Plastikozko poltsarik gabeko nazioarteko eguna
Plastikozko poltsarik gabeko nazioarteko eguna
Ingurumeneko Diputatuak, Surfrider erakundeak eta Frantzia, Alemania eta Euskadiko gazteek defendatzen dute erabilera bakarreko plastikozko poltsen ezabapena
José Ignacio Asensio, Ingurumeneko Diputatuak, Erasmus+ “Carry on Without plastics” programan parte hartzen duten 45 gazteak hartu ditu; izan ere, Gipuzkoan bildu dira Plastikozko Poltsarik Gabeko Nazioarteko Eguna dela eta. Gazteek zenbait egun igaroko dituzte Euskadin, beraien herrialdetako esperientziak trukatzeko. Horretarako, ekintza ugari egingo dituzte eta hauei esker, plastikoaren arazoaren inguruan ezagutza eskuratuko dute.
Prentsaurrekoan parte hartu dute Asensiok, Irene Ruiz Muñoak, Surfrider erakundearen Espainiako ordezkaritzaren proiektu teknikaria eta Life LEMA proiektuaren teknikari arduradunak, eta Xavier Curto Zafrak, Surfrider erakundearen Espainiako ordezkaritzaren ingurumeneko teknikaria eta Erasmus + Carry on without plastics programaren koordinatzaileak.
Erasmus+ programa oinarritzen da Frantzia, Alemania eta Euskadiko ikasleen trukean, erabilera bakarreko plastikozko poltsen debekua sustatzeko Europar Batasunarentzako gazteen manifestua sortzeko helburuarekin. Surfrider Foundation Europek aurkeztuko dio manifestua Europar Batasunari. Parte-hartzaileen herrialdeen hautapena, bakoitzaren legedi mailaren arabera egin da. Frantzian, adibidez, 2016an erabilera bakarreko plastikozko poltsen debekua onartu zen.
Goizean Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak antolatutako jardunaldian parte hartu dute, Gipuzkoan burutzen diren hondakinen kudeaketarako politikak ezagutzeko eta Asensiok, gaikako bilketari eta plastikoaren birziklapenari administrazioak ematen dion garrantzia adierazi die. Ekorec erakundearen instalazioak bisitatu dituzte ere. Erakunde honek ehun langileri baino gehiagori ematen die enplegua. Birziklatutako sareen bitartez materialak fabrikatzen dituzte, adibidez, plastikoak erretiluetan edo automobilgintzarako ehun-materialetan transformatzen dituzte.
“Funtsezkoa iruditzen zait herrialde ezberdinetan plastikozko poltsen erabilera murriztu edo ezabatzeko gauzatzen ari diren araudia eta erabilera ezagutzeko egiten duzuen lana. Izan ere, aldaketa klimatikoari aurre egiteko irizpide nagusietako bat izan behar du hondakinen kudeaketa egokia egitea eta materialen kontsumoa murriztea”, adierazi du Asensiok.
“Plastikozko poltsarik gabeko eguna keinu komertzial bat baino gehiago da, prebentzioaren, gaikako bilketaren eta birziklapenaren aldeko apustua baita”, gaineratu du.
Asensiok nabarmendu du birziklapenaren industria garapen ekonomikorako eta lanpostuen sorrerarako aukera dela, batez ere gazteentzako. “Europatik ezarri den bezala, ekonomia zirkular berri baterako trantsizioak lurraldeen hazkunde ekonomikorako aukera suposatzen du, tokiko enplegua sortzeko eta zehazki gazteentzako, garabidean den merkatu honetan”.
Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2015eko apirilaren 29an emandako 2015/720
Zuzentarauak ezartzen du plastikozko poltsen alferrikako eralgitzea geldiarazi beharra
dagoela, ingurumen eragin larriak baititu. Espainia lanean ari da, aipatutako zuzentarau horren transposizioa egingo duen errege dekretua prestatzeko, 2018ko urtarrilaren 1ean indarrean jartzeko asmoarekin, ondorioz merkataritza guneak (denda, supermerkatu eta antzekoak) behartzeko ez doan ematera erabilera bakarreko plastikozko poltsak.
Gipuzkoaren kasuan, Ingurumeneko Departamentua aspaldidanik ari da lanean
plastikozko poltsen kontsumoa gutxitzeko, eta ordez material biodegradagarriz edo
konpostagarriz egindako poltsen erabilera sustatzeko. Xede horren alde, diru laguntzak
ezarri dira ordezpen politika hori bultzatzeko asmoz, eta haurren artean sentsibilizatze
kanpainak egin dira, etorkizunean plastikozko poltsarik erabil ez dezaten; besteak
beste, "Bock un roll" ekimena azpimarratu daiteke, Ingurumeneko Departamentuak ontzi iraunkor eta berrerabilgarriak banatu ditu Gipuzkoako hainbat ikastetxetako ikasleen artean, hamaiketakoa bertan eraman dezaten, gehiegizko plastiko, poltsa edo bilgarririk erabili gabe. Horrez gain, Departamentuak hitzarmen bat sinatu du EHU/UPV-rekin itsasoko zabor bezala bildutako polietileno terftalatoaren (PET) birziklapen aukerak eta ehun-harian bihurtzeko posibilitatea ikertzeko.
Ingurumeneko Diputatuak defendatu du birziklatze industrian ikertzeko eta babesa emateko beharra, zehazki, plastikoaren birziklatzearen inguruan eta ohartarazi du gaizki kudeatuz gero etor daitezkeen ondorio txarrak, besteak beste, gure itsasoen kutsadura larria. Plastikoa oro har eta, zehazki, plastikozko poltsak, material kutsagarriak dira, naturak irentsi ezin dituenak, eta gure planetan eragin handi bat daukatenak, zalantzarik gabe. Mundu guztietako ozeanoetan, zoritxarrez, ikusgai dira, dagoeneko, plastikozko botila nahiz poltsa hondakinez eratutako uharteak. Gainera, hegaztiek eta itsas ugaztunek irentsi egiten dituzte material horiek askotan, eta hortik heriotza asko etorri ohi dira.
Mundu osoan, 290 milioi tona plastiko sortzen dira urtean, horietatik % 30 erabilera
bakarreko produktuak. “Horregatik, ezinbestekoa da erakundeok bezala herritarrek ere
barneratzea, bakarka nahiz kolektibo gisa, gure eguneroko jardunean beste material
mota batzuk erabili behar ditugula. Errealitate hori aintzat hartu behar dugu, ondorio larriak dituen neurrian, plastikoaren erabilera gehiegizko hori ez baita soilik energia eta baliabide xahutze bat, baizik, gainera, eragin kaltegarri handi bat du itsasoko faunan eta landaredian. Nahitaezkoa da jarrera aldaketa zorrotz bat, guztion laguntzarekin ekonomia zirkular batera joateko”, adierazi du.
Europak alarma guztiak piztu zituen mundu mailan, Europako Itsas Estrategiaren
2008/56/CE Zuzentarauan ezarri zuenean itsas ur guztien ingurumen egoera egoki bat
berreskuratu behar dela 2020. urtea iritsi aurretik, eta hondakinak direla, beste faktore
batzuen artean, egoera egoki horren neurgailu indartsuenetako bat.
Gipuzkoan ere lana egiten da arlo honetan. 2016az geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiak LIFE LEMA proiektua burutzen du. Europar Batasunarekin batera finantzatutako proiektu pilotua, Bizkaiko Golkoko uretan dauden ur gaineko itsas zaborrak eraginkorki kudeatzeko gida metodologikoa eskainiko die tokiko agintariei. Proiektu honek kide ugari ditu: AZTI eta Suez Rivages Pro Tech ikerketa zentroak, Syndicat Mixte Kosta Garbia eta Biarritzeko Udala administrazio publikoak, eta Surfrider Foundation Europe gobernuz kanpoko erakundea.
Arratsaldean, gazteek Garbera Merkatal Zentroan ezagutuko dute proiektua, eta Life Lema proiektuaren argazki-erakusketa bisitatuko dute plastiko eta zaborren eraginari buruz ozeanoetan. Erakusketa zabalik egongo da uztailaren 3tik 15a artean. Gainera, erabilera bakarreko plastikozko poltsaren inguruan haurrak sentsibilizatzeko tailer bat egingo da, adin ezberdinetako haurren parte hartzearekin.
1672