Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Sentsibilizazioan sakonduko du Foru Aldundiak, genero indarkeriari aurre egiteko

Sentsibilizazioan sakonduko du Foru Aldundiak, genero indarkeriari aurre egiteko

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, adierazpen instituzionala onartu du Foru Aldundiak.

2017/11/21
kontseilua 20171121

Hurrengo azaroaren 25ean izango den Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, sexismoaren adierazpide guztiak gaitzesteko erakunde adierazpena onartu du gaur gobernu kontseiluak. Adierazpen hau, larunbat eguerdian Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrealdean egingo den gaitzespen elkarretaratzean irakurriko da. Elkarretaratze honetara foru erakundeko eta Batzar Nagusietako hainbat ordezkari gerturatuko dira, eta indarkeria salatu eta hau jasaten duten emakumeei elkartasuna adierazi nahi dien orori luzatzen zaio gonbidapena.

Zalantzarik gabe, egunik garrantzitsuena eta instituzionalena izango da hurrengo azaroaren 25a, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat ekintza antolatu ditu hurrengo egunetarako. Imanol Lasa foru bozeramaileak ezagutzera eman duen bezala, Gipuzkoan, urte hasieratik eta irailera bitarte, 954 emakumek jasan dute indarkeria matxista, iaz epe berdinean jasan zutenak baina 87 emakume gehiago. Azken ikerketek, gainera, indarkeria matxista kasuetako protagonisten adin gaztea nabarmentzen dute. Izan ere, 2016an EAEko biktimen % 34,47k eta erasotzaileen % 27k 30 urte baina gutxiago zituzten.

Zifra hauek argi erakusten dute prebentzioan eta sentsibilizazioan sakontzeko beharra, eta emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Diputazioak diseinatu zuen Aurre! Foru Planaren garrantzia. Euskadin aitzindaria den plana. Egitasmoaren baitan jasotzen diren ekintzen artean, eta azaroaren 25arekin bat eginez, erakundeak “DenokZu” sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du berriz ere. Begirada gizartearengan jartzen duen kanpaina, gizarte osoa emakumearen lekuan jartzera gonbidatzen duena.

“DenokZu” sentsibilizazio kanpaina Gipuzkoako udalekin, elkarteekin eta beste hainbat eragilerekin landu ondoren, azken hilabete hauetan lanketa berezia egin da lurraldeko 45 hezkuntza zentro ezberdinetako ia 2.000 ikaslerekin. Gipuzkoako eskola ezberdinetan egin diren saio hauetan, haurren partaidetza sustatuz, Tratu Onak eta Enpatia jorratu dira. Hezkidetzak, arlo estrategiko gisa, haur eta nerabeen heziketan eragitea du helburu, hauek etorkizuneko gizarte ereduaren giltzarri baitira.

Lasak iragarri duenez, Aldundiak helburu berdinarekin eta ETBko Goazen telesaileko gazteekin elkarlanean, abesti eta bideoklip bat ekoiztu ditu, kanpainaren izen berarekin. Hauekin, eta musika eta sare sozialen bitartez, lurraldeko gazteen kontzientzian eragin nahi da. Egitasmo honen aurkezpena hurrengo ostiralean egingo da, azaroaren 24an, Goazen-eko aktoreek Gipuzkoa plazan “DenokZu” kantua lehen aldiz abesten dutenean. Gainera, beraien beste hainbat arrakasta ere abestuko dira. Bukatzeko, abeslariek diskoak sinatu eta jarraitzaileekin argazkiak aterako dituzte. Aurkezpen ekitaldi honetara sentsibilizazio kanpainan parte hartu duten 45 hezkuntza zentroak daude gonbidatuta.

Programatutako ekintzak hurrengo astean bukatu dira, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean, Aldundiak erakunde publikoentzat prestatu duen Erantzun Protokoloaren aurkezpenarekin batera. Protokolo estandarizatua da eta indarkeria matxista egoeren aurrean erantzun tinko eta bateratua eskaintzea du helburu. Erakunde guztien eta gizartearen arteko erreminta elkarbanatu gisa sortu da, hortaz erantzukizuna erakunde eta gizartearen gain jartzen du.

Jaizubia-Amute bidegorria onartu da

Halaber, Gobernu Kontseiluak Jaizubia-Amute bidegorri-proiektua, Ederbidea europar programaren barruan integratua, onartu du. Bidegorria 1.385 metro luze izango da eta Hondarribiko Amute auzoa Bidasoko Ospitaleko sarbide-biribilgunearekin lotuko du. Paraleloan joango da GI-636 eta GI-638 errepideen ezkerraldetik. Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko foru-diputatu Marisol Garmendiak adierazi duenez, “bidegorriaren tramitazioa aurreikusten genuena baino konplexuagoa eta luzeagoa izan da. Kosten nahitaezko txosten bat behar genuen, baina atzeratu egin da eta iritsi da azkenean. Orain, alegazioen fasea amaituta eta txosten guztiak alde ditugula, azkenean bidegorriaren eraikuntza onartu dugu obrak lizitaziora ateratzeko”.

Bidegorri berriak 1.438.981,92 euroko aurrekontua du. 4 metro zabal izango denez, bi errepideen aldeak zabaldu beharko dira eta inguruan dauden erreka txikiak gainditu. Eraikuntza-lanak 2018ko lehen lauhilekoan hasiko dira eta 6 hileko gauzatze-epea izango dute. Bidegorria mugaz haraindiko Ederbidea proiektuaren barruan dago. Guztira 9,4 milioi euroko aurrekontua du eta finantzaketaren % 65 Europako EGEF funtsen bidez.

Ederbidea programaren barnean daude Gipuzkoako Aldundia, Nafarroako Gobernua eta Pirinio Atlantikoen Departamentua, baita udalak eta zenbait erakunde ere. Datorren azaroaren 30ean Gipuzkoako Merkataritza Ganberan mugikortasun iraunkorrari buruz egingo den mugaz haraindiko jardunaldi baten argumentua izango da programa.

“Ederbidearen helburua da bizikletaren erabilera erraztea eta indartzea aisialdiaren edo turismoaren aldetik zein eguneroko joan-etorrietan”, adierazi du Marisol Garmendiak. “Helburu horren gauzatze nagusia Baiona-Donostia-Iruñea bizikleta-bideen bidez lotzea da, 240 kilometroko ibilbide batekin, eta horietako gehienak eraikita daude. Proiektu garrantzitsua da, beste bi lurralderekin partekatzen duguna: Nafarroarekin eta Akitaniarekin, eta elkarlan handi eta aberasgarria da bizikletaren erabileraren eta mugaz hndiko mugikortasun iraunkorraren alde”.

Mugaz Haraindiko I. Jardunaldia Gipuzkoako Mugikortasuneko diputatu Marisol Garmendiak irekiko du, eta bertan hartuko dute parte Ederbidea proiektuko arduradunek, mugikortasuneko adituek, Alsaziako mugaz haraindiko ibilbideen ordezkari batek, arkitektoek eta beste hizlari batzuek, bizikleta-bideak udalerrien ordenantzetan integratzeaz hitz egiteko. Ehunen bat pertsonak eman dute izena jardunaldi horretara joateko. Izen-ematea doakoa da eta parte-hartzea irekia interesdun guztientzat.

Zibersegurtasun industrialeko formakuntza

Era berean, Kontseiluak onartu du Mondragón Goi Eskola Politeknikoa eta I.E.S. Xabier Zubiri-Manteo B.H.I. ekonomikoki babestea 105.000 eta 60.000 eurorekin, hurrenez hurren, prestakuntza ikastaro eskaintza aitzindaria garatzeko Gipuzkoan, zibersegurtasuneko alorrean etorkizuneko profesional kalifikatuak eta espezializatuak prestatzeko eta trebatzeko aukera ematen ari dena. Zehazki, LH ziklo bat eta zibersegurtasun alorreko master bat dira,  Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordetzak eta Mondragon Unibertsitateak, hurrenez hurren, abian jarri dituztenak, biek Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin.

Norabide praktikoa nabarmentzea komeni da. Izan ere, LH zikloak prestakuntza dualean kokatzen da, eta Mondragon Unibertsitateko masterrean ikasleek praktikak egingo dituzte ekimen akademiko honekin elkarlanean dabilen enpresetako batean. Lurraldeko zibersegurtasun enpresek lagundu dute, hain zuzen, prestakuntza eskaintza berri hau egituratzen. “Gipuzkoan zibersegurtasunean erreferente diren enpresak daude, aspalditik dabiltzanak alor horretan lanean eta berrikuntzak egiten. Enpresa horien ekarpenak eta ezagutzak balio itzela ematen diote prestakuntza honi”, azaldu du.

Joan den iralean Donostiako Zubiri Manteo ikastetxean abian jarri zen zikloaren eskutik, zibersegurtasun industrialaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko aukera edukitzen ari dira LHko ikasleak, hala nola, normatiba, arkitekturak, dispositiboak, komunikazioa, eta bestelako oinarrizko gaiak. Prestakuntzak 650 ordu irauten du, eta prestakuntza dualari esker, ikasleek aukera izango dute ikasketak eta enpresa batean lana aldi berean egiteko, benetako testuinguru batean, hain zuzen.

Aldiz, Mondragon Unibertsitatea eskaintzen ari den Zibersegurtasun masterrak 500 eskola-ordu izango ditu, eta, horrez gain, ikasleek beste 500 orduko amaierako proiektu bat egin beharko dute. Helburua ikasleei beharrezko ezagutzak eta gaitasun praktikoak eskaintzea da, enpresetan zibersegurtasun elementuak sartzen ikas dezaten. Prestakuntza hori era modularrean eskaintzen da, hau da, online tresnak edukiko ditu eta, hala, masterra bere osotasunean jarraitu ezingo duten enpresetako profesionalek modulu guztietan parte hartu ahal izango dute. Aldundiak ezarritako aurreikuspenak bete dira, dagoeneko 16 lagun baitaude master hau egiten.

Lasak nabarmendutakoaren arabera, eskaintza horrek ahalbidetuko du azken hilabeteetan ugaritzen ari diren zibererasoen arriskuak direla-eta, enpresa industrialen kezkei erantzuna ematea, eta zibersegurtasunaren ikuspuntutik digitalizazioak sortzen dituen arriskuei eta aukerei aurre egin ahal izateko profil profesionalak bermatzea, “enpresek premia hori helarazi baitugute modu argian. Duela gutxi aurkeztu dugun Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentro Aurreratuak aurrerapauso nabarmena ekarriko du, baina horrekin batera ezinbestekotzat jotzen dugu prestakuntzaren alorra ere bultzatzea”.

Unitate psikogeriatrikoa Egogainen (Eibar)

Bilkura berean, Kontseiluak adostu du onartzea Eibarko Legarre kaleko 8. zenbakian dagoen Egogain egoitza zentroko zortzigarren solairuan unitate psikogeriatrikoa egokitzeko obren exekuzio proiektua. Aurrekontu osoa 934.511,52 eurokoa izango da. Zentro horretan gizarte baliabideak gehitzeko beharra antzeman du Foru Aldundiak. Aipaturiko eraikineko zortzigarren solairuko mendebaldean gune libre bat dauka eta, eskualdeko plazen eskariaren aurrean, unitate psikogeriatrikorako 17 plaza berri sortzea ahalbidetuko du inbertsioak, lanak burutzeko epea 8 hilabetekoa izanik. Aldundiaren helburua da legealdi honetan zehar 300 plaza berri eskaintzea, eta orain arte 215 sortu dira. Horiei esker, Gipuzkoako biztanlegoaren zahartzeak dakartzan errenkoei aurre egiten jarraitu ahal izango du.

  

1440