Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Euskal Herriko Pintxo Lehiaketa aurkeztu da, gaur, Madrilen

Euskal Herriko Pintxo Lehiaketa aurkeztu da, gaur, Madrilen

Espainia osoko entzute handiko hogei bat kazetari gastronomiko eta blogari elkartu dira topaketan

  • Denis Itxaso: “Pintxoak ondare gastronomiko desberdin bat ordezkatzen du, gainerako turismo helmugetatik bereizten gaituena, eta desira-objektu baliotsua da bisitatzera datozkigun turistentzat” 
  • Aurreko edizioetako bost txapeldunen gain egon da pintxoak prestatzeko ardura

Madrilera joan da, gaur, Euskal Herriko XI. Pintxo Txapelketako antolatzaileen ordezkaritza bat, buru zuela Denis Itxaso, Kultura eta Turismoko foru diputatua, Espainiako hiriburuan txapelketa hori aurkezteko asmoz. Helburua da lehiaketa hori sustatzea eta jakinaraztea. Aurten, Donostian izango da. Itxasok ekimenaren testuingurutzat jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak obligazioa duela pintxoaren figurari balioa emateko, “zeren eta ondare gastronomiko bereizi bat ordezkatzen baitu, eta, gainera, desira-objektu baliotsua baita gure herriak eta hiriak bisitatzera datozen ehun milaka turistarentzat. Izan ere, gure alderdi turistiko erakargarriez gozatzera datozenak nekez itzultzen dira beren sorlekura gure pintxo bereizgarriak dastatu gabe, eta hori abagune bat da, zaintzera behartuta gaudena”.

Itxasok, orobat, azaldu du ezen, “atzerriko turismoa egun izaten ari den gorakadarekin, Gipuzkoako baliabide turistikoak Espainia osoan sustatzea eginkizun estrategiko bat dela turismoaren hazkunde iraunkor bati eusteko, nahiz eta, etorkizunean, beharbada desagertu egingo diren gaur egun gertatzen ari diren baldintza geopolitikoak, lagungarriak direnak Espainia osotik turismo fluxu garrantzitsuak hel daitezen. Estatuko merkatua garrantzi handikoa gertatzen ari da, eta eskumenean ditugun baliabide guztiez baliatu behar dugu, baldin eta Espainiako jendearen artean erakargarri izaten jarraitu nahi badugu”.

Gaur goizean Madrilgo Kitchen Club sukaldaritza eskolan egin duten aurkezpenean, Espainia osoko entzute handiko hogei bat kazetari gastronomiko eta blogari espezializatu elkartu dira, eta, horrela, aukera izan dute gertutik eta zuzenean ezagutzeko zer eskaintzen duen txapelketa horrek. Mahai baten bueltan izan da topaketa, pintxoz osatutako menu bat janez. Pintxoak prestatu dituztenak aurreko edizioetako bost txapeldun izan dira: Enrique Fuentes, Jesús Iñigo, Bixente Muñoz, Iñaki Rodaballo eta Alex Múgica. Menua honela osatuta zegoen:

2006ko txapelduna. Berdel pistoaren gaineko baba txikien milorria. Enrique Fuentes. Toloño taberna, Gasteiz.

2012ko txapelduna. Antxoa-harrokia, Jesús Iñigok prestatua. Ábaco jatetxea, Huarte (orain, dagoeneko, Iruñeko Ábacon)

2010eko txapelduna. Arrautza urreztatua, artzain-apurrekin eta txipiroiarekin, Bixente Muñozek prestatua. Gran Sol jatetxea, Hondarribia.

2014ko txapelduna. Arrokatako sardina. Jesús Iñigok prestatua. Ábaco jatetxea, Huarte (orain, dagoeneko, Iruñeko Ábacon)

2011ko txapelduna. Chip’s eta Rona, Iñaki Rodaballok prestatua. Iñaki Rodaballo taberna, Gasteiz (gaur egun, Madrilgo Garden Navarra taldean).

2015eko txapelduna. Markalao patatekin eta tiramisuarekin, Alex Múgicak prestatua. La Cocina de Alex Múgica jatetxea, Iruñea.

2013ko txapelduna. Bakailao ketuaren txigorkia, foie eta pikillo piperrarekin, eta soja ozpin-olioarekin, Bixente Muñozek prestatua. Gran Sol jatetxea, Hondarribia.

2008ko txapelduna. Porky, pork, Iñaki Rodaballok prestatua. Café Niza jatetxea, Iruñea (gaur egun, Madrilgo Garden Navarra taldean).

Aurtengo txapelketak hamaikagarren edizioa du, eta Donostian izango da, urriaren 24tik 27ra bitartean, eta parte hartuko dute Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko  espezialitate horretako sukaldaririk onenek. Txapelketa hori Hondarribiko Ostalarien Elkarteak antolatzen du, eta laguntzaile ditu Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala, eta zenbait enpresa pribatu.

 

 

  

1627