Simon Arrigain da Aldundiaren 2023ko egutegiaren argazki lehiaketaren irabazlea
Simon Arrigain da Aldundiaren 2023ko egutegiaren argazki lehiaketaren irabazlea
Lehiaketaren seigarren edizioko gaia "Gipuzkoa koloretan" izan da eta 820 argazki aurkeztu dira guztira
Simon Arrigainen irudiak, Hondarribi koloretsu bat protagonista duela, irabazi du argazki lehiaketaren seigarren edizioa eta, horrenbestez, 2023ko foru egutegiaren azala izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiak Argazkilaritza Elkartearekin elkarlanean antolatzen du lehiaketa hau, eta lan sarituekin hurrengo urteko foru egutegia osatzen da. Aurtengo gaia “Gipuzkoa koloretan” izan da.
Etorkizuna Eraikiz Gunean egindako ekitaldian ezagutarazi dute epaia. Bertan izan dira, irabazleaz gain, Eider Mendoza Gobernantzako diputatua, Gipuzkoako Argazkilaritza Elkarteko ordezkariak eta parte hartu duten irabazleak. Simon Arrigainen argazkiarekin batera, Jose Alberto Martin, Jose Angel Amuchastegi, Alaitz Ruiz, Ainhoa Martiarena, Daniel Novas, Iker Aizkorbe, Francisco Javier Preciado, Nestor Martinez, Jose Ramon Txintxurreta, Imanol Zubiaurre, Andres Cerviño eta Miguel Caveroren argazkiek osatuko dute 2023ko egutegia. Aurreko edizioetan bezala, 4.000 euro banatu dira guztira irabazleen artean. 1.000 euroko saria jasoko du Simon Arrigainek eta bere argazkia azalean azalduko da. Beste hamabi lan aukeratu dira, hilabete bakoitzeko bat, eta horien egileek ere 250 euroko saria jasoko dute.
Aurtengo lehiaketarako aukeratutako gaia “Gipuzkoa koloretan” izan da eta, saritu diren lanen bitartez, Gipuzkoa kolore ezberdin eta anitzeko lurraldea dela irudikatu nahi izan da. Ekimenak piztu duen interesa eta herritarren artean duen harrera ona azpimarratu du Mendozak. “Aurten ere, egitasmoaren balorazio oso positiboa egiten dugu, emaitzak oso onak izan dira arlo kuantitatiboan zein kualitatiboan, eta kalitate handiko lanak jaso ditugu, Gipuzkoan argazkilaritzarako zaletasuna dagoen isla”. Hain zuzen ere, 820 argazki jaso dira aurten guztira, eta Mendozak sei urte hauetan gipuzkoarrek emandako erantzuna eskertu du.
Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilaritza Elkarteko ordezkariek osatutako epaimahaiak aukeratu ditu egutegiko 13 argazkiak eta 7 finalistak. Baloratu dituzten arloen artean daude irudien kalitate tekniko zein artistikoa eta aurtengo gaiarekin duten lotura. 18 urtetik gorako argazkilari zaletuek zein profesionalek parte ahal izan dute ekimenean, eta gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izan dira pertsona bakoitzeko.
4877