Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Omenaldi hunkigarria aurten erretiroa hartu duten Gipuzkoako Foru Aldundiko langileei

Omenaldi hunkigarria aurten erretiroa hartu duten Gipuzkoako Foru Aldundiko langileei

Azken urteetan “Gipuzkoako herritarren zerbitzura” egindako lana eskertu eta aitortu die Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok

2019/12/11

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten erretiroa hartu duten 70 langileri aitortza egin die gaur. Omenaldian foru Gobernuko kide guztiek hartu dute parte, Markel Olano diputatu nagusia buru zutela. Ekitaldia foru jauregiko jalgi aretoan egin, eta bertan egon dira baita ere erretiroa hartu duten langileen senitarteko eta lankideak ere. Aurten hil den foru langile bati ere omenaldia egin zaio topaketan zehar. 
Urtetan zehar, “Gipuzkoako herritarren zerbitzura egin duten” erakutsi duten dedikazioa, konpromiso eta lana eskertu dizkie Olanok, zerbitzu publikoaren balioa aldarrikatzearekin batera. “Dena deskreditatzen den garaian, inoiz baino garantzitsuagoa da mendeetan zehar erakunde hau osatu duten eta osatzen dugun pertsonok egin dugun eta egiten dugun lana defendatzea. Denon artean, beste lurralde asko begiratzen diren ispilu bihurtu dugu gure lurraldea. Harro egon behar duzue garapen, ongizate eta justizia sozialaren kate honen parte izatez”, esan du foru arduradunak. 
Datozen hiru legealditan foru langileriaren erdiak erretiroa hartzeko dagoen aurreikuspenaren aurrean, diputatu nagusiak egokitzapena aldaketekin eta profil berriak txertatzearekin uztartzearen garrantzian jarri du azpimarra, egun dauden langileek duten ezagutzari eusteko. “Etxe hau transformatzea legealdi honetarako daukagun helburu estrategikoetako bat da, eta honela jaso dugu gure Gobernu akordioan ere. Belaunaldi berriak behar ditugu, egungo gizarteak dituen beharrei erantzungo dieten profil berriak, baina hau guztia gaur egungo langileek duten ezagutza eta jakituria galdu gabe egin behar dugu”, nabarmendu du. 
Gaineratu duenez, zintzotasuna, gertutasuna, seriotasuna edota konpromisoa bezalako balioak Gipuzkoaren nortasunaren parte dira, eta “zerbitzu publikoa ulertzeko gure modua dira”. Honenbestez, ezin dira galtzen utzi. “Transformazio prozesu honetan, Aldundiaren aingura izango dira, foru erakundeak eragile aktibo eta produktiboa izaten jarraitzeko Gipuzkoaren etorkizunaren eraikuntzan, herritarren, elkarte eta gizarte eragileekin batera. Pertsonak eta guztion ongizatea lehenetsiko dituen eragilea”. Ekitaldiaren animazioa Angel Alkain komiko ezagunak egin du. Hasieran bideo bat jarri da, erretiroa hartu duten zenbait langileren testigantzak jaso dituena. Bertan, hauek kontatu dute nola hasi ziren Aldundian lanean, eta zer izan den beraientzako hamarkadetan zehar erakunde honetan lanean aritzea. 

  

2073