Praileaitzen, Behe Paleolitoko aztarna arkeologikoak aurkitu dira
Praileaitzen, Behe Paleolitoko aztarna arkeologikoak aurkitu dira
Elefanteen familiako ugaztun handi baten hezurra, besteak beste
Aurkikuntza horiek hurbiltzen gaituzte orain dela 200.000 urte inguru leku horretan bizi izan ziren gizakiengana. Aro horretako aztarnak oso bakanak dira Gipuzkoan.
Maria José Telleria Kulturako zuzendariak eta Xabier Peñalver arkeologoak, Pedro Bengoetxea, Debako alkatearekin batera aurkeztu dituzte Praileaitz kobazuloan izandako azken aurkikuntzak; kobazuloa Sasiolako harrobian dago, Deban.
Kobazulo horrek, non 2000. urteaz geroztik lan arkeologikoak egiten ari diren, berrikuntza garrantzitsuak eskaintzen jarraitzen du.
Lortutako emaitzei esker, aztarnategia babestu ahal izan da, haren suntsipena programatuta baitzegoen harrobiaren ustiapenak aurrera egiteagatik. Aurkikuntza horien artean, aski da gogoratzea harrizko zintzilikari eta labar-pintura sorta hura, orain dela 15.000 urte ingurukoa.
Ikerlanek aurrera egin ahala, galeria berriak aurkitu dira, baita gune arkeologikorako sarbide berriak ere. Orobat jakin ahal izan da badaudela zona batzuk, non jalkin arkeologikoek metro batzuetako lodiera hartzen duten.
Jokaleku horretan, azken bi urte honetan, hainbat aurkikuntza gertatzen ari dira, leiho bat ireki dutenak Gipuzkoaren iraganik antzinakoenera.
Gaur aurkezten diren aurkikuntzek hurbiltzen gaituzte orain dela 200.000 urte inguru leku horretan bizi izan ziren gizakiengana, hau da, Behe Paleolitoraino, aro horretako aztarnak, oraingoz, oso bakanak baitira gure lurraldean.
Dozena erdi metro karratu eskaseko espazio batean, 2018ko kanpainan, ugari azaldu dira harrizko lanabesak eta kontsumitutako animalien hondarrak, aipatutako antzinatasunekoak; azkeneko horien artean, azpimarratzekoak dira elefanteen familiako ugaztun handi baten hezurra, eta hartz baten letaginak, zeintzuei esker datatu baita giza okupazioaren antzina-antzinako maila hori.
“Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik lagundu izan die giza egonleku horien aurkikuntza eta indusketa lanei. Etengabeko laguntza horri esker, handitzen joan da giza egonleku ezagunen multzoa, eta horien gaineko ezagutza ere bai, eta horri esker jakin dezakegu nola bizi ziren gure arbasoak” esan du Telleriak.
Kulturako zuzendariaren, beharrezkoa da indusketak eta ikerketa arkeologikoak sustatzen jarraitzea, helburutzat hartuta ikerketa sustatzea oraindik oso gutxi ezagutzen dugun aro horien inguruan, eta eskuratutako ezagutza guztiak sozializatzea. Horrez gain, lan horien inpaktu soziala nabarmendu du. Gainera, esan du boluntario eta unibertsitate ikasle asko ibili direla lanean, zeintzuek kalitate handiko formazioa edukitzeko aukera baitute.
Eranskinak:
1970