Q-epea Praktika Onen VI. Sariko finalean egon da Foru Aldundia, agenda publikoagatik
Q-epea Praktika Onen VI. Sariko finalean egon da Foru Aldundia, agenda publikoagatik
Gaur Kursaalen amaitu den Kongresuan aukeratutako bost proiektuetako bat da
Q-epea Praktika Onen VI. Sariaren finalean sartu da Foru Aldundia, bere diputatuen agenda publiko egiteko proiektuagatik –joan den urtarrilean jarri zen martxan-. Foru erakundearekin batera, finalerako sailkatu dira Osakidetza, Benidorm eta Ermuako udalak, eta Bartzelonako Aldundia. Azken bi egunotan Kursaalen egin den Administrazio Publikoen Kudeaketa Aurreratuko Biltzarraren amaiera ekitaldian egin da sari banaketa. Iñigo Urkullu Lehendakariak eman dio errekonozimendua irabazleari, Osakidetza–ri.
Imanol Lasak bere esker ona agertu du azken faserako izendapenagatik, azpimarratuz Q-epea Kongresua “erreferentzia” dela kudeaketa publikoaren bikaintasunean estatu mailan, eta aukeraketa arlo honetako adituek eta erakundeetan eskarmentua duten pertsonek egiten dutela, “bokazio komuna dutenak: herritarrei eskaintzea kalitatezko zerbitzu publiko moderno eta eraginkor bat, beraien bizimodua, eta administrazioekin eta erakunde publikoekin duten harremana errazteko”. Aldundiaren Modernizazio Zuzendaritzaren lana ere goraipatu du, “haiena izan baita agenda publikoa gauzatzeko euskarri teknikoa eta aholkularitza eskaintzeko ardura”.
Diputatuaren iritziz, Q-epea sariko finalean egon izana “bultzada nabarmena” da Aldundia ezartzen ari den gobernantza oneko politikarentzat eta, bereziki, “gardentasunaren alde egiten ari garen apustuarentzat”. www.gipuzkoa.eus webgunearen bitartez, diputatuen agendaren berri izan dezakete herritarrek denbora errealean: ekitaldi ofizialak, aurkezpenak, laneko bidaiak, norekin batzartzen diren eta zertarako… egunerokoan egiten dutena, hain zuzen. “Transparency International-ek finkatutako gardentasun adierazle nagusietako bat da agenda publikoa”, nabarmendu du Lasak. Agenda gauzatzeko, foru arduradunek formatu desberdinak aztertu zituzten –Obama, Erresuma Batuko gobernua, Txileko ministroena…-, eta azkenik egutegiarena aukeratu zuten, argiena eta bisualena delako. Liferay plataforma teknikoa erabili da, hau da, software irekia.
Atal berean, diputatu guztiekin harremanetan jartzeko bitartekoak zehazten dira –telefonoa eta helbide elektronikoa-, sare sozialetan dituzten profilekin, haien kurrikulumekin, eta zuzendarienekin batera. Departamentu bakoitzeko informazioa ere ematen da: aurrekontua, aurrekontuaren betetze maila, eta proiektu eta lan ildo azpimarragarrienak. Eta baita goi karguen bidaia gastuen edo ondarearen informazioa ere: “Zer egiten dugun, nola egiten duen, zeinek egiten duen, eta zergatik. Hori azaltzea da helburua”, esplikatu du.
Lasaren arabera, modu honetan, herritarrek aukera dute “gure lana hobeto ezagutzeko, baloratzeko, eta ikuspegi osoagoa eta benetakoagoa edukitzea lantzen ditugun gaien, edota gure ehun sozial eta ekonomikoarekin interaktuatzeko dugun moduaren inguruan. Agenda publikoa aurrerapauso kualitatiboa da, hobetu eta findu beharrekoa, baina edozein kasutan beste erakunde publikoetara, alderdi politikoetara edo sindikatuetara esportagarria dena, Gipuzkoa eta Euskadi gardenak eraikitzeko bidean, aurrera egiten jarraitzeko”.
Azkenik, aitortu du oraindik asko gelditzen dela egiteko. “Laneko metodologia finkatzen goazen heinean, erronka berriak izango ditugu agenda publikoa osatzeko: bileran zer gai jorratzen diren, pertsona/pertsonen kargu zehatzak, izen-abizenak eta ordezkatzen dituzten erakundeen detailea, bileretan erabiltzen diren laneko dokumentuak, edo ateratzen diren ondorioak”.
2120