Pasaiak ekosistema berritzaile bat ezarri du adinekoek zainketa “integral eta pertsonalizatua” jaso dezaten etxean
Pasaiak ekosistema berritzaile bat ezarri du adinekoek zainketa “integral eta pertsonalizatua” jaso dezaten etxean
Pasaiak ekosistema berritzaile bat ezarri du adinekoek zainketa “integral eta pertsonalizatua” jaso dezaten etxean
Gipuzkoako Foru Aldundiak Zaintza HerriLab estrategia aurkeztu du, non tokiko hainbat esperientzia garatzen ari diren, etxean bertan iraupen luzeko zainketak bermatzeko.
Gaur goizean lan jardunaldi bat egin da Pasaian, eta 180 profesional bildu dira bertan, erakunde sozial eta instituzionaletako ordezkariak, Gipuzkoako tokiko zaintza ekosistemen diseinuei eta garapenei ekiteko. Zehazki, Pasaiako kasuan eta udalerrian ezartzen ari den ekosisteman sakondu da: Pasaia Zaintza HerriLab, proiektu “komunitario, partekatu eta berritzailea”, helburu duena mendekotasun eta hauskortasun egoeran dauden herritar guztien bizi kalitatea hobetzea eta zerbitzuak eta iraupen luzeko zainketak erraztea. etxean bertan.
Horrela definitu du Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, jardunaldiari hasiera emanez, eta, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan eta Adinberrirekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundia garatzen ari den Zaintza HerriLab estrategia azaldu du. Estrategia horren babesean, Pasaiako udalerria aitzindari bihurtu da etorkizuneko zainketen garapenean, adinekoen arreta etxera hurbiltzen duen ekosistema berritzaile bati esker. Ekosistema horretan, adinekoen arreta etxera hurbilduko da, eta zainketen jarraitutasuna bermatuko da, udal eta foru zerbitzuak, osasun zerbitzuak eta komunitate zerbitzuak integratuz.
Azken urteotan inplementatu den ekimen honen bidez, adinekoen eta haien familien egunerokotasuna erraztu nahi da, diputatu nagusiak azaldu duenez. Adibidez, bakarrik bizi den adineko pertsona bati, anbulatorioko bere mediku edo erizainaren bidez, edo Udaleko gizarte zerbitzuen bidez, behar dituen zerbitzu eta zainketa guztiak eskainiko zaizkio eta etxera hurbilduko zaizkio: arlo sanitarioan, sozialean eta harremanei dagokienean, gizarte loturak indartuz.
“Gipuzkoa aurrera doa etorkizuneko zainketetarako trantsizioan, eta Pasaia norabide horretan bidea irekitzen ari da. Gipuzkoan politika sozialak nola garatu nahi ditugun erakusten du hemen egiten ari den lanak: aurrera egiten ari gara zainketa-eredu komunitarioago baterantz, pertsona bakoitzaren beharretan eta eskaeretan zentratuta”, azaldu du diputatu nagusiak. Izan ere, Zaintza HerriLab estrategiak mendetasunaren eta hauskortasunaren prebentzioan sakontzen du, autonomia pertsonala eta iraupen luzeko zainketak bultzatuz eta zaintzaileei ere laguntza eskainiz.
Olanok adierazi duenez, zainketak komunitatearekin eta gizarte berrikuntzarekin bateratzea da etorkizuna, eta, horrela, tokian-tokian ekosistema aurreratuak sortzea, lurraldera zabal daitezkeenak: “Adineko 10 pertsonetatik 8k beren etxean bizitzen jarraitu nahi dute, eta gure betebeharra da nahi horri erantzutea. Horregatik, ikuspegi holistikoarekin eta lurralde-ikuspegiarekin lan egiten dugu, baina tokiko esperientzien bitartez, etxeetara hurbiltzeko, eta zainketak adinekoengana eta haien familiengana hurreratzeko, hurbiltasunetik eta pertsonalizaziotik”. Horretarako, ekosistema bakar batean konektatzen eta integratzen dira gizarte, osasun eta komunitate zerbitzuak, adinekoen “hauskortasuna prebenitu eta antzematea” ahalbidetuz, baita “mendekotasun-egoerak” atzeratzea ere.
Diputatu nagusiak defendatu duenez, Gipuzkoako eredu soziala egiteko modu propio batean oinarritzen da, hirugarren sektorearen lankidetzarekin eta esperientziarekin, eta gizarte zerbitzu eta politiken sistema finkatu batean, eraldatzeko eta egokitzeko gaitasun handia duena.
Bere aldetik, Izaskun Gomez Pasaiako alkateak adierazi duenez, Pasaia HerriLab-ekin egindako lanak bi helburu dituela udalerriarentzat: “Alde batetik, adineko pasaitarren bizi-kalitatea hobetzea, eta, bestetik, Pasaia erreferentziazko udalerri bihurtzea adinekoen arretaren eta zaintzaren sektorerako, potentzial handia baitu gure udalerrirako jarduera eta enplegu iturri garrantzitsu bihurtzeko”.
Zaintza HerriLab estrategiaren I. topaketa
Gaur Pasaiako Juanba Berasategi kulturgunean egin den jardunaldian elkartu da Pasaiako ekosisteman duela ia bi urtetik lan egiten duen lantaldea: Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentua, Adinberri, Pasaiako gizarte zerbitzuak, Osakidetza, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Gizarte Politiketako sailak. Prozesu osoa koordinatzen duen talde eragile horretaz gain, komunitatetik bertatik abiatzen diren bost proiektu berritzaileek kontatu dute zein den haien ekarpena eta nola txertatzen duten beren lana ekosisteman: Etxean Bizi (Matia Fundazioa), OK en Casa, Hauskor (Hurkoa Fundazioa), Adinkide eta UVAF-AGASE (Biodonostia).
Pasaiako alkateaz gain, beste udalerri batzuetako alkateek ere parte hartu dute jardunaldian: Donostiako Eneko Goiak, Usurbilgo Agurtzane Solaberrietak, Azpeitiko Nagore Alkortak, Zestoako Mikel Arregik, Hernaniko Xabier Lertxundik eta Urretxuko Jon Luquik. Tokian-tokian garatzen ari diren ekosistemek lurralde mailako estrategia bati erantzuten diote, diputatu nagusiak adierazi duen bezala: "Sustatzen ari diren tokiko ekosistemek, bakoitzak bere berezitasunekin, lurralde gisa zainketen eremuan egiten ari den lan guztia osatzen eta egituratzen dute. Gero eta udalerri gehiago ari dira beren ekosistemetan lanean, eta uste dugu guztion artean sortzen ari garen bideak eramango gaituela zahartzearen erronka konplexuari seriotasunez eta bermearekin erantzuteko gai den Gipuzkoarantz”.
3057