Parke teknologikoa handitzea eta Anoetako kirol instalazioen berritzea bultzatzea hitzartu dute Mendozak eta Goiak
Parke teknologikoa handitzea eta Anoetako kirol instalazioen berritzea bultzatzea hitzartu dute Mendozak eta Goiak
Parke teknologikoa handitzea eta Anoetako kirol instalazioen berritzea bultzatzea hitzartu dute Mendozak eta Goiak
Bi erakundeek lan talde egonkorra abiatu dute Donostia eta Gipuzkoarentzat garrantzitsuak diren zenbait gai elkarlanetik lantzeko.
Eider Mendoza eta Eneko Goia.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Miramongo Parke Teknologikoa handitzea bultzatuko dute, eta Anoetako kirol-instalazioak berritzeko lan koordinatua egingo dute. Bi konpromiso horiek iragarri dituzte, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak, biek Gipuzkoako hiriburuko udaletxean egin duten bilera instituzionalaren ostean.
Goiaren eta Mendozaren arteko topaketa izan da diputatu nagusiak hasi berri den legealdian lurraldeko 88 udalerri guztiekin egingo dien lehenengoa, herri bakoitzaren beharrak bertatik bertara ezagutzeko eta Foru Aldundiarekin banakako lan-esparrua ezartzeko.
Donostiaren kasuan, bi erakundeetako arduradunek adostu dute lantalde egonkor bat eratzea Udalaren eta Aldundiaren artean, partekatutako gaiak eta proiektuak lantzeko. Talde iraunkor hori maiztasun jakin batekin batzartuko da, eta proiektu bakoitzerako eskumena duten arloetako arduradunek hartuko dute parte.
Horrela, foru erakundeak eta Donostiako Udalak hasiera batean bultzada ekonomikoarekin zerikusia duten gaiak finkatu dituzte, hala nola Eskusaitzetako poligonoaren garapena eta Miramongo Parke Teknologikoaren handitzea, non bi aldeek lan egingo duten hori gauzatzeko.
Horrekin batera, legealdi honetarako ezarritako beste lehentasunetako bat Anoetako Kirol Hiriko azpiegiturak berritzea da. Hala, bi aldeek adostu dute kirol-instalazioak modernizatzeko beharrezkoak diren inbertsioen egutegia eta periodifikazioa egingo dituztela.
Mendozak eta Goiak mugikortasunarekin eta garraio-azpiegiturekin lotutako hainbat gai elkarrekin lantzeko beharra ere planteatu dute, besteak beste, Gi-20ko saihesbidea egokitzea eta modernizatzea, Marrutxipiko lotunea amaitzea, bide horretatik sarbide berriak aztertzea, Lurraldebuseko autobus-fluxua hiriburuan zehar, Donostiako bizikleten sistema publikoa alboko herrietara hedatzea edo Donostiako sarea Chillida Lekurekin lotuko duen bidegorria egitea.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak nabarmendu duenez, lurraldeko udalerriekin harremanak estutu eta koordinazioa indartzea izango da foru gobernuaren egiteko nagusietako bat datozen hilabeteotan eta, ahalegin horretan, legealdi hasiera honetan “herri eta hiri bakoitzeko errealitatea eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko” konpromisoa hartu du. Testuinguru horretan, ibilbide hori Gipuzkoako hiriburuan hasi eta Donostiako Udalarekin partekatutako proiektuei “bultzada berri bat” eman eta egitasmo berriak “elkarlanean” gauzatzeko determinazioa adierazi du, gisa horretan donostiarren eta gipuzkoar guztien “ongizatean eta bizi kalitatean” eragingo duten “ekimen berriak eta berritzaileak” gauzatuz.
Bestalde, Donostiako alkateak adierazi du bi erakundeek “koordinatuta” lan egingo dutela “donostiarren bizitza hobetuko duten eta hiriaren prestazioak handituko dituzten proiektuak bultzatzeko eta burutzeko, bai arlo ekonomikoan, bai garraioan, mugikortasunean edo kirol fisikoa praktikatzean”.
“Aldundiak eta Udalak elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dugu, partekatzen ditugun proiektuak legegintzaldi honetan bertan errealitate bihur daitezen”, azpimarratu du.
3830