Euskaltzaindiak Foru Aldundiaren III. Ondarea Saria jasoko du
Euskaltzaindiak Foru Aldundiaren III. Ondarea Saria jasoko du
Sari emate ekitaldia foru jauregian egingo da, azaroaren 16an
Sari emate ekitaldia foru jauregian egingo da, azaroaren 16an
Denis Itxaso: “Euskaltzaindiaren lanari esker, euskara bizirik eta etorkizuna duen hizkuntza bat da”. “Euskara gure kultura ondarerik garrantzitsuena da eta beti batasun tresna izan behar du, banaketarako erabiltzeko tentazioari ihes eginez”.
Denis Itxaso Kultura diputatuak azaldu du Euskaltzaindiari eman zaiola Foru Aldundiaren III. Ondarea Saria.
Epaimahaikide izan dira Felipe Juaristi, idazlea; Juan Bautista Mendizabal, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko lehendakaria; Rocio Peña, arkitektoa; Susana Soto, San Telmo Museoko zuzendaria; Maria José Telleria, Kultura zuzendaria; eta Gabriela Vives, Foru Aldundiko Ondare Historiko-artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuko burua.
Kultura Ondarearen Europako Urtea dela eta, Foru Aldundiak berriz iragarri du 12.000 euroko zuzkidura duen sari hau.
Sari honen helburua da Gipuzkoako kultura ondarea zaindu, ikertu eta hedatzeko egindako lana saritzea. Epaimahaiak hainbat alderdi izan ditu kontuan, hala nola lan horien sakontasuna eta egindako ibilbidea, gehi proiektuaren berezitasuna; nazioarte mailako aintzatespena; Lurraldean duen ezarpena eta oihartzuna; eragindako eraldaketa kulturala eta soziala; sinergiak sortzeko gaitasuna; lanaren jarraitutasuna; balioen transmisioa.
Era berean, epaimahaiak nabarmendu du garrantzitsua izan dela herritarrei ikusaraztea orain arte aitorpen gutxi jaso izan duten ondare moduak, ondare immateriala esaterako.
Beraz, epaimahaiak aho batez erabaki du Euskaltzaindiak betetzen dituela aurtengo edizioko sariaren irabazle izateko ezaugarriak eta berezitasunak, argi eta garbi biltzen baititu proposamenak baloratzerakoan epaimahaiak nabarmendu dituen alderdi horiek guztiak. Denis Itxaso Kultura diputatuak azpimarratu du Euskaltzaindiak egin duen lan erabakigarria gure kultura ondare garrantzitsuena zaintzeko, eta adierazi du euskara bizirik eta etorkizuna duen hizkuntza bat dela gaur egun, Euskaltzaindiak egindako lanari esker. Era berean, nabarmendu du hizkuntzaren defentsan izandako abilezia eta meritua, oso zailak izan diren garaietan, ideia bat azpimarratuz beti “euskara guztion ondarea da, ideologia ororen gaindi” (Jean Haritschelhar). Zentzu horretan, Itxasoren esanetan, “Euskara gure kultura ondarerik garrantzitsuena da eta beti batasun tresna bat izan behar du, banaketarako erabiltzeko tentazioari ihes eginez”.
Epaimahaiak nabarmendu du erakundearen bizi-luzetasuna eta ibilbidea, eta balioetsi du erakunde honi saria emateko aukera, bere sorreraren mendeurrena eta Euskara Batuaren 50. urteurrena betetzen denean. Hain zuzen ere, euskara batua gizartearen arlo guztietan aitortzen eta partekatzen den ondarea da, erakundeak euskara zaindu, ikertu eta bultzatzeko egindako lanari esker; lehen mailako ondare immateriala eta gure kultura identitatearen funtsezko adierazpena.
Enfasia egin da ere erakundeak ondasun hau biziberritzeko izan duen gaitasunean, eta euskararen zabalkundeak eta erabilerak gure gizartean izan duen eragina eta sortu duen eraldaketa kulturala.
Kultura diputatuak emango du saria, azaroaren 16an Foru Aldundian egingo den ekitaldi batean; hain zuzen ere, Munduko Ondarearen Nazioarteko egunean, zeinaren leloa baita "Gure ondarea: iraganak etorkizunarekin bat egiten duen lekua".
Sari hau 2009an sortu zen eta bitan bakarrik eman da: 2009an, Fermin Leizaolari, bere ibilbideagatik eta abian jartzen ari zen Gordailua proiektuarekin zuen loturagatik, eta 2011n, Juan Garmendia etnografo eta historialariari, ohiko kulturaren alderdiak eta moduak biltzeko, sailkatzeko eta zabaltzeko ikuspegiagatik, egindako landa-lan eta artxibo lanagatik, eta bere lana sozializatzeko eskuzabaltasunagatik.
Kultura Departamentuak saria berreskuratu nahi izan du “uste dugulako bere filosofiak indarrean jarraitzen duela, eta sari hori emateak lagunduko duelako gizartea sentsibilizatzen ondareak gure historiaren ezagutzan betetzen duen paperaren inguruan, nahiz kide izatearen, artearen, kulturaren eta aniztasunaren inguruan, datozen belaunaldiei transmititzeko eta beste lurralde batzuekin partekatzen dugunari buruzko kulturarteko elkarrizketa bati ekiteko”, adierazi du Itxasok.
1601