Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Akordioa organoen zaintza sustatzeko

Akordioa organoen zaintza sustatzeko

Interes bereziko ondarea denez, organoen zaintza eta zabalkundea ahalbidetu da

2017/06/14
  • Interes bereziko ondarea denez, organoen zaintza eta zabalkundea ahalbidetzeko Batzorde bat eta Batzorde Tekniko bat sortu dira.
  • Datozen asteetan Foru Aldundiak hasiko ditu Donostiako Santa Maria basilikako eta Bergarako San Pedro parrokiako organoak zaharberritzeko lanak.
  • Foru Aldundiak Musikeneko organo irakaslea den Esteban Landart izendatu du batzorde teknikoko solaskide eta koordinatzaile.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Elizbarrutiak erabaki dute Gipuzkoako organoen babesa, zaintza eta zaharberritzea sustatzea, interes bereziko ondare baitira lurraldearentzat. Horretarako, erabaki dute Donostiako Elizbarrutiaren jabetzako Organoak eta Harmoniumak Zaindu eta Zaharberritzeko Batzordea sortzea, baita batzorde tekniko bat ere lehenengoari aholkularitza eskaintzeko Gipuzkoako organoak zaharberritu, zaindu eta horien zabalkundea egiteko gaien inguruan, eta lan teknikoak lehenbailehen hasteko.

Batzorde horiek sortu dira Donostiako Elizbarrutiarekin 2009an sinatutako hitzarmenaren barruan, zeinaren bidez arautzen den Donostiako Elizbarrutiaren jabetzako ondasun higigarriak eta higiezinak zaindu eta zaharberritzeko lanak egiteko beharrezkoa den lankidetza finantzarioa, teknikoa eta kudeaketakoa.

Batzorde honen helburua da Gipuzkoako organo ondarearen babesa, zaintza eta zabalkundea bultzatzea, Gipuzkoako interes bereziko ondarea baita. Bere bokazioa da lurraldeko organo eta harmonium guztien zaintza eta zaharberritze lanetan parte hartzea; bereziki, Donostiako San Maria basilikako eta Bergarako San Pedro parrokiako organoen zaharberritze lanetan, laster hastekoak baitira. Ataungo organoan ere esku hartze txikiago bat egingo da. Akordio hau laster aurkeztuko da Santa Maria basilikan, bertako organoan egingo den jarduera azaltzeko.

Batzorde honek Gipuzkoako organo eta harmoniumen kontserbazio egoerari buruzko azterlan-diagnostiko bat gauzatuko du epe ertainera, mota honetako ondarearen gaineko esku hartzeak planifikatu ahal izateko.

Gipuzkoako organo eta harmoniumen titularren proposamenak jasoko ditu, eta urgentzia, ondare interes eta bideragarritasun ekonomikoaren arabera baimenduko du eskatutako jarduketa. Jarduketa proposamen horiek mantentze jarduketa txikiagoei zein zaharberritze jarduketei eragingo diete. Era berean, erabakiko du zeharberritzeko eskaintzarik onuragarriena, eta bultzatuko du organo  ondarearen zabalkundea eta erabilera.

Batzorde teknikoa kontzertista eta Musikeneko irakasle den Esteban Landartek koordinatuko du, eta diziplina askotarikoa izango da; beraz, organo ondarearekin zerikusia duten diziplinetako adituek, organo jotzaileek, organo egileek eta abarrek osatuko dute; baita Elizbarrutiko, organoaren jabe den parrokiako eta organoa kokatuta dagoen herriko ordezkariek ere. Aholkularitza emango dio Batzordeari erabakitzeko beharrezkoa ote den edozein esku hartze mota egitea, eta instrumentuaren azterketa oso bat egingo du.

Honako hauek osatuko dute batzorde teknikoa: Loreto Fernandez, Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioko organo irakaslea eta kontzertista; Gerardo Rifón, Donostiako Santa Maria basilikako organista; Aitor Olea, Bergarako San Pedro parrokiako organista; Koldo Apestegi, Donostiako Elizbarrutiko ondare artistikoaren arduraduna; Esteban Landart; Oscar Candendo, kontzertista eta Kataluniako Musikako Goi Eskolako irakaslea; Jesús Martín, Donibane Loizuneko parrokiako organista eta Gabriela vives, Foru Aldundiko Ondare Historiko-artistikoko eta Artxibo Zerbitzuko burua.

A. Cavaillé-Coll organoa, Donostiako Santa Maria basilikakoa (1863)

Donostiako Santa Maria Basilikako Cavaillé-Coll organoa organo romantikoaren prototipoa da eta Cesar Franken musika interpretatzeko instrumentu ideala da. Organogile ospetsuak eraikitako azken instrumentua da gainera. Organoa instalatzeko lanak Vincent Cavaillé-Collen, Aristide organogile ospetsuaren anaiaren, zuzendaritzapen egin ziren. 

Fernand Princek harmonizatu zuen, zeinak aurrez Stoltz frères etxearentzat lan egin baitzuen, Bergarako, Zumaiako eta Tolosako Klarisetako organoak harmonizatzen. Organoa koruaren ezker aldean kokatuta dago, presbiteriora begira, aurreko organo barrokoaren kokalekua errespetatuz.

Eskuzko hiru teklatu dauzka, 56na notakoak, 30 notako bat pedalerako, eta guztira 40 sorta.

Stoltz frères organoa, Bergarako San Pedro parrokiakoa (1889)

Jatorrizko egoeran gordetzen den instrumentu erromantiko garrantzitsua da. Fernand Princek harmonizatu zuen eta gero Cavaillé-Coll etxearentzat lan egitera pasa zen. Aurrerago organogile bihurtu zen eta bere lana funtsezkoa izan zen Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko organo erremantikoen (bereziki frantsesen) mantenimendurako. Berezitasun bat dauka, horrelako instrumentuek izan ohi dutena baino tonu erdi baxuago afinatuta dago.

Bergarako organo honek, azken urteotan, zabalkunde handia izan du nazioarte mailan, Aeolus eta Aus art records etxeek (Alemania eta Euskal Herria, hurrenez hurren) bertan egin dituzten grabazioak direla eta.

Eskuzko hiru teklatu dauzka, 56na notakoak, 30 notako bat , eta guztira 36 sorta.

 

 

 

  

1923