'Erein boluntariotza' ekimena egingo du Sareginezek ostiralean
'Erein boluntariotza' ekimena egingo du Sareginezek ostiralean
SAREGINEZ, 22 elkartek osatzen duten Boluntariotza entitateen sarea da eta Gipuzkoa Plazan 11:00etatik aurrera ekimen berezia egingo dute.
Maite Peña foru diputatua eta elkarteetako ordezkariak.
Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak, Gizalde, Sareginez eta gainontzeko erakunde guztien lana txalotzeaz gain, adierazi du “fruituak bildu nahi baditugu, boluntariotzaren haziak ereiten jarraitu beharra" daukagula. Gipuzkoako gizarteak duen altxorrik handienetako bat dela defendatu du, eta hori “indartzen, bultzatzen eta zaintzen” jarraitu behar dugula. ldo horretan, gogorarazi du, Boluntariotzaren Nazioarteko Egunaren inguruan, Gipuzkoa plazan, ostiralean, abenduaren 2an, SAREGINEZek ospatuko duen jarduerez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak, bihar, abenduak 1, ATECE erakundeari Boluntariotzaren XXVIII. Saria emango diola. “Saritua urtero gizarte-erakundeek eurek aukeratzen dute, hiritar zein elkarteen ibilbidea eta boluntariotzaren alde egiten duten lana aitortzeko”, gaineratu du Peñak.
SAREGINEZ, Gipuzkoako lurraldean interes orokor eta sozialeko programak aurrera eramaten dituen sarea da; irabazi-asmorik gabeko boluntarioez osaturikoa. SAREGINEZen helburua boluntariotza ezagutzera ematea, elkarteen arteko lana sustatzea eta sinergiak sortzea da. Duela 10 urte baino gehiago hasi zen SAREGINEZen ibilbidea. Urte hauetan guztietan, sare hau bizirik mantendu eta sendotzea lortu dugu. Abenduaren 2ko ekimenarekin, sarearen lana ezagutzera eman nahi dugu, eta noski, gipuzkoarrak boluntariotza egitera animatu. Ez dezagun ahaztu, boluntariotzak gizartearen eraldaketa duela helburu.
Lan anitzak egiten dituzte boluntarioek: bakardadean dauden pertsonei babesa eman, ingurugiroa aintzakotzat hartu, baztertuak dauden pertsonak ikusarazi, egoera zaurgarrietan daudenei laguntza luzatu, bidegabekeria egoerei aurre egin…
Gipuzkoarren %10a inguru ibiltzen da boluntariotza lanetan. Hala ere, onuradura Gipuzkoa osoa da.
Boluntarioen lana, askotan, isilean egiten da. “Erein Boluntariotza” ekimena, lan hori bistaratu eta esker ona emateko aukera bikaina iruditzen zaio SAREGINEZi. Bide batez, gipuzkoarrak boluntario lanak egitera animatu nahi ditu. Boluntariotza, landareak bezala, erein egiten da, eta gizartearentzat onuragarriak diren fruituak ematen ditu. Hori irudikatzeko asmoz, ereite lanetan aditua den, Jakoba Errekondo, agronomo eta paisajista ezaguna izango dugu gure artean.
3137