Soraluzeko Eguneko Zentro berriaren kudeaketaren esleipena abiarazi du Aldundiak
Soraluzeko Eguneko Zentro berriaren kudeaketaren esleipena abiarazi du Aldundiak
20 plaza berri eskainiko ditu adinekoentzat, Imanol Lasa foru bozeramaileak azimarratu duenez
Bergara eta Soraluzeko adineko mendeko pertsonentzako eguneko zentroetako zerbitzua esleitzeko lehiaketa onartu du Diputatuen Kontseiluak. Aurrekontua 1.569.834,12 eurokoa izango da, eta kontratuak 36 hilabeteko iraupena izango du hasieran; gehienez ere 72 hilabete arte luzatu ahal izango da. Bergarako eguneko zentroa abian da dagoeneko, eta 25 plaza eskaintzen ditu. Soraluzekoa, aldiz, berria da, eta 20 plaza eskainiko ditu. Obra amaituta dago eta urrirako martxan egotea espero da. Zerbitzu hau kanpoko enpresa espezializatu baten bidez kudeatuko da, zeregin tekniko ugari egin behar baitira.
Herrian zegoen beharrari erantzuna emango dio zentro berriak, Imanol Lasa foru bozeramaileak jakitera eman duenez. Soraluzen 190 pertsona daude mendekotasun graduren batekin, eta %85k jasotzen dute zerbitzu edo prestaziroren bat: “Eibarko eguneko zentrora joan behar izan zutenek herrian gelditu ahal izango dute orain. Halaber, adinekoen bizimodua hobetzeko baliabide inportantea izango da. Izan ere, leku aldapatsua da Soraluze eta haientzat ez da samurra kaleetatik zehar mugitzea. Ingurune komunitarioan parte hartzeko aukera edukiko dute orain”.
Gizarte Zerbitzuen Mapa gauzatzeko Aldundia egiten ari den ahaleginean kokatu du Lasak zentro berria. Mapa honek finkatzen ditu zer nolako behar sozialak aurreikusten diren legealdi honetarako. “2016an 165 plaza berri sortuko ditu Aldundiak, horien artean Soraluzekoak. Honetan ere, Gipuzkoa lurralde orekatua izatea nahi dugu. Gure helburua da, legealdi bukaeran, eskualde guztiek edukitzea beharrekoak diren plazak, bai adinekoentzat, bai desgaitasuna dutenentzat, eta baita osasun mentaleko arazoak dituztenentzat ere. Biztanlegoaren zahartzea dela-eta, kontziente izan behar dugu geroz eta premia handiagoak edukiko ditugula”, azaldu du.
Eguneko zentroak oso baiabide eraginkorra direla azpimarratu du. Bertan, aldi baterako edo modu iraunkorrean, arreta integrala eta banakakoa eskaintzen zaie adinekoei egunez, pertsona horien autonomia maila hobetu edo mantentzeko, euren mugapen pertsonalak konpentsatzeko, eta ohiko zaintzaileei laguntza emateko. Horretarako, prebentzioko, gaikuntzako eta asistentziako prestazioak eskaintzen dira, autonomia pertsonala lortzeko eta ingurune komunitarioan parte hartu ahal izateko beharrezkoak diren trebetasunak eta eskumenak eskuratzeko helburuarekin.
1544