Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Redondo Brand, YolanCris, Amaia Kids, Sophie et Voilà, Ramón Sanjurjo eta SKFK izango dira Donostiako Moda Jaialdiaren 22/23 udazken-neguko edizioko protagonistak

Redondo Brand, YolanCris, Amaia Kids, Sophie et Voilà, Ramón Sanjurjo eta SKFK izango dira Donostiako Moda Jaialdiaren 22/23 udazken-neguko edizioko protagonistak

Nazioarteko firmez gain, Euskadiko berrogeita hamarren bat marka eta diseinatzailek aurkeztuko dituzte beren proposamenak Balenciaga eta San Telmo museoetako pasareletan.

SSMF 2022

Urriaren 19, 20, 21 eta 22an, Donostiako Moda Jaialdiak programa zabala eskainiko du bost espazio desberdinetan, berrogeita hamarren bat marka eta hogei hizlariren parte-hartzearekin.

Jaialdiaren erakargarri nagusietako bat desfileak izango dira berriz ere. Urriaren 20an, 20:00etatik aurrera, Cristóbal Balenciaga Museoak ateak irekiko ditu azken urteetan estatu mailan gailendu den Redondo Brand markaren eta Kutxa Kultur Modaren 'fashion show'ak hartzeko. Laura Chamorro Donostiako Moda Jaialdiko zuzendariak adierazi duenez, «Redondo Brand-ek ‹Sophia› kolekzioa aurkeztuko du, jantzi ikusgarriekin, goi-joskintzakoak izan zitezkeen bolumen, testura eta ehunekin. Horrez gain, ‹celebrity›en eta alfonbra gorrietako ohiko diseinatzaile denak bere kolekzioak osatuko ditu bere sorkuntzarik ikonikoenekin eta Balenciagako ekitaldirako berariaz diseinatutako piezekin». Chamorrok gaineratu duenez, «desfilea modako ikasgaia izango da. Eta antolakuntzatik espero dugu maila ematea, firma honek espektatiba handia piztu baitu».

Bestalde, Jaialdiko arduradunak azpimarratu du garrantzitsua dela Kutxa Kultur Modak, lurraldeko ‹made in Gipuzkoa› modaren plataformak, ostegun gauean izango duen parte-hartzea. «Balenciaga museoko pasarelak hartuko ditu ‹fashion film› bat eta genero-identitateari erreferentzia argiak egingo dizkieten tokiko hogeiren bat diseinatzaileren desfile bat. Gainera, Okasana Lobas Zaysts, Ural, Urdai edo Álvaro Azkue talentu berriek, besteak beste, bildumarik apurtzaileenak aurkeztuko dituzte, guztiak ere berriak». Onintza Urbietak, Kutxa Kulturaleko zuzendariordeak, gaineratu duenez, «Kutxa Kultur Modaren ezaugarri nagusia da sortzen ari den tokiko talentua babestea eta Gipuzkoako moda-komunitate bat sendotzea, eta ekintza guztietan iraunkortasun- eta gizarte-irizpideak aplikatzen laguntzea. Oraingoan, diseinatzaile bakoitzaren hizkeratik abiatuta, genero-identitatearen mugei buruzko gogoeta ikusiko dugu».

Kulturako Diputatu Harkaitz Millanek ere aipatu du Balenciagakoa aukera bikaina izango dela «lurraldeko sortzaileak bultzatu eta ikusarazteko, guztira 20, estatuko enpresa garrantzitsuenetako batekin batera”. Era berean, Millanek azpimarratu duenez, «Kultura Departamentutik bat egiten dugu herriko modaren sektorea ikusarazteko apustuarekin. Moda kultur adierazpen bikoitzeko modu bat da: alde batetik, sortzailearen eta bere jantziekin transmititu nahi duenaren ikuspegitik, eta, bestetik, janzten dituenaren eta komunikatzeko moduaren ikuspegitik». Halaber, Millanek azpimarratu du Balenciaga leku ezin hobea dela modaren sektorea lurraldean sustatzeko eta marka handiak erakartzeko. Horietako askoren lana hilaren 20an izango da ikusgai».

  • Euskaditik mundura

Bestalde, urriaren 22an, San Telmo Museoko Elizan sei ‹fashion show› egingo dira 11:00etatik 21:30era bitartean: Álex Vallejo Joyeros luxuzko firmaren aurkezpena eta Ramón Sanjurjok Sastrería Aldabaldetrekurentzat sortutako proposamen maskulino ikusgarriak, Jorge Redondo zuzendari kreatiboaren sorkuntzak, Amagoia Etxeberria eta Inge Zubeldia gipuzkoarren bilduma berriak edo YolanCris-ek El Atelier Nupcial-erako egindako goi-joskintzako diseinuak. «Espazio zoragarri horrek berriz ere distira egingo du nazioarteko hiru firmarekin eta Gipuzkoako beste hirurekin», Jaialdiko zuzendariak iragarri duenez.

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismo Sailak bultzatutako Euskadiko Modaren II. Sariak hartuko ditu jaialdiak berriz ere. Laugarren eta azken egunean, Amaia Kids (Enpresa ibilbidearen saria), SKFK (Jasangarritasuna saria) eta Sophie et Voilà (Nazioarteko hedapenaren saria) enpresek saria jasoko dute hiru enpresa horien lana nabarmendu eta ikusarazteko ekitaldi batean.

SSMFren aurkezpenean, Javier Hurtado sailburuak berriro azpimarratu du bere sailari euskal merkataritza eta bertako protagonistak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkiola lurraldeak egituratzeko elementu gisa. «San Sebastian Moda Festivalek tokiko merkataritza ikusarazten eta babesten laguntzen du, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatutako beste ekimen batzuek egiten duten bezala. Izan ere, urriaren 17an, Euskadi Bono Dendaren hirugarren edizioaren bigarren epea aktibatuko da, gure herriko dendetan kontsumoa bultzatzeko. Gogora dezagun bigarren epe horretan 4 milioi gehiago sartu ditugula, abenduaren 4ra arte herriko dendetan erabiltzeko. Guztira, Euskadi Bono Dendaren 3 edizioek 22,5 milioi euro jarri dituzte zirkulazioan. Gure dendak ikusaraztea, bultzatzea eta dinamizatzea izango da gure helburu nagusia».

  • Gainera, 30 mikrodesfile aire zabalean

Balentziaga Museoko eta San Telmo Museoko ekitaldiak osatuko dira aire zabaleko desfileekin. Urriaren 19an, San Sebastian Shop-ek berriz ere ‹fashion show› bat antolatuko du Donostiako hogeiren bat markarekin. Altzan aurkeztuko dituzte aurtengo udazken-negurako beren proposamenak. Donostiako Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Marisol Garmendiak adierazi duenez, «berriro ere balioa eman nahi diogu Donostiako dendari, egunez egun pertsiana altxatzen baitu eta bezeroekin konplizitatea bilatzen baitu. Jaialdi honetan dena ez da marka handia izango, gure denda txikiak ere handiak dira, arropa erosten dugun dendak. Eta oraingo honetan, Altzako kiroldegi berriaren ingurua aukeratu dugu, ohiko kideei gertuen dugun moda, hau da, auzoko eta hiriko merkataritza, zabaltzeko».

Azpimarratu behar da urriaren 21ean Gipuzkoan saltokiak dituzten beste hamar nazioarteko firma ezagun –Billabong, Calzedonia, Jott, Swarovski, Tous edo Vans, besteak beste- ikusgai izango direla, Garberaren eskutik.

  • Ekonomia zirkularra, egungo modaren industriaren ardatz nagusia

Urriaren 20an, goizez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak urteroko prestakuntza saiorik gustukoenetako bat bultzatuko du berriro ere. Hogeiren bat hizlarik –horietako asko, nazioarteko erreferenteak– gogoeta egingo dute gai honi buruz: «Nola eragin dezake modak ongizate globalean?».

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok adierazi du moda jasangarriko jardunaldi hau estatu mailan erreferente bihurtu dela, eta Gipuzkoako diseinatzaileak kokatzen dituela modaren industriaren sektore berri baten abangoardian: «Moda Jasangarriaren Jardunaldia erreferentzia bihurtu da ehungintza sektorearen eraldaketaren aldeko apustuan. Moda eraldatzea, hala kontsumoari, nola produkzioari edo diseinuari dagokienez, irizpide jasangarriagoetara eta zirkularretara bideratzeko, orain ezinbestekoa da gure herritarrentzat enplegua eta ongizatea sortuko dituen tokiko industriaren garapena laguntzeko». Diputatuak gaineratu duenez, «tokiko moda jasangarriaren aldeko apustua eredu ekonomiko berri baten aldeko apustua da, hain zuzen ere lankidetza, sorkuntza, jasangarritasuna eta giza eskubideen errespetua ardatz dituen ereduaren aldekoa».

Gainera, diputatuak azpimarratu du aurten bereziki sutatuko dela aipatutako markei ikusgarritasuna matea Garberan jarritako salmenta espazio baten bidez, urriaren 19tik azaroaren 12ra. «Tokiko eta hemengo marken ikusgarritasuna bultzatzea, ikusgarritasuna, espazio fisikoa eta jende asko ibiltzen den aisialdiko ingurunea eskainita, Garberan».

Azkenik, ekitaldirako programatutako jardueretara joan ezin dutenentzat, Donostiako Moda Jaialdiaren programazio guztia zuzenean emango da https://www.gipuzkoademoda.com/udazken-negua.php estekan.

  

3508