Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Piztu Kultura 2021 planak 5.500.000 €-tik gora bideratuko ditu krisiari aurre egiteko

Piztu Kultura 2021 planak 5.500.000 €-tik gora bideratuko ditu krisiari aurre egiteko

Harkaitz Millan Kultura diputatua “gure helburua da kultura-sareari, udalei eta museoei laguntzea, sortzaileentzako laguntzak indartzea eta sektorean enplegua sustatzea”.

2021/05/03

Piztu Kultura 2021 planak 1.500.000 € gehitu ditu 2020aren aldean, eta 2.000.000 €-tik gora bideratuko ditu krisiaren aurkako neurri sail batera, kultura sektorea suspertzeko eta enplegua sortzeko gaitasuna duten jarduerak eta zerbitzuak indartzeko. Beste 3.500.000 euro erabiliko dira, hain zuzen, kulturari lotutako proiektu eta ekimenetarako laguntzak mantentzeko eta indartzeko, sortzaileei laguntzeko eta esparru horretako jarduera publiko eta pribatuak babesteko.

Kultura Departamentuak 5.545.000 euro bideratuko ditu Piztu Kultura 2021 planera, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz kultur sektoreak bizi duen krisi larriari aurre egiteko. Osasun larrialdiak bereziki eragin du kulturaren esparruan, ekitaldiak bertan behera geratu direlako, eta, ondorioz, jardueraren zati handi bat gelditu egin delako. Planaren helburua da laguntza ematea kulturari lotutako proiektu eta ekimenei, haien sare soziala babestea eta krisiaren ondorioak arintzea, eta, horretarako, 1.495.000 euro gehiago xedatu dira (% 36,9) 2020ko ekitaldiarekin alderatuta.

Harkaitz Millan Kultura Departamentuko diputatuak esan duenez «kultura Gipuzkoak baztertu ezin duen funtsezko ondasuna da, gizarte gisa aurrera egiteko baliabideen eta herritarren egungo eta etorkizuneko ongizatearen oinarrian dagoelako". Horregatik guztiagatik, Millanen hitzetan, ezinbestekoa da beharrezko neurriak hartzea COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko, hau da, «jarduera kulturala mantentzeko eta bere sare soziala babesteko», eta, halaber, etengabeko lana egitea «gizarteak kulturaren ekarpena baloratu dezan eta belaunaldi berriak kultur ekintzan sar daitezen».

Piztu Kultura 2021 planak aintzat hartu ditu kultura eragileek egindako proposamenak eta 2020an hartutako esperientzia, pandemiaren eraginaren arloan. Ildo horretan, planean sartu diren ondorio nagusien artean, informazio eta aholkularitza mekanismoak indartzeko beharra dago. Zerbitzu horiek K-Bulegoaren bidez ematen dira, kultura jarduerarako laguntzak eta babesak errazago eskuratu ahal izateko. Era berean, laguntzetarako esparru egonkor bat sortzeko eskaerari erantzun zaio, bi urtez behingo deialdiak ezarriz, ziurgabetasuna murrizteko eta kultur proiektu edo ekimenak epe ertainera planifikatzea errazteko.

Oinarri horietatik abiatuta, Piztu Kultura 2021 planak bost jarduera ildo nagusi ezarri ditu, bakoitzari dagokion laguntza programarekin: kultura sareari laguntzea, udal eta museoentzako laguntzak, sortzaileei laguntzea, enpleguari bultzada ematea eta proiektu estrategikoak.

Kultura sarerako laguntzak

Kultura Departamentuak 1.248.000 € erabiliko ditu kultura proiektuetarako eta sektoreko jarduerari eusteko laguntzak emateko. Helburua da kulturari laguntzeko esparru egonkor bat finkatzea, bi urtez behingo deialdiak sartzen hasita, sektorean jarduera bermatzeko eta gizarte sarea babesteko.

 

Programa horretan sartzen dira Oreka eta Susperka, proiektu finkatuak eta sortzen ari direnak babesten dituztenak; Olatuak, gizartea eraldatzeko bokazioa duten proiektuetarako; eta Lanabesa, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen ekoizpenerako.

 

Udaletarako eta museoetarako laguntzak

 

Udalek eta tokiko erakunde publikoek jarduera kultural garrantzitsua garatzen dute, eta horrek kulturak lurraldean duen jarduerari eta presentziari eusten laguntzen du.

 

Kapitulu honetara 902.500 euroko laguntzak bideratuko dira programa hauetara: Tokiko, udal jarduera kulturalak finantzatzeko; Sarea, antzoki sarerako; eta Gipuzkoako museoen foru sarerako.

 

Sortzaileei zuzendutako laguntza

 

Kultur sektoreak dituen ezaugarri bereziek zaildu egiten dute, batzuetan, jarduerak garatzeko laguntzak eskuratzea. Departamentuak xede horretarako erabiliko dituen 521.000 euroak izango dira, alde batetik, kulturako profesionalei zuzenean laguntzeko; eta, bestetik, laguntza horiek eskuratzeko haien eskura jarritako baliabideak sustatzeko.

 

Programa horren barruan sartzen dira Izango Zara espezializazio artistikorako beken programa; Egile bekak, sorkuntza kultural eta artistikoko proiektuak finantzatzeko; Meta mikromezenasgo programa; eta K-Bulegoa, kultur eragileentzako informazio, aholkularitza eta laguntzarako bulegoa.

 

Enplegua sustatzeko jarduerak

 

Piztu Kultura 2021 planaren helburu nagusietako bat da kultura sektorean enplegua babestea eta sortzea, eta, horretarako, 2.002.000 € bideratuko dira, Kultura Departamentuak eta sektore publikoak jarduera eta enplegua sortzeko gaitasuna duten jardueretan duten parte hartzea indartzeko.

 

Eremu honetan kokatzen dira Ondarea, ondarea kontserbatzeko eta zaharberritzeko laguntzak; Kultura Eskola, belaunaldi berrien artean kulturari balioa emateaz gain, sektorearentzako enplegu iturri garrantzitsua izan daitekeena; Kultura Kalean, kaleko formatu txikiko jarduerak bultzatuko dituena, edo itsas ondareari zuzendutakoak, lanbide tradizionalak berreskuratzea edo ikerketa arkeologikoa, horiek guztiek enplegua sortzeko gaitasun esanguratsua dutenez. Gainera, larrialdietarako laguntzen aurrekontu sail bat sortu da pandemiak jarduera gelditzearen edo galtzearen ondoriozko egoerei aurre egiteko.

 

Proiektu estrategikoak

 

Kultura jarduera ahalbidetzen duten egiturei egonkortasuna emateko laguntza programez gain, departamentuak sektoreari emandako laguntza indartu du, proiektu estrategiko berriak lagunduz, kulturaren balioa nabarmentzeko eta kultura hori Gipuzkoako gizartean hedatzen laguntzeko. Proiektu hauetarako 871.000 € erabiliko dira, Kultura Eskolaren 516.000 euroak kontuan hartu gabe, horiek enplegua sustatzeko proiektuen artean kontabilizatzen baitira.

 

Kultura Digitala da aipamen berezia merezi duen beste proiektu bat, kultura edukien garapenari erantzuna emango diona eta teknologia berrien bidez horiek eskuratzea erraztuko duena. Ondarea Kontserbatzeko Plana eta Gordailua Zabalik programen zuzkidurak ere indartuko dira, hamargarren urteurrenean ireki eta zabaldu ahal izateko. Era berean, departamentuak kultura bonua sendotu du, kultura produktuak banatzeko eta herritarrek eskuratzeko programa gisa.

 

 

 

 

 

 

  

1808