Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Itxasok itxi du turismoaren ereduari buruzko ponentzia

Itxasok itxi du turismoaren ereduari buruzko ponentzia

Ostalaritza sektoreko lan soldatak, prestakuntza eta enplegu egonkortasuna barnean hartuko dituen lan hitzarmen berria adostea eskatu die patronalari eta sindikatuei

EH Bilduri turismoaren kritikak elkarrizketara eta eztabaidara bidera ditzan eskatu dio, liskarrez eta sektorearen gutxiespenez beteriko beste uda bat ekiditeko.

Aldundiak uda ostean Batzar Nagusietan “turismo eredu iraunkor, orekatu eta adimentsu” baterako oinarriak bilduko dituen testua onartzea espero du.

Denis Itxaso, Kultura eta Turismo Diputatua, Batzar Nagusietako Turismo Batzordean agertu da eta era horretara itxi egin du urtarrilean turismoari buruz abiaturiko ponentzia, bertatik turismo sektorearekin loturiko hainbat eragile pasa direlarik.

Aldundiaren iritziz, turismoak sorturiko aberastasunak lanpostu egonkor eta kualifikatuen sorrera ekarri behar du eta, hartarako, Itxasok patronalari eta sindikatuei ostalaritza sektoreko lan hitzarmen berria adostea eskatu die, soldatak, prestakuntza eta enplegu egonkortasuna barnean hartuko dituena. Ildo berean, egindako urratsak nabarmendu ditu, hala nola Ostatu Turistikoen hitzarmenak lehenengo aldiz apartamentuetako langileak barnean hartzea; Aldundiak prestakuntza, egonkortasuna eta soldata duinak bezalako gaiak lehenesteko hitzarmenak sustatzea edo Turislan-ek lehenengo bi edizioetan 300 pertsona kontratatzen lagundu izana.

Itxasok eskertu du txostengile guztien parte hartzea, “beren ekarpenen bidez nahi dugun Turismo ereduari buruzko eztabaidan eta gogoetan lagundu baitute”. Ekarpen horiek bildu eta aztertu ondoren, Kultura eta Turismo Departamentuak ulertzen du, oro har, horiek guztiek partekatzen dutela Aldundiak Turismo Mahaiarekin adostu zuen helburu orokorra, hau da, turismo eredu iraunkorra eta ordenatua, enplegua eta aberastasuna era orekatuan eta lurralde osoan banatua sortzen lagunduko duena eta eredu kulturalen masifikazioa, arruntzea eta estandarizazioa saihestuko dituena, gure burua beste kultura, hizkuntza eta balioak aitortzera irekiz. Lortu den adostasun maila handia kontuan izanik, Itxasok uda ostean Batzar Nagusietan “turismo iraunkor, orekatu eta adimentsu” baterako oinarriak bilduko dituen testua onartzea espero du eta, era berean, espero du Bilduk “turismoaren kritikak elkarrizketara eta eztabaidara bidera ditzan liskarrez eta sektorearen gutxiespenez beteriko beste uda bat ekiditeko”.

Itxasorentzat iraunkortasuna, adimena eta berezitasuna dira ponentziak definitu duen ereduaren hiru ezaugarri nagusiak.

Iraunkortasuna

Donostian eta eskualdean instalatzen ari den hotel planta berriak eta turisten etorrerak, iraunkortasuna eta ingurumen oreka zainduko baditugu, neurriak hartzera behartzen dituzte hala nola turismo sektorea Gipuzkoa Klima 2015, klima aldaketarako lurralde estrategiari eranstea; ingurumen diagnostikoa egiteko 84 establezimendu proiektuari atxikitzea; bide berdeen eta bidegorrien estrategia abian jartzea zikloturismo eta txangozaletasun eskaintza aberasteko, natura, ondare eta garraiobide iraunkorrek dakarten esperientziari laguntza ekarriz; edo ostatu turistikoari ekotasa bat jartzea, zeinak bilduriko dirua turismoaren lehiakortasunean hobetzen eta naturaguneak eta ondare inguruak lehengoratzean berrinbestitzeko aukera emango duen.

Turismo adimentsua

Big Datatik onura ateratzeko bide emango diguten teknologia berriak aplikatzearen eta digitalizatzearen bidez bidaiaren esperientzia hobetu ahal izango dugu, turistek eskaturiko informazioa eskainiz eta bertako biztanleen eta bisitarien arteko bizikidetza hobetuz eta inpaktuak minimizatuz. “Hurrengo asteetan aurkeztuko dugun ekimenak Gipuzkoan gelditzen diren turisten kontsumo eta mugikortasun ereduak monitorizatzeko aukera emango digu, datu zehatzagoak eta izaera kualitatibokoak ekarriz”, adierazi du Itxasok.

Berezitasuna

Gipuzkoak ahalegina egin behar du bere elementu berezienak babesteko edota balioesteko, hala nola euskara, tokiko nekazaritza ekoizleak, artisautza, kultura aldiak, bertako kirola, hondartzak eta surfa, ondare arkeologikoa eta gune historikoak, etab..

Alor honetan, Aldundia ahalegin handia egiten ari da balio horiek azpimarratzen dituzten gune eta alderdi kulturalak babestu eta sendotzearren. Gure nortasunari buruzko kontakizun liluragarriak dauzkaten pertsonen bidez publikoarengana iritsi ahal izatea, gure erronketako bat da. Alaia aldizkariaren hurrengo argitalpenak eginkizun hori beteko du.

Helburu orokorra bete eta planteaturiko ikuspegia gauzatuko badugu, helburu funtzional batzuk ezarri behar dira hala nola lurralde oreka, urtaro oreka, giza kapitalaren hobekuntza, nazioarteko proiekzioa eta gobernantza eta partaidetza.

Itsas ondarea, Chillida Leku, Balenciaga, kostaldeko Flysch-a, landa turismo aktiboa eta Ignazioren bidea giltzarri dira lurralde orekaren estrategia hau garatzeko.

Azoka, negozio eta kongresuen turismoak, landa-turismoko etxeetako asteburuko turismo nazionalak eta kirol eta kultura gertaerek garrantzi berezia hartzen dute urtaro oreka lortzeko, urtean zeharreko okupazio maila handiak izango dituena, batez ere goi denboralditik kanpo, eta horrek guztiak enplegu egonkortasuna handiago ekarriko du. Behobia-Donostia lasterketaren eragin handiago bilatzea Bidasoa Eskualdean, Pasaiako Itsasaldia sendotzea eta lurralde arteko oreka handiagoa lortzea Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dituen kongresuen banaketan, horra helburua lortzen gehien lagun dezaketen ekintza batzuk.

Gipuzkoa helmugaren gero eta nazioartekotze handiagoa merkatuaren  mende ez egoteko eta turista bakoitzeko batez besteko gastua emendatzeko aukera gisa aurkezten zaigu. ‘Explore San Sebastian Region’ markak zentzu eta logika osoa hartzen du merkatu urrunetan lurraldearen entzutea eta posizionamendua areagotzean. Turismo gastronomikoaren mundu foroa, San Sebastián Gastronómica azoka, Zinemaldia, Pasaiako Nazioarteko Itsasaldia eta lurraldearen atari turistiko berria ezinbesteko baliabideak dira atal honetan.

Gobernantza eta partaidetzari dagokionez, funtsezko kontuak dira, sektore pribatuaren parte hartzerik gabe, eta hortaz kontsulta organo kolegiatuetan parte hartzerik gabe, ezein estrategiak ez du ondorio onik izango. Turismo Mahaia, haren bitariko lan batzordeak, Gipuzkoako Turismo Behatokia eta Gipuzkoan garaturiko Turismo Ponentzia bera, funtsezko oinarriak ditugu estrategia honetan. Erakunde arteko lankidetza, etorkizuneko Gipuzkoa-Donostia baterako turismo bulegoa, lehentasunezko puntuak dira dagokigun alor honetan.

 

 

 

  

1744