Oñatiko Olaran errekako zubiak birgaitzeko proiektua onetsi da
Oñatiko Olaran errekako zubiak birgaitzeko proiektua onetsi da
Lanek 628.278,09 euroko aurrekontua dute eta zubien segurtasuna hobetuko dute.
Diputatuen Kontseiluak, Oñatin, GI-2630 errepidean, Olaran errekaren gaineko lau zubi birgaitzeko proiektu berrikusiko obrak gauzatzea onetsi zuen herenegun. Zubiak Olabarrieta auzoan daude, eta kalteak dituzte bereziki lauzen handitzeetan, armadura janda eta agerian duten eremu handiak baitaude. Proiektuak planteatzen du gaur egun dauden hormigoizko handitzeak eraistea eta berreraikitzea; horretarako, aurrefabrikatutako hormigoizko lauzak erabiliko dira errepidearen zabalera osoan, obren eragina txikiagotzeko, bai Olaran errekan, bai errepideko erabiltzaileengan, «segurtasuna bermatzeko eta egiturek proiektatu zireneko balio-bizitza berreskuratzeko» azaldu du Imanol Lasa bozeramaileak.
Proiektua bi fasetan banatu da, obrek zirkulazioan eta errekan duten afekzioa ahalik eta txikiena izan dadin. Besteak beste, proiektuan azaltzen dira fabrika obretan egin beharreko iraunkortasun jarduketak, funtsean honako hauek: hondatutako piezak garbitzea eta, hala badagokio, berregitea, eta aurrez fabrikatutako lauzak jartzea, galtzada osoa hartuz. Euste elementuak ere jarriko dira, hau da, hormigoizko karelak, eta dagokion zoladura. Lanen aurrekontua 628.278,09 euro da.
Obrak egiteko, ezinbestean itxi behar da errepidea, eta lanak bi fasetan egingo dira: lehenengo faseko obrak 13+320 eta 13+650 KPetan dauden zubietan egingo dira; bigarrenak, aldiz, 14+560 eta 14+840 KPetan daudenetan. Bi kasuetan desbideratuko da trafikoa, proiektuak jasotzen duen eran.
Lasak adierazi duenez, obrak errepide sareko honelako azpiegituren «mantenimendua eta segurtasuna bermatzeko» Foru Aldundiak egiten dituen jardueren barruan sartzen dira, “alor honetan ere lurralde oreka bermatuz”. Horretarako, urtero diru kopuru bat xedatzen da horien jarraipena egiteko (2019an, 224.456,88 euro). Berrikuspen horien ondorioz, ohiko konponketa lanak egiten dira, besteak beste, hondatutako hormigoia garbitu eta konpontzea, pitzadurak injektatzea eta zigilatzea, karbono zuntzezko sare eta xafla bidez indartzea, drainadura hobetzea, taulak eta junturak iragazgaiztea, edo seinalizazioa eta balizamendua hobetzea; eta lan horiek egiteko, Foru Aldundiak urteko 559.356,96 euroko kontratua du sinatuta enpresa espezializatuekin. Lan zabalagoak egin behar badira, zaharberritze proiektu berezia egiten da, herenegun hartutako erabakiaren kasuan bezala.
Gautena
Era berean, Kontseiluak onespena eman zion Gautena Gipuzkoako Autismo Elkartearekin sinatutako hitzarmen-programa sendotzeari, eta 92.602,84 euro xedatu ditu egoitza arretarako. Proposatutako hobekuntzen artean, egoitzetan, hitzartutako egun kopurua igoko da 14 plazatan, zerbitzua urteko egun guztietan eskaintzeko, eta oporretako tarifa berezia Aste Santura eta Eguberrietara zabalduko da. Eguneko zentroei dagokienez, abuztuan 100 egonaldi gehiago eskainiko dira, eta lau plaza gehiago hitzartuko dira irailaren 1etik aurrera. Bozeramaileak «hirugarren sektoreko entitateek gizarte justuago eta inklusiboago baten alde Gipuzkoan egiten duten lana» nabarmendu du, eta ezinbestekotzat jo du horiekin lankidetzan aritzea «nazioartean erreferentea den laguntza sistema honi eusteko eta indartzeko».
1486