Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Reale Arenako txertaketa 400 dosi inokulatuz hasi da

Reale Arenako txertaketa 400 dosi inokulatuz hasi da

Aldundiak eta Realak txertaketa-gune berri bat prestatu dute Reale Arenan, hainbat gizarte kolektiboetako erabiltzaileei eta langileei zuzenduta.

Realaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetzaren ondorioz, gaurtik aurrera, martxoak 30, egongo da martxan Reale Arena estadioko instalazioetako txertaketa-gune berria. Realeko bi erizainek, Aldundiko langileen laguntzarekin, Astrazenekako txertoak ipiniko dizkiete hainbat gizarte-taldetako erabiltzaileei eta langileei. Txertaketa Gipuzkoa osoko zentro okupazionaletako 400 erabiltzaile eta langileri dosiak inokulatuz hasi da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zehazten ditu txertatu beharreko kolektiboak, eta zentro okupazionalen ondoren, honako hauek jasoko dute Astrazenecaren txertoa: gizarteratze baliabideetako erabiltzaile eta langileek (egoitzak, etxebizitzak eta eguneko zentroak), adingabeei arreta emateko egoitza-baliabideetan lan egiten duten langileek eta laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa jasotzen duten mendeko pertsonei arreta ematen dieten langileek. Kolektibo horiei arreta goiztiarreko profesionalak gehitu zaizkie, baita beren etxeetan bizi diren eta desgaitasuna eta II. mailako mendekotasuna duten pertsonak (65 urtetik beherakoak) eta haien zaintzaileak ere. Guztira, 9.500 pertsona inguruk hartuko dute txertoa Reale Arenan, denak 65 urtetik beherakoak.

Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin elkarlanean ari da txertaketa-kanpainan, eta DYAko, Aita Menniko, Realeko eta Gurutze Gorriko taldeen laguntza du. Horiek guztiek prestakuntza jaso dute Osakidetzako profesionalen eskutik, eta txertaketa-kanpaina ikuskatzeaz ere arduratzen dira.

Orain arte, Gipuzkoako Foru Aldundiak txertoaren lehen dosia jarri die 3.392 erabiltzaile eta langileri, adinekoen eguneko zentroetakoak, eta desgaitasuna eta osasun mentaleko baliabideetakoak. Joan den ostegunetik, martxoak 18, kolektibo horiek Pfizer/Biontech botikaren bigarren dosia jasotzen ari dira.

  

4027