gaixotasuna edo diabetesa) zaintzen dituzten pertsonei zuzenduta dago.

 

Proiektuan parte hartzeko, beste betekizun batzuen artean, beharrezkoa da zaindu beharreko mendeko pertsonak mendekotasun-maila bat aitortua izatea. Plazak mugatuak direnez, aukeraketa bat egingo da betekizunak betetzen dituzten familien artean. Interesdunek 943 003 723 telefono-zenbakira hots egin dezakete programaren baldintzen eta ezaugarrien berri izateko.

 

Maite Peña: “Zaintza, esperimentazioa eta etorkizuna”

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak OKencasa proiektuak Gipuzkoarentzat duen “balio izugarria” azpimarratu du: “Garai zailak bizi ditugu, berrikuntza, elkartasuna eta zaintza funtsezkoak diren garaiak; proiektuaren funtsezko ezaugarriak direnak”.

 

Etorkizuna Eraikizek bultzatutako proiektu “giltzarria” da, eta diputatuak bere filosofia esperimentala eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gaitasuna nabarmendu ditu: mendekotasuna duten pertsonak zaintzea, zaintzaileak zainduz, gero eta zaharragoa den gizarte batean.

 

Bestalde, Maite Peñak esan du albiste “bikaina” dela proiektua 1.000 familiari eta Gipuzkoako udalerri gehiagotara zabaltzea. “OKencasa gero eta pertsona gehiagorengana iritsiko da, familia zaintzaileei beharrezko babesa eskainiz, eta mendekotasuna duten pertsonen zein haien familien beharrak eta eskaerak beti erdigunean ipiniz”, zehaztu du.

 

Iñigo Kortabitarte: “Bizi-kalitatea hobetzea”

“OKencasak bultzada irmoa jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako Sailetik eta Etorkizuna Eraikizetik, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailatik eta Donostiako Udaletik. Horiek eta gainerako administrazioek funtsezko rola jokatu zuten ereduaren baliozkotze zientifikoaren fasean”, Iñigo Kortabitartek administrazioak eskertzeko esan duenez. Gainera, programaren ezaugarriak eta helburuak azaldu ditu. Programak, bada, funtsezko laguntza izan nahi du Gipuzkoan mendekotasun bat aitortuta duten 25.000tik gora adineko pertsona zaintzen dituzten pertsonentzako. Horien % 80 etxean zaintzen dituzte, eta zainketaren lidergoa familiek hartzen dute beren gain nagusiki. “Helburua da zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzea, zainketaren egunerokoa erraztea eta zainketa mendeko pertsonentzako ahalik eta kalitate handienekoa izate”, Kortabitartek nabarmendu duenez. Zera azaldu du, halaber: “Funtsezkoa da familia zaintzaileek egiten duten lan handia ikusaraztea eta aitortzea, eta zaintzaileei laguntza egokia ematea zaintzeko egoerak hartzen dituen denboraldi luzeetan”.

 

Juan José Calvo: “Etxeko arretaren aldeko apustua, baita zaintzailearen aldekoa ere”

Juan José Calvok, geriatriako mediku espezialistak eta Sesosgiko zuzendari teknikoak, nabarmendu du zer-nolako garrantzia duen zaintzaileak laguntzeak: “OKencasa eta bestelako proiektu berritzaileak diseinatzeak adinekoen arreta hobetzen du; arreta hori da, hain zuzen ere, gizarte zahartu batek aurrez aurre duen eta hurrengo urteetan ere joera bera jarraituko duen erronketako bat”. Horregatik, Sesosgi OKencasan inplikatu da; izan ere, “etxeko arreta funtsezkoa da eta, ondorioz, baita zaintzailea zaintzea ere”.

 

 

Lide Amilibia: “Tresna osagarri bat”

Lide Amilibiak, Gizarte Politiketako sailburuordeak, nabarmendu duenez, tresna hau “zaintzaileei zuzenduta dauden eta Euskadin jada abian dauden beste zerbitzu eta prestazio ekonomiko batzuen osagarria da. Esate baterako, zaintzaileak laguntzeko udal-zerbitzuak, familien atsedenaldirako zerbitzuak, laguntza-produktuak eskuratzea (laguntza teknikoak) edo familia-inguruneko zainketetarako prestazio ekonomikoa”.

  

2484