Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Donostiak Klima Aldaketari buruzko aire zabaleko argazki erakusketa hartuko du apirilaren 10era arte

Donostiak Klima Aldaketari buruzko aire zabaleko argazki erakusketa hartuko du apirilaren 10era arte

Planetako zenbait eremutan klimaren bilakaera eta paisaien eta bizitzaren hauskortasuna erakusten dira hirurogeita hamar irudi zirraragarritan.

2023/03/23
Exposición Cambio Climático

‘Gnat Zinema’ Natura eta Ingurumenari buruzko III. Zinemaren Erakustaldiaren barruan, "Klima Aldaketa: Nola saihestu kolapso globala" erakusketak, Joaquín Araújo komisarioaren ardurapean, planetako zenbait eremutan klimaren bilakaera eta paisaien eta bizitzaren hauskortasuna erakutsiko ditu hirurogeita hamar irudi zirraragarritan.

Jose Ignacio Asensio: "Klima aldaketaren aurka borrokatzeko hamarkada erabakigarrian gaude. Hori dela eta, ingurumenaren errespetuarekiko sentsibilizazioa suspertu eta gure gizartea irizpide jasangarrietan oinarrituta berreraikitzeko kontzientziazio kolektiboa indartzeko ordua da".

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Álvaro Alzaga AXA Seguros-eko Iparraldeko lurralde zuzendariak eta Joaquín Araújo erakusketaren komisarioak "Klima aldaketa" aire zabaleko argazki erakusketa aurkeztu dute gaur goizean. Erakusketa gaurtik apirilaren 10era bitartean egongo da ikusgai, Donostiako Okendo plazan, 'Gnat Zinema' Natura eta Ingurumen Zinemaren Erakustaldiaren barruan.

Erakusketa AXA Fundazioak eta Lunwerg Editores-ek antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren laguntzarekin. Bertan, klima-aldaketaren gakoak jasotzen dira, planetako hainbat eremutan klimaren bilakaera eta paisaien eta bizitzaren hauskortasuna aztertzen dituzten argazki handi eta zirraragarrien bidez, eta, azkenik, klima aldaketaren eragina geldiarazteko hartzen ari diren zenbait neurri ere aipatzen dira.

Estatuko eta nazioarteko argazkilariek ateratako hirurogeita hamar irudi zirraragarriren bidez, planetan zehar bidaia egingo dugu, arreta berezia jarriz geuri bereziki eragiten diguten fenomeno meteorologiko nagusietan, klima aldaketak eragindako lurralde eta paisaietan, eta aldaketa horren ondorio nabarmenetan; gizakia errudun nagusia dugun larrialdi klimatikoaz eta egoera horretara eraman duten faktoreez ohartaraziz amaitzeko.

Mezuan alerta-dei bat egin eta itxaropenerako ate bat irekiten da, segituan dagoeneko abian dauden neurriak eta ekintzak azpimarratzeko: ikerketa, naturguneen babesa, karbonoaren prezioa eta berotegi efektuko gasen emisioak finkatzeko beharra, herrialde guztietan jasangarritasun irizpideak eta energia garbiko ekonomiak aplikatzeko premia, nekazaritza birsortzailea, energia berriztagarrien erabilera edo/eta garraio ez-kutsatzaile berriak.

Erakusketa hau, argazkien eta naturaren zaleentzako gozamen iturri izateaz gain, gure planeta babesteko eta klima-aldaketaren ondorio negatiboen aurka borrokatzeko gogoetarako eta konpromisorako deia ere izatea helburuetako bat da. Joaquín Araújo naturalista eta erakusketaren komisarioak gogorarazi digunez, gutako bakoitzak klima-aldaketarekin dugun erantzukizuna azpimarratu nahi izan da erakusketa honetan.

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuaren  hitzetan: "Klima aldaketaren aurka borrokatzeko hamarkada erabakigarrian gaude. Hori dela eta, ingurumenaren errespetuarekiko sentsibilizazioa suspertu eta gure gizartea irizpide jasangarrietan oinarrituta berreraikitzeko kontzientziazio kolektiboa indartzeko ordua da".

Bestalde, Joaquín Araújo erakusketaren komisarioak azpimarratu duenez: "Zibilizazio honek denbora luzeegi darama bere baitatik datorren eta bere baitan amaitzekoa den hondamenditik bere burua ezkutatu nahian. Berehala, orokorki eta anbizio handiz erreakzionatu ezik, ezer onik itxaron ezin dezakegula erakusten duten ebidentzia nahikoak daude. Oso ondo dakigu zer egin behar den, eta horixe da, hain zuzen ere, hondamendiari aurre egiteko tresnarik onena.

  

2136