Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Sahatsa Jauregik bere ‘Aizkora’ obraren muntaketa prozesua zuzenean erakutsi du Gordailuan

Sahatsa Jauregik bere ‘Aizkora’ obraren muntaketa prozesua zuzenean erakutsi du Gordailuan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, Gordailuarekin batera, Sahatsa Jauregiren eta Joxe Ramón Jauregiren ‘Aizkora’ azken lana nola muntatzen den aurkeztu dute gaur, osteguna, maiatzak 9. Goizane Álvarez Kultura diputatuak, Sahatsa Jauregi artistak eta Irene Cárdaba Gordailua Kontserbatzeko eta Zaharberritzeko teknikariak prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Gordailuan.

2024/05/09
Goizane Álvarez Kultura Cultura

Goizane Alvarez Kultura diputatua, Sahatsa Jauregi artista, Nekane Goenaga Gordailuko zuzendaria eta Irene Cardaba Gordailuko kontserbazio eta zaharberritze teknikaria


Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, Gordailuarekin batera, Sahatsa Jauregiren eta Joxe Ramón Jauregiren Aizkora azken lana nola muntatzen den aurkeztu dute gaur, osteguna, maiatzak 9. Goizane Álvarez Kultura diputatuak, Sahatsa Jauregi artistak eta Irene Cardaba Gordailua Kontserbatzeko eta Zaharberritzeko teknikariak prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Gordailuan.

‘Aizkora’ erakutsi nahi den bakoitzean eraikitzen den pieza da, eta dagoeneko baztertuta zeuden aizkora molde zaharretan oinarritzen da. Molde horiek hondarrez betetzen dira, kendu egiten dira eta beren aztarna markatuta gelditzen da. Ikusleak aizkorak utzi duen zuloaren bidez identifika ditzake aizkora ahoak, eta horrek pieza arkeologikoaren itxura ematen dio obrari.

"Lan hau Gipuzkoako artisautza tradizioaren omenez eta islatzen duen kultura ondare bakana babesteko ekintza gisa eskuratu genuen. Arte garaikideak eta aizkorak fabrikatzeko antzinako teknikak bat egiten dute bertan" azaldu du Goizane Álvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroleko diputatuak; izan ere, obra egiteko elkarlanean aritu dira, batetik, Sahatsa Jauregi artista eta, bestetik, haren osaba Joxe Ramon Jauregi, Europan aizkorak modu tradizionalean egiten jarraitzen duen azken artisaua. 

Álvarezek nabarmendu duenez, "Sahatsa Jauregik eta halako artistek familiaren ezagutza gordetzen eta aizkorak tresna sinboliko gisa sormenetik berrinterpretatzen egiten duten lana aintzatesi eta babesten dugu"; izan ere, lan hori egiteko, Joxe Ramón Jauregik altzairuarekin lan egiteko oinarrizko teknikak -forja, sutegia eta tenplaketa- erakutsi zizkion bere iloba Sahatsa Jauregiri. Joxe Ramón Jauregi errementari familia bateko hirugarren belaunaldiko urnietarra hemeretzi urte zituenetik ari da aizkorak egiten.

Proiektu horren bidez, Sahatsa Jauregik "familiaren ezagutzaren jarraitutasuna bermatu nahi du, denborak betiko ezabatu baino lehen". Artistak ezagutza instrumentala eta erabilgarria bere hizkuntza -eskultura- bihurtu du, eta tresnari lotutako kultur ezagutzari jarraipena eman ahal izan dio artearen kodetik abiatuta.

Sahatsa Jauregik 2023ko ARCO saria irabazi zuen eta bere ibilbideak arte garaikidean egindako esplorazio sakon bat du ezaugarri nagusi, Arte Ederretako hasierako ikasketetan eta ondorengo doktoregoan errotua, non porrotaren erakarpenaren inguruko nozio konplexuak ikertu zituen. Harrezkero, banakako eta taldeko hainbat erakusketatan protagonista izan da bere lana, eta nabarmentzekoa da Eduardo Chillidaren eta Nestor Basterretxearen mendeurrena ospatzeko Tabakaleran 2024an egindako erakusketan parte hartu izana. Gainera, erakusketen diseinatzaile gisa egindako lanak eta bere ibilbidean zehar lortutako aintzatespenek egungo arte panoraman duen eragina eta egindako ekarpena azpimarratzen dituzte.

 

 

 

 

 

  

3639