Online baliabideak modernizatu ditu Gipuzkoako foru Ogasunak, bere web orria berritu ostean
Online baliabideak modernizatu ditu Gipuzkoako foru Ogasunak, bere web orria berritu ostean
Atari berria gaur bertan jarri du martxan foru erakundeak eta helburua da hobetzea herritarren nabigagarritasun eta irisgarritasuna
Gipuzkoako foru Ogasunak bere web orria berritu du, euskarri honek gizarteari ematen dion zerbitzua hobetzeko helburuarekin. Atari berria gaur bertan jarri da martxan, eta foru erakundearen irudia modernizatzeko ahalegina egin da, diseinu askoz erakargarri, atsegin eta nabigatzeko errazagoa baitu orain. Gainera, responsive diseinua du, nabigazioa mugikorretatik nabarmen hobetzen duen ezaugarria. Erabiltzaileak ingurune berri honetara egokitu daitezen, foru erakundeak badu online asistentzia zerbitzua. Gainera, foru Ogasunarekin harremanetan jartzeko, ohiko telefonora deitu daiteke (902 100 040).
Neurriaren garrantzia azpimarratu du foru bozeramaile eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatu den Imanol Lasak, foru Ogasunarena “Aldundiak dituen web orririk bisitatuenen artean baitago”. Adierazi duenez, urtean milioi bat bisitaritik gora izan ohi ditu. Web orria berritzea Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan abian jarri duen gobernantza berriaren parte dela ere adireazi du Lasak.
Horrela, gogoratu du foru erakundea lan garrantzitsua egiten ari dela sarean dituen baliabide eta atari ezberdinak berrantolatu eta hobetzeko. Testuinguru honetan, zaharkituen geratu direnak berritzen ere ari da. “Helburua, betiere, irisgarritasun handiko eta erabilerrazak diren erremintak jartzea da herritarren eskura, hauek ahalik eta erakargarrienak eginez”, gogoratu du Lasak. Bide honetan, traba eta oztopo burokratiko ezberdinak arintzeko lanean ari da Aldundia. “Erakundea herritarrei gerturatu nahi diegu, gure ate eta leihoak irekitzea, eta mundu digitala funtsezkoa da esfortzu honetan”, nabarmendu du.
1934