Pasaialdeko hiri-hobekuntzako lehen lanak egia bihurtzen hasi dira
Pasaialdeko hiri-hobekuntzako lehen lanak egia bihurtzen hasi dira
Gipuzkoako Aldundiak 1,7 milioi euro bideratu ditu, hirigintza aldetik, Pasaia, Errenteria eta Lezo biziberritzeko lehen jardueretarako, guztira, 30 obra eta ekipamendu berri
Gipuzkoako Aldundiak 1,7 milioi euro bideratu ditu, hirigintza aldetik, Pasaia, Errenteria eta Lezo biziberritzeko lehen jardueretarako, guztira, 30 obra eta ekipamendu berri: kirol ekipamenduak, hiri igogailuak, aparkaleku publikoak… Eta horiek bisitatu ditu gaur Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak, Pasaiako alkate Izaskun Gómezekin batera.
Pasaian espazio publikoak eta kirol eta kultura ekipamenduak hobetzeko hirigintzako esku-hartzeak lehen emaitzak ematen hasi dira. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak (PSE-EE) bertatik bertara ikusi ditu, Pasaiako alkate Izaskun Gómezekin batera egin duen bisitaldian, azken hilabeteetan egin diren lanak, Pasaian nahiz Errenterian eta Lezon; Gipuzkoako Foru Aldundiak Pasaialdearen biziberritze integralaren alde egin duen apustuaren emaitza baitira.
Marisol Garmendia diputatuak adierazi duen bezala, Pasaiako eta badiaren inguruko herritarrak jada has daitezke ikusten biziberritze integralaren aldeko foru konpromisoa benetakoa dela, eta egintzek agerian uzten dute hori. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik 1,7 milioi euro bideratu ditugu Pasaia, Errenteria eta Lezoko udalek presazko eta beharrezko hirigintza hobekuntzei ekiteko, jendearen eguneroko bizitza kalitatearen mesederako esku-hartzeak baitira. Hauetaz ari gara: hiri igogailuak, kaleen urbanizazioa, hodiak birjartzea, kirol espazio berriak, kultura ekipamenduak hobetzea, aparkaleku publikoak. Gabezia batzuk berehala konpontzeko lehen urratsa da, baina lan horiek guztiek jarraipena izango dute erakundeok Pasaialdean abian jarri dugun biziberritze plan integralean.
Lehen jarduera multzo honetatik, Pasaiak 14 esku-hartze burutu ditu, 860.000 euroko foru inbertsio batekin. Marisol Garmendia diputatuak Pasaiako alkate Izaskun Gómezekin egin duen bisitan, hirigintzako hiru esku-hartze garrantzitsu ezagutu ditu: Trintxerpeko azokako igogailua; Aranederreko aire zabaleko kirol anitzeko pistak (Trintxerpen baita ere); eta, 400 ibilgailurentzat lekua duen Luzuriagako doaneko aparkaleku publiko berria (Pasai Antxo).
Pasaian eginiko esku-hartze horiez gain, Errenteriako eta Lezoko udalek ere jarduerak egin dituzte, hala nola kaleak urbanizatzea, ekintzaileentzako ekipamendu baten birgaitzea, eta kultura eta kirol azpiegiturak hobetzea; 624.000 euro eta 237.000 euroko foru laguntzekin, hurrenez hurren.
Helburua: biziberritze integrala
Hirigintzako oinarrizko biziberritzera bideratutako foru laguntza hauek, Pasaiako badiaren biziberritze integrala –ez hirigintzakoa bakarrik– xede duen erakunde arteko estrategiaren zati dira. Testuinguru horretan, Portuko Plan Berezia aldatzeaz gain (Gipuzkoako Foru Aldundia izapidetzen ari da), nabarmentzekoa da suspertze ekonomikorako eta sozialerako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak DUSI programa europarrera aurkeztu duen neurri multzoa, Pasaia, Errenteria, Oiartzun eta Lezoko udalen parte-hartze zuzenarekin.
DUSI programara aurkeztutako estrategia lau ardatz nagusitan oinarritzen da: informazio eta komunikazioaren teknologiak; karbono maila apaleko ekonomia; ingurumena eta ondarea; eta gizarteratzea. Horiek guztiak udalek aurkeztutako proiektuetan zehaztu dira, hala nola energia kudeaketarako plataforma adimendunak, administrazio elektronikoko zerbitzuen garapena, energia berritzaileak eta eraginkortasun energetikoa bultzatzea, mugikortasun jasangarria sustatzea, turismo aldetik erakargarritasuna duen ondare historikoa eta naturala garatzea, baztertutako kolektiboak gizartean eta lanean txertatzea, eta kultura eta kirol ekipamenduak hobetzea.
Pasaiako badiarako DUSI estrategiak (2020. urtera arteko denbora-epe bati begira), 18 milioi euroko aurrekontua dauka; 9 milioi Europak finantzatuko ditu; Gipuzkoako Foru Aldundiak 6.300.000 euro jarriko lituzke; eta Udalek, berriz, 2.700.000 euro. Aurreikusten da ezen Europako funts horien gaineko erabakia maiatzaren amaiera aldean ezagutuko dela.
Marisol Garmendiak adierazi du: “urratsak egiten ari gara erakunde arteko akordioaren eta adostasunaren bidean, zerikusia duten udalekiko harremanak eta horien parte-hartzea sustatzeko bidean, estrategia oso eta integral bat prestatzeko, espazio publikoak berreskuratu eta, horrela, Pasaiako badiaren ingurua biziberritzeko. Baina hori guztia, noski, lanpostu berriak sortuz eta aberastasuna eta garapen ekonomikoa eragiten duten proiektuak bilatuz, oreka, gizarteratzea, erakargarritasun turistikoa eta kultura ekipamenduak sustatuko dituztenak. Apustu argia da, epe motz, ertain eta luzera begira.
1875