Ozono Geruza Babesteko Mundu Eguna
Ozono Geruza Babesteko Mundu Eguna
Lurraldeen eta belaunaldien arteko elkartasuna oinarria da
José Ignacio Asensiok hau esan du: “lurraldeen eta belaunaldien arteko elkartasuna oinarria da benetako ingurumen politika orotan”.
Ozono Geruza Babesteko Mundu Egunaren ospakizunetan, urtero irailaren 16an ospatzen baita, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuko foru diputatu José Ignacio Asensiok gogorarazi du 30 urte betetzen direla Montrealgo Protokoloa sinatu zenetik, zeinak debekatu baitzuen ozono geruza hondatzen zuten substantziak erabiltzea; “Montrealen, 1987an, adostasun handi bat lortu zen munduan, eta horrek berekin ekarri du esan ahal izan dezagun ezen, 2050ean, ozono geruza guztiz berrituta egongo dela, eta urtean larruazaleko minbizi eta kataratako bi milioi kasu saihesten ari direla. Arrakasta kolektibo bat da, oinarri duena lurraldeen eta belaunaldien arteko elkartasuna, funtsezko osagaia baita benetako ingurumen politika orotan, toki izaerako interes zorrotzetatik harago joanez”, esan du Asensiok.
Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak efemerideaz baliatu nahi du nabarmentzeko arreta jarri behar dela gas fluordunen efektuetan –hala nola hoztaileak, disolbatzaileak eta isolatzaileak–, zeren eta Montrealek debekatutako substantzia haiek ordeztu baitituzte; nahiz eta gas horiek ez duten ozonoa hondatzen, atmosferan luze irauten dutenez, berotegi efektuari laguntzen diote, eta horren ondorioz, baita klima-aldaketari ere.
“Ingurumenaz eta Planeta babesteaz ari garenean, azken helmuga tarteko helmuga da beti, ez baikara inoiz iristen. Horregatik, hau da erronka berria: Kigaliko zuzenketak adierazten duenez (Ruanda), progresiboki ezabatzea gas fluordunak (HFCak, hidrofluorokarbonoak), hozkailuetan eta airea egokitzeko gailuetan erabiltzen direnak. Zientziari eta industriari dagokie, gobernuen laguntzarekin, HFCen ordezko egokiak aurkitzea, garapen bidean dauden herrialdeetako biztanleen ongizatea hobetzeko asmo zilegiei galga emango ez dietenak, askotan klima beroko tokietan kokatuta baitaude horiek”, jarraitu du José Ignacio Asensio.
Horiek horrela, Foru Aldundiaren iritziz, erantzukizun kolektibo berri bat da, herrialde guztiei dagokiena, lurralde guztiei, baita gutako bakoitzari ere; “Espero izatekoa da, hemendik urte batzuetara, gai izango garela esateko, Montrealen ozono geruzari buruz itundutakoarekin gertatzen den bezala, Kigalin hitzartutakoa giltzarria izan zela berotze globalari galga emateko”, amaitu du foru diputatuak.
1698