Pandemiak gizartean utzitako arrasto “sakona” aztergai izango dute hainbat adituk Udako Ikastaroetan
Pandemiak gizartean utzitako arrasto “sakona” aztergai izango dute hainbat adituk Udako Ikastaroetan
Pandemiak gizartean utzitako arrasto “sakona” aztergai izango dute hainbat adituk Udako Ikastaroetan
Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan, ‘Gipuzkoa COVID-19aren ondoren: balantzea’ jardunaldian gerora begirako “eraldatze eta aukerak” aztergai izango dituzte; Sami Naïr pentsalari frantziarraren irekiera hitzaldiarekin hasiko da.
Pandemiak gipuzkoar gizarteko eta ekonomiako hainbat alorretan eragindako “inpaktu sakonari eta ikasgaiei” buruz gogoeta egin eta etorkizunera begira zabaldu diren “eraldatze eta aukerak” eztabaidagai izango dituzte datozen irailaren 3an UPV/EHUren Udako Ikastaroetan. Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan antolatutako jardunaldi honetan, egungo krisialdiak gipuzkoar herritarrongan nahiz Europa osoan izandako eragin soziala eta ekonomikoa xehetasunez aztertuko dute hainbat aditu eta foru ordezkarik, gisa horretan COVID-19 osteko Gipuzkoa irudikatzeko eta eraikitzen jarraitzeko “giltzarri nagusiak” identifikatuz.
Halaxe aurreratu dute gaur goizean Aldundian egindako prentsaurrekoan Eider Mendoza foru bozeramaileak, Xabier Barandiaranek, Etorkizuna Eraikizeko estrategia arduradunak, eta Itziar Alkortak, Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroen zuzendariak, zeinek Tabakaleran egingo den jardunaldiaren berri eman dute. Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok zabalduko du egitaraua, hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreirarekin batera. Irakasleen artean, berriz, foru diputatuen partaidetzaz gain, beren ikuspegia eta jakintza partekatuko dute Sami Naïr jatorri aljeriarreko politikari eta pentsalari frantziar entzutetsuak eta Sara Baliña ekonomialariak, Espainiako Prospektiba eta Estrategiako Bulegoko zuzendariordeak.
“Europa eta mundu osoan bezala”, pandemiak gipuzkoar gizartean ere “arrasto sakona” utzi duenez, Eider Mendozaren esanetan “funtsezkoa” da inpaktu horiek “xehetasunez aztertu” eta “ikasgai nahiz ondorio garrantzitsuenen” entresaka egitea. “Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren bitartez, etengabeko entzute lanean dihardu, lurraldeko eragile eta herritarren arazoak, kezkak eta ekarpenak jasoz. Ikastaro honekin ahalegin horretan sakondu nahi dugu, esku artean ditugun azken ikerketen emaitzak partekatu eta aberastu nahi ditugu, erreferentziazko adituekin, batetik, eta publikoan izango diren gizarte eta ekonomia ehuneko ordezkariekin, bestetik”, adierazi du.
Izan ere, Gobernantza diputatuaren iritziz, bistan da pandemiak eragindako “krisialdi hirukoitzak” –osasuna, gizartea eta ekonomia mailan– “modu nabarmenean” baldintzatuko duela Gipuzkoaren etorkizuna. “Erakundeen, hainbat eremutako eragileen eta gizarte osoaren esfortzuari esker, gure lurraldeak eutsi egin die COVID-19ak ekarritako bat-bateko desafioei”, foru bozeramaileak nabarmendu duenez, baina, aldi berean, “bizkortu” egin ditu martxan ziren hainbat “sakoneko korronte” eta “eraldatze logika berri”.
“Ezin ditugu ahaztu, ezta ere, herritarren ohitura eta psikologia kolektiboan pandemia uzten ari den lorratzak. Lurraldearen etorkizun soziala eta ekonomiko jorratzeko lanean, koordenatu berri horiek ongi identifikatu eta kontrastatu nahi ditugu. Beti ere, ezarrita dugun norabidean eraginkorrago izateko: gizarte desberdintasunei aurre egingo dien eredu ekonomiko eta soziala indartzen jarraitzeko, alegia”, adierazi du Mendozak.
Xabier Barandiaranek, berriz, ikastaroaren inguruko xehetasunak eskaini ditu eta, azaldu duenez, COVID-19ak utzitako “ondorio sozial eta ekonomiko nagusiei” erreparatuko dien ikerketa aurkeztuko dute ikastaroan. Hain zuzen ere, 2021eko lehen seihilekoan egindako azterlan soziologikoa aurkeztuko du Foru Aldundiak. Datu “berri eta esanguratsu” horiez gain, Barandiaranek nabarmendu duenez, “bereziki interesgarria” izango da adituen eskutik lurraldeko errealitatea eta Europar gizartean bizi diren eraldatze nagusiak alderatzea eta, baita ere, foru ordezkarien eskutik Aldundia “etorkizuna begira” egiten ari den ahalegina “modu kolektiboan” aztertzea.
Sami Naïrren irekiera hitzaldia
Sinnergiak Berrikuntza Sozialeko zentroarekin elkarlanean antolatutako ikastaroa Markel Olano diputatu nagusiak eta Eva Ferreira errektoreak zabalduko dute. Ondoren, irekiera hitzaldia eskainiko du Sami Naïrrek. Jatorri aljeriarreko politikari eta pentsalari frantziarra (1946), immigrazio gaietan Europako espezialistarik bikainenetako bat bezala nabarmendu dena, eta Frantziako gobernuaren aholkulari bezala populazio mugimendu hauekin lotutako politiketan. Filosofia eta Letretan eta Giza Zientzietan doktorea, Sorbonako Unibertsitatean. Gaur egun, Zientzia Politikoetako katedraduna eta Sevillako Pablo de Olavide Unibertsitateko Mediterraneo-Andalustar Zentroko zuzendaria da. Bere lan intelektual eta politikoaz gain, Naïr irakasle lanetan aritu da, eta Estatu Batuetako, Latinoamerikako, Europako eta Magrebeko hainbat unibertsitatetan eman ditu ikastaroak. Espainian, 1996ko hasieratik, Mediterraneoko ikasketen lehen katedra zuzendu du, Valentziako Unibertsitatean sortua. Filosofia, ekonomia, literatur kritika eta zientzia politikoetako artikulu ugari idatzi ditu Frantziako eta beste herrialde batzuetako aldizkari akademiko nagusietan.
Ondoren, Barandiaranek xehetu duenez, Gipuzkoa COVID-19aren ondoren: trantsizio ekologikoa gaia landuko du Jose Ignacio Asensiok, Ingurumena eta Obra Hidraulikoetako diputatuak. Ekonomia Sustapeneko Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, Jabier Larrañagak, berriz, pandemia osteko ekonomia indartzeko Gipuzkoa lantzen ari den lehiakortasun iraunkorraren berri emango du. Gizarte Politikako diputatua, Maite Peña, etorkizuneko gizarte zerbitzuei buruz arituko da eta Eider Mendozak, berriz, COVID-19aren ondoren lurraldean jazo diren “eraginak” eta aurrera begirako “aurreikuspenei” buruzko ikerketa aurkeztuko du.
Amaitzeko, Sara Baliñak Etorkizun posibleak: agenda partekatuak eta lehentasunak hitzaldia eskainiko die ikastaroan izena ematen dutenei. A Coruñako Unibertsitatean Ekonomian Lizentziatua eta EFAn Banka eta Finantzetan Masterra (Afi Taldea), gaur egun Espainiako Prospektiba eta Estrategiako Bulegoko zuzendariordea da. Aurretik, BBVA Researchen (2014) ekonomialari nagusi gisa lan egin du eta Afiko Ekonomia eta Merkatu Analisiaren arloko bazkide eta arduradun izana da (2007).
2167