Plastifisharen kostera: itsas plastikoen inbasioa desagerrarazteko proiektua
Plastifisharen kostera: itsas plastikoen inbasioa desagerrarazteko proiektua
Ekimenak 35 garbiketa egingo ditu Gipuzkoako ibaien ibilgu eta bokaletan, 1000 kilo zabor kenduz.
José Ignacio Asensio: "Ekimen honen helburua da itsas zaborrak dakarren mehatxua nabarmentzea eta herritarren inplikazioa sustatzea gertuko ingurumenaren zaintzan”.
José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Edu Uribesalgo Ternuako berrikuntza zuzendariak eta Sara Lizarza proiektuko zuzendari eta Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren proiektu arloko arduradunak, "Plastifisharen Kostera" proiektu pilotua aurkeztu dute. Sentsibilizazio eta prestakuntza ekimen bat da eta “Jaizkibel-Ulia Clean Up” proiektuan oinarritzen da, MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak sortua Oiartzun ibaiaren arroan plastikoak eta mikroplastikoak garbitzeko. EOCAk (European Outdoor Conservation Association) hautatu zuen finantzatua izateko eta Ternua markaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuaren babesari esker, proiektuari bultzada nabarmena emango zaio; izan ere, Gipuzkoako ibai eta ibai-aho garrantzitsuenetara handituko du bere ekintza eremua, herritarrak ingurumenaren kontserbazio aktiboan inplikatzeko, itsas zaborraren mehatxuan zentratuz.
Proiektua Gipuzkoako sei arro nagusietako udalerrietan egingo da: Bidasoa, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba. Bere helburu orokorra da herritarrak ingurunearen kontserbazio aktiboan inplikatzea, ibaian gorako itsas zaborren problematikan eraginez. Itsas ingurunean dagoen zaborraren % 80 lehorreko jardueretatik datorrenez, proiektu pilotu honek zabor horren jatorrian eragin nahi du, eta hura konpontzeko lan egin, arroko hainbat eragile inplikatuko dituzten ingurumen hezkuntzako proposamenen bidez. Plastifisharen Kostera proiektuak plastikoen inbasioa errotik kendu nahi du, eta ibaian gora dauden hainbat kolektibo inplikatu nahi ditu, prebentzioan eta sentsibilizazioan lan eginez. Proiektuak herritarrak beren ingurumenaren kontserbazio aktiboan inplikatzea bilatzen du, itsas zaborraren mehatxuan zentratuz. Ekimena 2019ko urritik 2020ko ekainera bitartean gauzatuko da. Hauek dira proiektuaren helburu nagusiak: itsas zaborra murriztea, balio naturala zabaltzea, itsas zaborren problematika ikusaraztea, horiek konpontzeko ingurumen jardunbide egokiak bultzatzea eta itsas zaborren problematikara eta haien irtenbideetara benetan hurbiltzea, kontsumo ohiturak aldatuz, ingurumen jardunbide egokiak aplikatuz eta komunitatean lankidetzan jardunez.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azaldu duenez, ekimen horren helburua da “itsas zaborrak dakarren mehatxua nabarmentzea eta herritarren inplikazioa sustatzea gertuko ingurumenaren zaintzan”. Kontuan hartu behar da, foru arduradunak dioenaren arabera, “itsas zaborraren arazoak ez dio itsasoari bakarrik eragiten, gure ekosistema eta pertsonei ere; izan ere, arraia jaten dugunean mikroplastikoak irensten ditugu ere, lurreko gizakion aktibitateak sorraraziak”.
Helburu horiek lortzeko, ibaien ibilgu eta bokaletako zaborra garbituko dute, eta beren ingurune naturala zaintzeko konpromisoa hartzen duten ikastetxeei aitortza egingo zaie. Oiartzun ibaiaren arroan beste ekintza batzuk egingo dira, etorkizunean beste arro batzuetara esportatu ahal izango den esperientzia pilotu batean kolektibo desberdinak inplikatuz; unitate didaktiko bat landuko da DBHko gazteekin, haien ingurune hurbilean proiektuak sor eta gara ditzaten; helduekin prestakuntza tailerrak egingo dira kontsumo eta kutsadura ohituren aldaketei buruz, eta sentsibilizazio hitzaldiak egingo dira ibaiaren eta itsasoaren erabiltzaileekin.
Laburbilduz, 35 zabor garbiketa baino gehiago egingo dira ibaien ibilgu eta bokaletan, 1000 kilo zabor kenduz. "Plastifisharen Kostera" ekimenak 2000 lagunen inplikazioa bilatzen du, eta horretarako beren ingurunea zaintzen duten lehen hezkuntzako 12 ikastetxeri aitortza egingo zaie, DBHko 8 ikastetxetan sortutako 100 tokiko proiektu egingo dira, eta 6 sentsibilizazio hitzaldi egingo dira ibaien eta itsasoaren erabiltzaileekin.
Plastifish kamisetaren lehiaketa
Ekimen hau dela eta, Ternuak Asier Sanz irudigilearekin batera kamiseta bat diseinatu du. Honen helburua da “Plastifish Kostera” proiektuan parte hartzen duten ikasleentzako inspirazio izatea. Zehazki, ikasleei proposatuko zaie plastifish bat diseinatzea kanpainan zehar garbiketetan bildutako plastikoaren bitartez. Bozketan baten bidez, diseinu bat aukeratuko da eta Ternuak bere 2022 udaberri-udako kolekzioan barneratuko du. Honez gain, Seacycle ehuna duen kamiseta batean irudikatuko da (ehun hau PET plastikoaren eta itsasoko plastikoarekin eskuratzen den hariaren bidez sortzen da).
EOCAri buruz
EOCA irabazi-asmorik gabeko erakundea da orain dela 10 urte sortua eta egun Outdoor industriako 130 enpresak osatzen dute. Bere helburua da naturaren eremuak babestea, ingurumenaren zaintzearen inguruan herritarrak sentsibilizatzea eta ingurumena babesteko fondoak biltzea. Orain arte, erakunde honek 121 proiektu finantzatu ditu 39 herrialde ezberdinetan: Espainian hartz arrea kontserbatzeko; Altain elurretako lehoinabarra; Turkiako, Suediako eta Indonesiako fauna eta flora babesteko eta Nepal zein Europako mendietako zaborra biltzeko. Nabarmentzekoa da Ternua EOCAko partaide dela 2014 geroztik eta Edu Uribesalgok, Ternuako berrikuntzako zuzendaria, erakunde honen batzeko kidea dela 2015etik.
2446