Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Pablo Perez urretxuarrak irabazi du Aldundiaren 2024 urteko egutegia osatzeko argazki lehiaketa

Pablo Perez urretxuarrak irabazi du Aldundiaren 2024 urteko egutegia osatzeko argazki lehiaketa

Aurtengo deialdian gipuzkoarren kirolzaletasuna eta kirolaren balioak islatzea izan da helburua eta, guztira, 479 argazki jaso dira. Urte amaieran lurraldeko hainbat puntutan banatuko du egutegia Aldundiak

2023/11/03
Argazki Lehiaketa

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2024 urteko egutegiak Pablo Perezen argazki harrigarria jasoko du azalean. Lehiaketak aurten gipuzkoarren kirolzaletasuna eta balioak erakustea izan du helburu eta Urretxuko argazkilariaren irudiak, hain zuen, lokaztutako errugby jokalari taldea eta haur bat ditu protagonista. Perezek berak eta egutegian agertuko diren gainerako 12 irudien egileek gaur jakin dute hautaketaren berri, Irune Berasaluze, Gobernantza diputatuaren eskutik, Gunean egin den sari-banaketa ekitaldian. Aldundiak 40.000 ale inguru banatuko ditu urte bukaeran, hala Aldundian bertan nola lurraldeko hainbat puntutan ere, berritasun moduan.

            Hala, aurten guztira 479 argazki aurkeztu dira lehiaketara, denetariko kirol praktikak eta kirolariak erakusten dutenak. Hain justu ere, horixe bilatzen zen aurtengo deialdian, “gipuzkoarren kirolzaletasuna erakustea, bizimodu aktibo eta osasuntsu baten alde egiten dugun apustuari balioa emanez eta kirolaren bitartez elkarbanatzen duguna ospatuz”, Berasaluzek azaldu duenez. Horrekin batera, “natura da beste protagonista, argazkitan oso ondo ikusten baita gure mendi-itsasoen edertasuna eta horietaz gozatzeko gipuzkoarren zaletasuna, urtaro guztietan”. Aurtengoa lehiaketa deitu den zazpigarren urtea dela ere nabarmendu nahi izan du diputatuak, eta deialdi guztietan izandako erantzun ona ikusita, gipuzkoarren partaidetza eskertu eta Aldundiaren egutegiak izan ohi duen harrera ona azpimarratu ditu Berasaluzek: “Aurten parte-hartze epea estuago izan bada ere, hilabetekoa, ia 500 ekarpen jaso izana pozgarria da eta, urtero bezala, banatuko ditugun aleak ziur agortu egingo direla”.

Pablo Perezekin batera, hauek dira aurtengo lehiaketaren irabazleak: Iñaki Oregi (urtarrila), Lazaro Gonzalez (otsaila), Ander Morea (martxoa), Jose Venegas (apirila), Iosune Negredo (maiatza), Lander Tolosa (ekaina), Carlos Mediavilla (uztaila), Mikel Cavero (abuztua), Arbil Iciar (iraila), Alberto Beloki (urria), Aitor Agirrezabal (azaroa) eta Gurutze Ariznabarreta (abendua). Guztira 4.000 euro banatu dira saritan, 1.000 euro irabazlearentzat eta 250 euro gainerako 12 aukeratuentzat. Urtero bezala, epaimahaia Gipuzkoako Argazkilaritza Elkarteko kideek eta Aldundiko ordezkariek osatu dute. Epaimahai honek hautatu ditu, lehiaketaren oinarrien arabera eta irizpide teknikoak eta estetikoak kontuan hartuta, 13 argazki irabazleak eta 7 finalistak, eguteriaren kontrazalean jasoko direnak.

Banaketa lurralde osoan

Egutegiak, urtero bezala, herritarrentzako eskuragarri jarriko dira abenduan. Orain arte banaketa publikoa Aldundiko egoitzara mugatu bada ere, aurten lurralde osoan zehar banatuko da egutegia. Horretarako, banaketa puntu bereziak jarriko dira eskualde guztietan.

  

3056