Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Olano: “Belaunaldi berriek euskara erabiltzea nahi badugu, ezinbestekoa dugu ikus-entzunezko industria sendo bat”

Olano: “Belaunaldi berriek euskara erabiltzea nahi badugu, ezinbestekoa dugu ikus-entzunezko industria sendo bat”

Moriarti ekoiztetxeak jaso du 2016ko Abbadia Saria, ikus-entzunezkoen esparruan euskaraz egindako ibilbideagatik eta euskarazko zinemari nazioartean bide berri bat irekitzeagatik

2016/11/28
Markel Olano Abbadia Saria 2016

“Moriartik bide bat markatu du. Zuen lanaren bitartez gogorarazi diguzue kalitatezko ikus-entzunezkoen bitartez, eduki erakargarriak sortuz, euskarak barrera asko gaindi ditzakakeela”. Hitz hauek egin ditu gaur arratsaldean Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, 2016ko Abbadia Sariaren emate ekitaldian. Olanoren iritziz, “belaunaldi berriek euskara erabiltzea nahi badugu, ezinbestekoa dugu ikus-entzunezko industria sendo bat bultzatzea”. 

Abbadia Saria 2016

“Belaunaldi berriek eskolatik jaso dute hizkuntza, eta eskolatik kanpora euskaraz egiteko zailtasun nabarmenak dituzte kasu askotan. Lagunarteko erregistroa falta zaie. Erabilera hori lantzeko ikus-entzunezkoek gero eta garrantzia handiagoa hartu dute”, aipatu du. Testuinguru honetan, Olanoren iritziz, Gipuzkoan bada “masa kritiko sendoa” sektorea “indartzeko eta bultzatzeko”. “Duela 10 urte Tabakaleraren eraikina eraberritzeko egitasmoa bultzatu genuenean argi geneukan ikus-entzunezko edukien ekoizpena izan behar zela Tabakaleraren bihotza. Gaur egun, zentroa martxan dela, Foru Aldundia bi egitasmo ari da bultzatzen helburu hori gauzatzeko: lehenak prestakuntzari helduko dio eta bigarrenak esperientzia pilotu bat jarri nahi du abian euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza indartzeko”, adierazi du Olanok, zeinek goraipatu duen sustatze lan horretan Moriartiren gisako ereduak “bidegile” direla.

Izan ere, aurtengo Abbadia Saria 2016 Moriarti ekoiztetxeko kideek jaso dute, “aitortzeko ikus-entzunezkoen esparruan euskaraz egiten ari den ibilbidea eta, bereziki, euskarazko zinemari nazioartean bide bat ireki izana”. Hala adierazi du iazko irabazle eta epaimahaiko kide Kike Amonarrizek sariaren berri ematerakoan.

Okasiorako zinema gisa atondutako aretoan, Izaskun Alvarez artista errenteriarrak egindako lan grafikoa jaso dute oroigarri gisa Moriartiko sei kideek: Jon Garañok, Xabier Berzosak, Aitor Arregik, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Jorge Gil Munarrizek, alegia.

Moriartiko taldearen izenean, Jon Garaño eta Aitor Arregik hartu dute hitza, eta beren ibilbidean lagundu dieten senide, adiskide eta babesleak izan dituzte gogoan. Aipamen berezia egin diete, baita ere, euskal zinemaren eremuan lanean diharduten lankide eta gainontzeko ekoiztetxeei. “Moriartiren zuhaitzaz gain, baso honetan zuhaitz gehiago dago. Eta sari hau guztiontzako dela sentitzen dugu”, azpimarratu du Garañok.

Bestalde, azaldu dutenez, beren filmak aurkezterako garaian askotan galdetzen diete zergatik lan egiten duten euskaraz. “Ez da arrazoi bakar bat, baina bat eskatzen badigute, honako hau etortzen zaigu burura: Eta zergatik ez?”, aldarrikatu dute.

Gizarteko, euskalgintzako eta euskal erakundeetako hainbat ordezkari bildu dira gaur Foru Aldundian, ‘80 egunean’, ‘Loreak’ edota bidean den ‘Aundiya’ filmeen autoreei errekonozimendua eskaini eta urteroko euskararen aldeko ekitaldi honetan parte hartzeko. Saioko gidaria Joseba Usabiaga izan da, zeinek aretozain paperaz gain, aurkezle lanari heldu dion, bertaratu direnak zinema batean baleude bezala sentiaraziz.

  

1578