Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Pasaiako Portuko Plan Berezia aurkezteko informazio eta kontraste saioak antolatu dira

Pasaiako Portuko Plan Berezia aurkezteko informazio eta kontraste saioak antolatu dira

Maiatzaren 4tik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pasaiako Portu Agintaritzak “Pasaiako Portuko Zerbitzugunea Antolatzeko Plan Bereziaren Berrikuspena” aurkeztuko dute, eta haren edukia Pasaiako eragile sozial eta ekonomikoekin kontrastatuko dute.

2016/05/03

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pasaiako Portu Agintaritzarekin batera, herritarrei zuzendutako informazio eta kontraste prozesu hau jarri du martxan; saioak maiatzaren 4an, 11n eta 17an egingo dira, Trintxerpeko Alkateordetzan (19.00etan). Jardunaldi hauen helburua da Diputatuen Kontseiluak hasierako izaeraz onartu duen Plan Bereziaren Berrikuspena aurkeztea. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiaren hitzetan, “Plan Bereziaren aldaketa aurrerapauso garrantzitsua da Pasaiaren biziberritze integralari begira, biziberritze urbanistikotik harago, eta prozesuaren hasieratik azpimarratu dugu inplikatutako eragileekin kontatu nahi dugula, gure lurraldean bizi diren eta bertan lan egiten duten eragile ekonomiko nahiz sozialekin alegia. Guztion arteko proiektua izango da”.

50 entitate baino gehiago daude gonbidatuta informazio eta kontraste saioetara, besteak beste: Pasaiako Udalean ordezkaritza duten indar politikoak, auzo elkarteak, kultur elkarteak, kirol elkarteak, elkarte sozialak eta portuko jarduerari lotutako enpresak. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak adierazi duenez, "Plan Berezian inplikatuta dauden eragile nagusiekiko topagune bat, hausnarketarako eta elkarlanerako espazioa” lortu nahi da saio horietan.

Plan Berezia gizarteratu egin nahi da, aurreikusten diren biziberritze urbanistikoko jarduketek ekarriko dutenaren berri eman nahi da, sortuko diren espazio publiko berriak ezagutarazi nahi dira, Porturako ekipamendu berriak aurkeztu, eta beste jarduera ekonomikoetarako sortuko diren aukerak azaldu, lanpostu berriak sortzen lagunduko baitute, garapen ekonomiko eta soziala sustatuz, Pasaiaren eta Pasaialdearen biziberritze integralerako bidean. Horregatik, inplikatutako eragileen iritziak, kezkak, kritikak eta proposamenak entzun nahi ditugu, guztion artean plana aberastearren”.

Lehenengo saioa asteazkenean egingo da, maiatzaren 4an. Bertan, Plana idatzi duen arkitekto taldeak dokumentuaren helburuak eta proposatzen dituzten jarduketak aurkeztuko dituzte. Ondorengo saioetan, dokumentua idatzi duten arkitektoek azaldutakoa kontrastatu egingo da bertan dauden kolektiboen iritziarekin, eta sortzen diren proposamenak jasoko dira.  

Ekimen hau Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak eta Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuak zuzenduko dute. Aldi berean, berrikuspen agiria jendaurrean egongo da, informazio publikoko fasean baitago; beraz, legez ezarrita dagoen bezala, 45 eguneko epea egongo da edozein erakunde, entitate, kolektibo edo norbanakok egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.

Marisol Garmendiak nabarmendu duen bezala, "prozesu honek ez du ordezten Planaren berrikuspenari alegazioak aurkezteko prozedura; izan ere, alegazioak aurkezteko legez ezarrita dauden bideak baliatu behar dira. Baina prozesu honekin Foru Aldundiak gardentasun handiagoa eman nahi izan dio proiektu honen tramitazioari, Pasaiako herritarrak ordezkatzen dituzten kolektiboek aukera izan dezaten planaren berrikuspena lehen eskutik ezagutzeko eta, aldi berean, beren iritziak emateko, gero alegazioak aztertzeko aukera izango duten horien aurrean.  Azken buruan, proiektua hobetzea eta gizartearen eta herritarren babesa eta adostasuna izango duen dokumentu bat lortzea bilatzen da”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrengana hurbildu nahi du erabakiak hartzeko prozesua, eta hala adierazi du 2015-2019 aldirako Kudeaketa Plan Estrategikoan; bertan, gobernantza eredu berri bat aldarrikatzen da, irekia eta elkarlanezkoa, oinarritzat duena herritarrekiko nahiz Lurraldeko gainerako eragile ekonomiko eta sozialekiko etengabeko lankidetza.

“Pasaiako Portuko Zerbitzugunea Antolatzeko Plan Bereziaren Berrikuspena” herritar ororen eskura egongo da helbide honetan: http://expo.gipuzkoa.eus/pasaiako-portu-plan-berezia/?lang=es
  

1826