Ongizatea eta kultura sustatuko dituzten mugaz gaindiko 8 proiektu berri bultzatuko ditu Foru Aldundiak
Ongizatea eta kultura sustatuko dituzten mugaz gaindiko 8 proiektu berri bultzatuko ditu Foru Aldundiak
Ongizatea eta kultura sustatuko dituzten mugaz gaindiko 8 proiektu berri bultzatuko ditu Foru Aldundiak
‘Ideiak 2024’ partaidetzazko aurrekontuaren aurtengo deialdiari esker, 150.000 euro bideratuko dira Bidasoaren bi aldeetako loturak estutzeko ekimenetara
Ideiak 2024 mugaz gaindiko partaidetzazko aurrekontuei esker Gipuzkoako herritar, elkarte eta erakunde ezberdinek proposatutako 8 proiektu berritzailek bultzada ekonomikoa jasoko dute aurten. Helburu horrekin bideratu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak 150.000 euro, Iparraldeko eragileekin lankidetzan Bidasoaren bi aldeetan kulturarekin, elikadurarekin edota berdintasunarekin lotutako egitasmoak babesteko, hain zuzen. Honela, “gure lurraldeetan ongizatea, kultura edota gizarte-ekimenak sustatzeko eta mugaren bi aldeetako herritarren arteko harremanak estutzeko proposamen ezin hobeak” gauzatuko dira datozen hilabeteetan, “herritarrak, elkarteak eta gizarte antolatua inplikatuz garatuko direnak”, Irune Berasaluze, Gobernantza diputatuak aurkezpen ekitaldian nabarmendu duenez. “Aurten berretsi da ongizatean sakondu, gure kultura eta hizkuntza bultzatu eta gure lurralde eta paisaia zaintzeko interes komun batek batzen gaituela” eta lankidetzaren bidez loturak estutuz, “mugez harago gure lurraldeak hobetzeko proposatutako ideia berritzaile eta bereziak” txalotu ditu foru diputatuak.
Aurten hautaketa fasera aurkeztutako proiektuak ekainaren 16tik uztailaren 9ra bitartean bozkatu ahal izan dira Aldundiaren webgunean eta, honela, boto gehien jaso dituzten 8 proiektuak gauzatuko dira. Partaidetza prozesu honetan 1.643 boto-emaile egon dira eta guztira 4.929 bozka banatu dira. Honela, proposamen bakoitzari gehienez ere 20.000 euroko laguntza egokitu zaio, 150.000 euroko aurrekontua osatu arte.
Proiektu hautatuak orain, garapen fasera igaroko dira, bi lurraldeetan osatu beharko dira eta datorren urteko azarora arteko gauzatze-epea dute, hasiera baten.
Ideiak egitasmoa 2022an abiatu zen lehen aldiz eta abiarazitako aurreko 2 deialdien laguntzari esker, 18 proiektuk jaso zuten babesa, Gipuzkoak edizio bakoitzean 150.000 euroko aurrekontua jarri duelarik.
Musika, elikadura eta ongizatea
Bozka kopuruaren arabera, hauek dira Ideiak 2024 deialdiaren baitan gauzatuko diren proiektuak:
- Ahotsak mugaz gaindi (Onuradunak: Landarbaso eta Landarbaso Txiki abesbatzak eta Lilia elkartea). Kantu koralaren bidez mugaren bi aldeetako loturak sendotzeko ekimena. Euskal musika folklorikoko kontzertuak antolatuko dira Gipuzkoan eta Iparraldean, beren-beregi prestatu eta landutako errepertorio berezi batekin. (20.000 euroko laguntza)
- Digitalizazio arduratsua (Onuradunak: Iametza enpresa eta Baionako Bernat Etxepare Lizeoa). Teknologiaren erabileran modu arduratsuan hezteko materiala sortuko da L.H., D.B.H. eta Batxilergo mailetarako. Podcast bat ere jarriko da martxan eta teknologia libreei buruzko topaketa antolatuko dute. (20.000 euroko laguntza)
- EMAKUMélan (Onuradunak: ASPEGI eta Andere Nahia elkartea) Emakume ikasle gazteak eta Gipuzkoako eta Akitaniako enpresetako emakume liderrak harremanetan jartzeko ekimena, emakumeen lidergoan sakontzeko. Urria eta otsaila bitartean enpresetara bisitak eta topaketak antolatuko dira. (20.000 euroko laguntza)
- Mugi mugak (Onuradunak: UPV/EHU eta Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua) Mugaren bi aldeetako gazteen arteko loturak ehuntzeko ekimena da, ikerketa baten bidez nortasunak eta ohitura politikoak aztertuko dituena. Irailetik azarora bitartean garatuko da ikerketa lana. (20.000 euroko laguntza).
- Gazteak ON (Onuradunak: Maïa permaculture eta Les ami.e.s D’Hendaiakoop). Elikaduraren inguruko sentsibilizazioaren gaiari helduta, bideo-ideia lehiaketa bat deituko da. (20.000 euroko laguntza)
- Uhinak. Klima aldaketari eta itsasertzari buruzko mugaz gaindiko VI. kongresua (Onuradunak: Ficoba Fundazioa eta Euskal Hirigune Elkargoa) Arku Atlantikoko kostaldean klima aldaketaren eta muturreko gertakarien ondorioak ulertzeko eta aurre egiteko kongresua, urrian. (20.000 euroko laguntza).
- Gazteak mugaz gaindi (Gukmedia kultur elkartea eta SCIC Iparla Baigura Komunikazioa). Ikus-entzunezko sorta ekoiztuko dute (podcastak eta erreportaje idatziak) gazteek egindako mugaz gaindiko proiektuak eta politika publikoak ikusarazteko. (20.000 euroko dirulaguntza)
- Ikusi Mikusi (Onuradunak: Mari Gorri elkartea eta Galtzagorri elkartea) Lapurdin egiten den Ikusi Mikusi haurrentzako literatura azokan Gipuzkoarren partaidetza sustatzeko ekimena; haur, gazte, antzerkigile, aktore, idazle, ilustratzaile, kontalari eta abarrei zuzendua. (10.000 euroko dirulaguntza)
9175