Protokoloa Donostian garraio elektrikoa garatzeko oinarriak finkatzeko
Protokoloa Donostian garraio elektrikoa garatzeko oinarriak finkatzeko
Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak erakundeek protokolo bat sinatu dute
Donostiako, Gipuzkoako eta EAEko erakunde nagusiek elkarrekin eta modu koordinatuan sustatuko dituzte mugikortasun elektrikoa garatzeko eta ezartzeko jarduketak. Konpromiso horren erakusgarri, lankidetza protokolo bat sinatu dute gaur Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, eta horren bitartez, jarduketa integral baten oinarriak finkatu dituzte ingurumenaren iraunkortasunean eta berrikuntza teknologikoan oinarritutako garraio sistema eta trafiko kudeaketa sustatzeko.
Lankidetza hitzarmen honen bitartez, erakundeen arteko lankidetza esparru bat ezarri dute, eta horren barruan hitzarmen eta ekintza zehatzak gauzatuko dituzte, administrazioen arteko lankidetza sustatzeko eta Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta EAEko Administrazio Orokorraren artean mugikortasun elektrikoaren arloan harremanak izateko bide formalak definitzeko.
Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantza Tapiak, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok eta Donostiako alkate Eneko Goiak gaur sinatu dute Gipuzkoako hainbat lekutan mugikortasun elektrikoa garatzeko abiapuntu izango den dokumentua.
Protokoloak hainbat jarduketa eremu jasotzen ditu:
1. Ingurumena eta akustika babesteko eremu bat ezartzea
Horretarako, honako sistema hauek garatuko dira: matrikulak ezagutzeko sistema adimendunak; radar teknologian oinarrituta trafikoko datuak atzemateko sistemak; bideoak aztertuz trafikoko datuak atzemateko sistemak; airearen kalitatea detektatzeko ekipamenduak eta Smart Mobility Plataformaren ekoizpena.
2. Trafikoa kudeatzeko jarduketak
Koordinazio protokoloen eta ekintzen kudeatzaile bat sortzea bultzatuko da, eta bizikleten mugikortasuna sustatuko da, balizaje finkoko eta mugikorreko ekipamenduen bitartez.
3. Aparkalekuak kudeatzeko jarduketak
Tarifikazioa egokitzeko adierazle berriak eta ibilgailuen okupazioa detektatzeko sistemak instalatuko dira.
4. Mugikortasun integratua
Tresna integratu bat garatuko da Mugikortasun Adimendunaren plataformarako (kontrol zentroko ekipamenduak), ‘Replicate’ Europako Proiektuaren garapenak osatuko dira, eta telefono mugikorretarako aplikazioak garatuko dira.
5. Autobus Elektriko Adimendunaren sistema.
Hiru erakundeek konpromisoa hartu dute, autobus erabat elektrikoen Autobus Elektriko Adimendun sistemaren bitartez, dBus-en 28 linea osoa elektrifikatzeko proiektua elkarrekin sustatzeko; izan ere, linea hori da Euskadin gehien erabiltzen dena: 4 milioitik gora erabiltzaile ditu urtean. Horretarako, 18 metroko 11 autobus erabat elektriko jarriko dira martxan, eta geltokietan eta garajeetan karga elektrikorako azpiegitura jarriko da. Halaber, hirigintzako jarduketak egingo dira Autobus Elektriko Adimenduna honako hauetan txertatzeko: bidegurutzeak eta geltokiak, geltokietan tituluak saltzeko edo ezeztatzeko sistemak, seinaleztatze eta komunikazio adimenduneko sistemak, lehentasunezko bidea eta semaforoen lehentasuna.
Garraio sistema integral eta jasangarria
Donostiako Udalak mugikortasun adimendunarekin lotutako hainbat jarduketa egin nahi ditu; besteak beste: ingurumena babesteko eremu bat sortu; trafikoa eta aparkamendua kudeatzeko sistema adimendunak ezarri, eta horren bidez kudeatzaileak zein herritarrak trafikoa monitorizatzeko sarbidea eskaini (mugikortasun integratua); eta garraioa elektrifikatu 28 lineari aplikatutako plataforma erreserbatuan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jarduera sektore berri bat sustatu nahi du: mugikortasun elektrikoaren eta energia biltegiratzearen industria. Eta apustu estrategiko horren barruan, uste du bereziki interesgarria dela froga gisako proiektu pilotuak gauzatzeko behar diren azpiegiturak garatzen laguntzea.
Eusko jaurlaritzak garapen teknologikoko eta berrikuntzako elementuak integratuta dituen garraio sistema jasangarri baten eredua sustatzeko interesa du. Proiektu konkretu hau, 3E2030 Euskadiko Estrategia Energetikorakoaren baitan jasotzen da, baita PDTS2030 Garraio Jasangarriaren Planaren baitan, garraioaren elektrifikazioa bultzatzeko herri apustua da.
Donostiako alkate Eneko Goiaren ustez, erakundeen arteko hitzarmen hau “lehen pausoa da denok aurrera begira dugun helburua lortzeko bidean: garraio sistema publiko eraginkor eta energetikoki garbi bat artikulatzea”.
Haren iritziz, mugikortasun adimenduna da “hirian egiteko dagoen iraultza nagusia”; izan ere, sistema integratu eta aurreratu batek “aldaketa sakonak ekarriko lituzke datozen urteetan, ez soilik pertsonek hirira etortzeko eta hirian mugitzeko duten moduetan, baita hiriaren morfologian eta egituran ere”. Hala, Goiak adierazi duenez, sustatzen ari diren garraio sistema berriek “hiria hobetuko dute, gune berriak sortuko dituzte, eta gaur egun hipotekatuta dauden hiriguneak berreskuratzeko aukera emango dute, herritarrek gozatzeko oinezkoentzako eremu gehiago jarrita”.
Arantxa Tapiak zorionak eman ditu “Donostian mugikortasun elektrikoranzko trantsizioan emandako pauso irmoagatik”. Esan duenez, “esperientzia arrakastatsua da, eta pixkanaka Euskadi osoan zabaltzeko asmoa dugu”. Sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren helburua dela “ibilgailu elektrikoa Euskadin sar dadin sustatzea, garraioan eraginkortasun energetikoa hobetzeko baliabide gisa eta euskal industriaren sarean aukera berriak sustatzeko elementu gisa”.
Tapiaren hitzetan, “lehentasunezkoa da garraio publikoaren sare integratu eta moderno bat izatea, gai dena zerbitzu lehiakor eta erakargarri bat eskaintzeko eta, hala, ibilgailu pribatua alde batera uzteko, energetikoki jasangarria den eredu baten alde eginez”. Nabarmendu duenez, “Euskal Autonomia Erkidegoan daude mugikortasun, logistika eta garraio sistema adimendunaren sektoreko enpresa adierazgarrienetako batzuk. Industria nahiko berritzailea da, eta BPGaren % 30 hartzen du”.
Bestalde, Markel Olano diputatu nagusiak azpimarratu duenez, mugikortasun elektrikoa eta energia metatzearen alorreko industria bultzatzeko apustu estrategikoa garatzen ari da Gipuzkoa. Ildo horretan, lurralde estrategia hori gauzatzeko garaian “berebiziko garrantzia” du proiektu pilotoak martxan jartzeko azpiegiturak edukitzea. Olanok adierazi duenez, “beharrezkoa da karga-azpiegitura eta eremu urbano aproposak edukitzea, Donostiakoa bezalako punta-puntako egitasmoak” garatu ahal izateko. Hala proposatzen du Gipuzkoan mugikortasun elektrikoari lotutako industria garatzeko estrategiak, zeinak aurreikusten dituen “aitzindari” izango diren egitasmoak martxan jartzea, “gure industriaren eta gizartearen eraldatzea bultzatu dezaten mugikortasun jasangarriago baterantz”.
1969