Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Ondareari buruzko Europako V. Jardunaldietarako proposamenak aurkezteko epea zabalik

Ondareari buruzko Europako V. Jardunaldietarako proposamenak aurkezteko epea zabalik

«Kontaiguzu ondarea» lelopean, kultur ondarea publiko zabalarengana hurbiltzeko ehun bat jarduera aurreikusi dira.

2020/04/06

Harkaitz Millan, Kulturako foru diputatua: "Gure kultur ondarea ezagutzeak Gipuzkoako oraina hobeto ulertzen laguntzen digu, elkarrekiko balioak eta gure kohesio soziala indartzen ditu".

Martxoaren 24tik aurrera, Europako Kontseiluak sustatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen dituen Ondarearen V. Europako Jardunaldien barruan, kultur ondarea zabaltzeko ekimen berriak aurkezteko epea zabalduko da.  Jardunaldiak urritik aurrera izango dira eta Europako Kontseiluak aurtengo ediziorako aukeratu duen gaia hezkuntza da; herritarrak ondarea erakutsi, hedatu eta zabaltzera gonbidatzen dituen gaia.  Euskal Herrian, asmo hori islatzeko «Kontaiguzu ondarea» leloa aukeratu da.

Ondarea ezagutarazteko jarduera bat antolatu nahi duen edozein erakunde, antolamendu, talde, enpresa edo norbanakok aurkez ditzake ekimenak, gure nortasuna definitzen duen herentzia hori deskubritzera eta gozatzera gonbidatzeko xedea baldin badauka.  Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak laguntza eta lankidetza eskainiko dizkie antolatzaileei, gida orientagarri bat jarrita haien eskura.  Laguntza eginkizun horretan, Kultura Departamentuak Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologia Fakultatearen laguntza izango du.  Proposamenak 2020ko martxoaren 24tik maiatzaren 5era aurkeztu ahal izango dira, Gipuzkoa Kulturaren webgunearen bidez.

Harkaitz Millan Kulturako foru diputatuak nabarmendu du ondarera hurbiltzearen eta hura ezagutzearen garrantzia, «gure oraina hobeto interpretatzeko aukera ematen diguten gakoak» izateko eta «elkarrekiko balioak partekatzeko, Gipuzkoako kohesio soziala bereizi eta indartzen dutenak».  Millanek nabarmendu du, halaber, jardunaldiak era guztietako erakundeek eta herritarrek bultzatutako ekimenen inguruan antolatzeak balio berezia ematen diola ekimen horri «parte hartze kulturalerako plataforma sozial» gisa, «gure jakintza partekatuen bidez elkar hobeto ezagutzen laguntzen diguna».

Aurreikusita dago deialdi honetan onartutako proposamenei esker, datorren udazkenetik aurrera ehun jarduera inguru eskainiko direla Gipuzkoako zenbait udalerritan. Jarduera horiek ondarearekin zerikusia duten baliabide ugari ezagutzeko aukera emango diote publikoari, ohi ez bezala.  Jarduera guztiak urria inguruan egingo dira.  Gipuzkoan 2016tik egiten den programa horren barruan, aldi baterako erakusketak, ibilaldiak, bisita eta ibilbide gidatu edo antzeztuak, erakusketa fisiko eta birtualak, lantegiak eta abar egin ohi dira.

«Hariak sortzen», ondare immaterialaren balioa nabarmentzen

Ondarearen Europako Jardunaldien eraginez sustatutako jardueren adibide bat da Museum Cementos Rezolaren «Hariak sortzen» proiektua, Donostiako Añorgako Amassorrain ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleekin egindako ekimena.  Ikasleek inguruko pertsonekin elkarrizketak eginez deskubritzen dute auzoa, horrela ahozko memoriak irudikatzen duen ondare immateriala deskubrituz.  Bildutako materialetatik abiatuta, ikasleek Añorgako ahozko memoriari buruzko kontakizunak sortzen dituzte, eta gero landu egiten dituzte Museum Cemento Rezolan erakusketa bihurtzeko.   Ekimen honek ahozko memoriaren berreskuratzearen eta belaunaldien arteko transmisioaren garrantzia azpimarratzea du helburu. 

Museoarekin proiektu hori lantzen duen Amasorrain ikastolako Marian Arizeta irakasleak honela azaltzen du:  «Ikasleek "Hariak sortzen" proiektua lantzen dutenean konturatzen dira beren ingurunetik asko dagoela ezagutzen ez dutena eta interesatzen zaiena.  Ondare immaterial hori ezagutzeak aberastu egiten ditu, eta gelan ikasten dutenaz harago doazen gaitasun asko lantzeko aukera ematen die».

Beñat Gaztelumendi añorgatar bertsolariak aurreko edizioetan parte hartu du «Hariak sortzen»-en, elkarrizketatu gisa:  «Añorgatarra eta Amasorraingo ikasle ohia naizenez, pozik hartu nuen "Hariak sortzen"-erako nirekin gogoratzea, erakusten baitu, azken finean, Añorgako Amasorrain ikastola ez dagoela isolatuta, komunitatearekin lotuta dagoela.  Ikasleekin eta museoarekin elkarlanean aritzea modu bat da erakusteko ondarea ez dela helduok haurrei pasatzeko zerbait, baizik eta eraldatzen den zerbait dela».

Horrez gain, Beñat Gaztelumendi irakaslea da Añorgako Bertso Eskolan, eta bertan helduei zein haurrei irakasten die: «Niretzat, bertso eskolan ondarea ez da soilik kantu eta bertsolari mitikoen zerrenda bat erakustea bertaratzen direnei, baizik eta beste zerbait ere bada; espazio horretan tresnak eta trebetasunak ematen ditugu, eta gero bakoitzak erabil ditzake ondare immaterial hori sortzeko, interesatzen zaizkion gaiekin».

https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/kultura/ondarea/proiektuak/europako-jardunaldiak/2020

 

 

  

1375